@berria-n irakurri dudanez, 37 zerrenda aurkeztuko dira Legebiltzarreko hauteskundeetara: Araban 12, 14 Bizkaian eta 11 Gipuzkoan. EAJ, EHBildu, PSE, PP, Podemos-AhalDugu eta C’s (UpyDren ordezko gisa) aintzat hartuta, 233 hautagai dira emakumezkoak; izan ere, zerrenda guztiek betetzen dute hauteskunde-legeak dioena: hautagai-zerrendetan, gutxienez, % 50 emakumeak izatea eta proportzio hori zerrenda osoan mantentzeaz gainera, “sei izeneko tarte bakoitzean ere mantendu beharko dela”.
Hain justu, horretxek ematen die alderdiei aukera balantzak alde batera ala bestera egin dezan; izan ere, aurreikusten dituzten emaitzen arabera josten dituzte zerrendak; hala, seiko hautagai taldetxoak, modu batera ala bestera ordenatzen dituzte. Adibide bat jartzearren: Arabako PPk 5 ordezkari lortu zituen 2012ko hauteskundeetan eta orain aurkeztutako zerrendan, lehenengo izen biak gizonezkoak dira (Alfonso Alonso eta Javier de Andres), hirugarrena emakumea (Laura Garrido) eta laugarrena, atzera, gizona (Carmelo Barrio) -seiko taldea emakume birekin osatu dute popularrek, legearekin betetze aldera-. Gauzak horrela, eta emaitzak errepikatuz gero, atzera ere gizonak nagusi; alegia, Araban atzera 5 ordezkari lortuz gero, 2 baino ez lirateke izango emakumeak: Laura Garrido eta MªCarmen Lopez de Okariz) .
2012an 36 emakumek eta 39 gizonek osatu zuten Legebiltzarra; amaitu, berriz, 42 gizonek eta 33 emakumek bukatu dute legegintzaldia (hainbeste hauteskunde zerrenda eta kargu-hartze egon baitira bitartean). Zenbatutako datuen arabera: EAJren taldean 27 legebiltzarkideetatik 8 emakume; EHBilduren 21etik, 11; PSEren 16tik 9; PPren 10etik erdiak; UPDn, berriz, batere ez.
Politika fikzioa
Datozen hauteskundeetan ikusteko dago nola geratuko den ordezkaritza, alderdi berriek ere parte hartuko baitute hitzorduan. Hala ere, horrela izango ez balitz, eta atzera ere PSE, PP, EHBildu, EAJ eta UPDren artean banatu beharko balituzkete eserlekuak, 2012an izan zituzten emaitzei erreparatuta, Legebiltzar parekidea izango genuke: 38 emakume eta 37 gizonezko, baina hori #politikafikzioa egitea da!
#EitbFocus inkestaren arabera, irailaren 7an argitaratutakoa, boto-asmoaren arabera, emakume gehiago izango dira legebiltzarrean. Hauxe litzateke hartuko lukeen itxura:
Beraz, boto-asmoaren arabera, 39 emakume eta 36 gizon batuko dira XI. legegintzaldian.
Lurraldeka Bizkaiak batuko ditu emakume-legebiltzarkide gehien: 14.
Gaiarekin lotutako beste sarrera batzuk:
-
Politika gizonezkoek egiten segitzen dute (2014/09/17)
-
Emakume agintariak akaso, alderdietako bozeramaile berriz… (2008/02/12)
-
Parekidetasuna botere-guneetan! (2009/03/09)
Pingback: Legebiltzar parekidea? • ZUZEU