[Berria (2016/03/22), Elena Laka Muñoz eta Marijo Deogracias Horrillo]
Konfiantza, autoestimua, askatasun sentsazioa eta, gainera, beldurrari aurre egiteko gaitasun sentipena. Hori guztia eragiten zion korrika egiteak Katherin Switzer New Yorkeko maratoia irabazi zuen lehenengo emakumeari; 1974an izan zen.
42 urte geroago, kalea hartzea, lekua izatea nahi dugulako, ikus gaitzaten, guk ere eskubidea badugulako, gai garelako, beldurrik ez dugula erakusteko, berriz ere parte hartu genuen Lilatoian. Aurten 27. aldia izan du emakumeen lasterketak. Gauza dezente aldatu dira emakume feminista talde batek lehenengoz antolatu zuenetik; besteak beste, antolaketan. Izan ere, emakume haiek era amateurrean egiten zuten lana profesionalizatu egin da.
Eta aurten ere, kalea hartu dugun arren (Donostian), lekua okupatu (Bulebarretik San Martinera, Kursaalera, Nafarroako etorbidean dagoen gasolindegira eta atzera Bulebarrera) eta, nahiz eta inoiz baino emakume gehiago elkartu garen, ez gaitu ia inork ikusi. Akordatu orduko egin ditugu bost kilometro eta kaleak «normaltasunera» itzuli dira, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Gure aldarrikapen moreak (elastikoak behingoz gorriak egingo ote dituzte, arrosa alboratuta) apenas izan du oihartzunik igande goiz euritsuan; baina eguraldi txarra ez da oztopo. Lasterketa berezi horren ordutegia aurreratzeak ekarri du gure oihu eta aldarrikapenak ezkutatzea. Ez da posible kaleak morez betetzeko ahalegina egin dugun 5.000 emakume di-da desagertzea, arrastorik laga barik. Baina, izan da posible: lasterketaren ordua aurreratuta: jende gutxiagok ikus gaitzan; kirol lasterketa «normal» batean orduarekin parekatzeagatik; kalera orduko «normaltasuna» egon dadin; turistak, bisitariak eta donostiar onak kalera ateratzen direnerako emakume zalapartariek alde egin dutela ziurtatuz.
Eta, bide batez, Donostiatik kanpokoak ginen emakumerik gehienak zigortuz eta logistikan deskalabrua eraginaraziz, ordu hain goiztiarretan ibili behar izateagatik. Kontziliazioaren kontrako neurriak gehiagotan doaz emakumeen aurka, eta ordu-aurreratzearen atzetik, nahita ala nahi gabe, hori ere badago.
Baina ez da hori izan gure salaketa kaleratzea eragin duen «aldaketa» bakarra.
Imajinatzen duzue lehen mailako futbol taldeko jokalariak zelairatzen direnean, bozgorailuetatik inor esaten aritzea: «venga, chicos; poneros guapos para la foto!». Edo futbol taldeko txapeldunari saria ematen dion sari-emailea ponteko izenez bakarrik aipatzea? Bada, horiek ere gertatu ziren Lilatoian. Speakerraren mikrotik entzun behar izan genuen horrelako perlarik, eta sari-emaileak Amaia edo Edurne ziren. Are, sari-emaile bakarrak izan zuen izen-deitura: saria eman zuen gizon bakarraren aipamena izen-abizenez egin zuen speakerrak —emakume sari-emaileena, izen hutsez—. Denak emakumeak ginelako, speakerra gizona zelako, berdintasunaren aldeko kirol proba bat zela kontuan hartu ez zelako, emakumeok kalea hartzeko daukagun eskubidea seriotzat jo ez zelako.
Kontzertua: Live at Berlin Phillarmoniker, 1984
Jakin badakigu Lilatoiaren sustatzaileek zergatik ekin zioten orain 27 urte bakarrik emakumeentzako karrera antolatzeari. Baina duda egiten dugu antolaketa profesionalizatzeak ez ote dituen aldarrikapen haiek alboratu. Zerbait handitzat hartzen genuen lasterketa, Horrela hitz egin zuen Zarathustrak musikarekin hasita (orain arte egiten zen moduan); une ederra zen abiatze hori! Aurten espazioko odiseak eta argitzeak kendu eta reggeaton-arekin konformatu behar izan dugu, aurretik, beroketako zunba gaztelera huts-hutsean egin ostean. Berriz ere proba hau kirol lasterketa «normalen» barruan sartu nahian?
Ez gara dekorazio objektu, gure asmoa ez da Donostiako kaleak ordu batzuetan alaitzea. Baina sentsazio horixe izan genuen, eta komentario asko izan ziren ildo horretan. Gizartearen erdia gara, aukera-berdintasunean jarduteko eskubide osoa daukagu. Beraz, zergatik nahi gaituzte ezkutatu? Ahalduntzea kalea hartzea ere bada, hortaz, hobeto goiz erdian, orain arte bezala; eta ahalduntzea menetik, babesetik eta itzaletik ateratzea ere baldin bada, hobeto berba egokiekin.
Luis Peraltaren argazkiak