Positibo faltsuen eskandalua zioen titularrak; Kolonbiaz ari zen. Hango armadak herritarrak erailtzen zituela, ustez, gerrillako kideak zirelako. Baina atzean zegoena zen militarrei gehiago ordaintzen zietela gerrillariak hiltzen bazituzten eta batzuen asmatu egiten zituztela gerrillariak. The Guardinek argitaratu du erreportaje luzea, “irakurketa luzeen” atalean. Mariana Palau kazetariak, besteak beste, aipatzen du San José de Apartadó herrian, Antioquia eskualdean, zortzi zibil erail zituztela militarrek 2005ean, gerrillariak ez zirela jakinda. Ez zen kasu bakarra izan.
Ander Izagirre kazetariak ere landu zuen gaia “Así se fabrican guerrilleros muertos” izeneko erreportajean, 2014an; prentsaren Europako saria eman zioten lan horregatik, 2015ean. Kolonbiako fiskaltzak 4.716 erailketa zenbatu zituen, ustez, indar publikoetako agenteek egindakoak.
Pasarte horiek irakurtzen gogoratu dut Alberto Salcedo Ramos kronista kolonbiarraren La eterna parranda liburua. 1997 eta 2011 bitartean argitaratutako kroniken bilduma da. Kolonbiako pertsonaia errepikaezin eta gertaera asko biltzen ditu, batez ere, hasierako kroniketan, tokian tokiko jendearekin eta, baita protagonistekin, izandako elkarrizketen bidez. Han kontatzen ditu Kolonbian garai batean esanguratsuak izan ziren gizonen istorioak: Rocky Valdez boxeolariarekin hasten da, baina txunditu ninduena Diomedes izeneko baten historia izan zen; hain justu liburuari izenburua ematen diona: “La eterna parranda de Diomedes” (3 ataletan atera zen aldizkarian).
Krudela da, eta barregarria aldi berean, nano toreatzaileena edo bizirauteko, imajinazioari eragin eta, txakurrentzako hiletak egiten dituen gizonarena.
Liburuaren hirugarren atalean ari da Salcedo Kolonbiako indarkeriaz. Aurreko ataletan bezala, modu gordinean, baina idazteko eta kontatzeko modu erakargarriari uko egin egin barik eta, ironia lagun.
Horrelakok jasotzen dira “Colombia: entre el esplender y la sombra” atalean. Hain justu hor irakurri nituen positibo faltsuen antzeko gertaerak; horregatik gogoratu naiz atzera liburuaz eta bertara jo dut berriro badagoelako kontakizun bat asko hunkitu ninduena, indarkeria pasarte izugarri bat. Hain da beldurgarria eta gordina kontatzen duena. El Salto izeneko herrixkan gertatu zen; hura ere, Antioquia eskualdean:
“Cualquier visitante desprevenido pensaría que se encuentra en un pueblo donde la gente vive su vida cotidiana de manera normal. Y hasta cierto punto es así. Sin embargo —me advierte Oswaldo Torres— tanto él como sus paisanos saben que, después de la masacre, nada ha vuelto a ser como en el pasado. Antes había más de 6000 habitantes. Ahora, menos de 900. Los que se negaron a regresar, por tristeza o por miedo, dejaron un vacío que todavía duele”.
2009ko uztailean argitaratu zuen SoHo aldizkarian “El pueblo que sobrevivió a una masacre amenizada con gaitas” izeneko kronika. Sekulakoa.
Hala ere, Kolonbian gertatutakoaren pasarte mingarri eta gordina kontatzen duen arren, Salcedok, bere kontakizunetan egin ohi duenez, harago begiratzeko baliatzen du. Eta kasu honetan ere, horixe egiten du, indarkeriak eragindako mina eta kalteaz gainera, badagoelako herrialde horretan, beste askotan bezala, mina are iraunkorragoa izatea eragiten duen errealitatea: desberdintasun sozialak, pobrezia, bizi baldintza ez duinak eta egoera horrek guztiak dakarren mina.
Gogoratuko ote gara, ordea, birus hilgarri horri erremedioa jartzeaz.