‘Stranger Things‘ seriea dela eta, hortxe ibili gara Twitterren iritzi-trukaketan; gustatu batzuei, hainbeste ez beste batzuei. Baina gehien-gehienok ikusi dugu 80ko hamarkada hura gogora ekartzeko balio izan digun fikziozko telebista seriea. Edu Lartzangurenek Berriarako idatzi duen artikuluaren kontura, oroitzapen mordoxka izan ditut egunotan; batez ere, komentatu nionean “oso mutikoena” iruditu zitzaidala ‘Stranger Things’: protagonistak 3 mutiko lagun dira, haiena da abentura, eurenak dira kapituluetan zehar ikusten ditugun jolas-entretenimenduak; mutilenak, alegia. Eta, pentsatzen jarrita, Lartzangurenek galdetuta ea zer neska jolas edo film bota nuen faltan, ez nuen jakin zer erantzun. Neskok ez genituen arboletan txabolak egiten; guk ez genuen bizikletan alde egiten; inoiz ez nuen rol jokoetan jolastu, ez bada “1,2,3” telebista saioko lehiakide izatea rol jolas gisa hartzen dugula!
80ko hamarkada 7 urterekin hasi nuen; artean Uberako Mila Elexpuru andereño nuela. Baina orduko oroitzapen gutxi dauzkat telebista-zinemari dagokienez. V seriea bai, ahaztezina! Zapatu arratsaldetan auzoa umez husten zen, eta ez ginen amaitu arte atzera kaleratzen! Bazen Teleindiscreta izeneko magazina, telebista kontuez-eta. Han agertzen ziren V-ko protagonistak eta Mayra Gómez Kemp, eta nola ez Michael Knight! Orduko gure telebista gaztelaniaz izan zen, marrazki bizidunak, serieak eta entretenimendukoz saio guzti-guztiak ikusi genituen gaztelaniaz, lehenengo katean eta UHFn, ETBk 1983an hasi zituen arren emisio erregularrak.
Pop musika eta cassetteak
Hobeto gogoratzen ditut nerabe nintzeneko klasifikadorea forratzeko SuperPop aldizkariko rekorteak —oraindik existitzen da!—. Sasoi berekoak dira Cambrils herriko denda batean erositako artisten postalak ere (lagun bat udaro joaten zen oporretan, eta hari eskatzen genizkion). Eta, aitak etxera ekartzen zituen viniloak! Lagun bat zeukan azken-azkenak erosten zituela eta guk cassette zintetan grabatzen genituen, Bic boligrafoarekin atzera eta aurrera eraginez, “puntu zehatza harrapatzeko”; haiek bai stragerthings!