Berriro hastea

Puntua, 2019ko irailaren 20an

 

Bi urte eta hiru hilabete. Segun eta, asko; edo, gutxi. Baina bada neurtzeko beste modu bat; alegia, denborari begiratu gabe egitekoa. Eta arnas pixka bat hartuta, #daitort: intentsua izan da, oso.

Aldaketarako aukera sortu eta handik urte bira gehitu nintzen abenturara. Bidea hasita zen ordurako, zidor malkartsu eta bihurgune zailez betea. Hori gutxi ez eta, erronka are zailagoari aurre egitea genuen agindu: Nafarroako hezkuntza departamentuaren kontra ari zirenekin deman jardutea. Gure armak: komunikazio gaitasuna eta lanari beldurrik eza. Oposizioak jo puntuan izan du 4 urtez Hezkuntza departamentua eta denetariko estrategiak baliatu ditu haren ardura zutenak desprestigiatzeko. Foru erkidegoan lehen mailako arazo bihurtu nahi izan dituzte baita eguneroko kudeaketan izaten diren arazo txikienak ere. Sustantziarik gabeko salaketak titular handietara ekartzea izan da euren estrategia, Cordovillako egunkaria baliatuz (gure Diario Vasco edo El Correo, esaterako); departamentuko langileen eguneroko jarduera oztopatzea, Parlamentuko baliabideen erabilera ankerra eginez (tresna oso erabilgarriak, bide batez; beharrezkoak eta erabili beharrekoak, beti ere modu eraikitzailean eta propositiboan bada); ekinbideak judizializatzea, edozein dela ere salaketaren funtsa (Skolae, lan eskaintza publikoak, eskolatze aginduak, euskara ikasteko eskubidea…). Denak balio izan du Nafarroan azkeneko 4 urteotan. Intentsua, oso intentsua.

Eta, orain, martxa horri buelta ematea tokatzen da. Atzera astea. Zea Maysek abesten duen bera: “astero, ostera, hastera”. Horixe da tokatzen dena. Eta, hori ere, gogor samarra egiten dela aitortu beharra daukat. Berriz hastea, neurria hartzea, egokitzea, parte izatea…

Baina, oraingoan ere, aldaketa guztietan bezala, gogotsu eta ilusioz. Ikasitakoari etekina ateratzeko prest. Merezi izan baitu abenturak, baita nafarra ez den batentzat ere.

Kategoria: Ispiluari begira, Politika Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude