“Kontsoziazionismo” berba ez nuen ezagutzen, harik eta Jule Goikoetxeari Berrian irakurri nion arte. Kontsoziazionismo feminista aipatzen du berak: “Kontsoziazionismo feminista ere beharrezko iruditzen zaigu: postu guztietan emakume batek eta gizon batek egon beharko lukete gutxienez, eta zenbait arlotan emakumeek beto eskubidea izan beharko lukete. Gauza horiek guztiak bihartik aurrera martxan jar daitezke” (Berria, 19/09/94)
Ezagutzen ez dudan berba batekin topatzen naizenean egin ohi dudan legez, sarera jo dut (entziklopedia orojakile #Google bilatzailera, alegia), adibide gehiagoren bila. Politika arloan erabilitako kontzeptuaren hainbat adibide aurkitu ditut di-da batean, eremu geografiko-politiko desberdinetan aplikatuta, gainera. Antza, Adolfo Suarezen estrategia izan zen bere egunean, oposizioko indarrak sistema politikora batzeko; hala azaltzen zuen Dieter Nohlen akademiko alemaniarrak 1984an argitaratutako artikulu batean “Los sistemas electorales entre la ciencia y la ficción” (Revista de Estudios Políticos. Nueva Época, 42. znbk, 1984ko azaroa-abendua).
Denboran gertuago, 2017ko beste artikulu batean, Holanda monarkikoaren espiritu errepublikarra “kontsoziazionimoaren adibide gorena” dela dio, Luis Moreno Fernandez soziologo, politologo, kazetari eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusi CSISeko ikerketa-irakasleak. Haren arabera, 1982ko Wassenaar akordioan erabili zen estrategia hori, sindikatuek onartu zutenean soldatak jaistea lanpostuak sortu ahal izateko. Hala adierazten du 2017ko Holandako hauteskundeen harira, GaliciaPress egunkarian osatutako artikulun: “El espíritu republicano en la monárquica Holanda constituye el ejemplo político por excelencia del consociacionismo”.
Mexikoko La Cronica de Hoy komunikabidean Raimundo Ortega ekonomilaria ari zen kontsoziazionismoz, orain dela 10 urte: “(…) es un intento de explicar cómo la democracia sobrevive en una situación política en la cual no existen valores compartidos, a lo cual se añade que su eficacia depende de la existencia de un ‘veto mutuo’ o ‘regla de la minoría negativa’, que fuerza a los dirigentes de las distintas partes asociadas a cooperar en la solución de los problemas comunes, especialmente en las cuestiones más graves”.
Kontsoziazionismoa. Berba zaila esateko, baina balekoa aplikatzen hasteko.