Trenean sartu ahala sumatu nuen bien arteko rollotxarra. Hasteko aukeratu zituzten aulkiengatik: bagoiaren horma kontra bakarrik dagoena, eta pareko bakarkakoa.
Ez mariatzeko, trenaren norabidean zegoen lehenengo eserlekua aukeratu nuen nik, neska gazte atzerritar biren ondoan. Alboko lauko eserlekuan eguzkitakoak jantzita zeramatzan emakume bat zihoan, bakarrik, eta atzeko alde banatan, beste hiru gizon eta emakume bi.
Ikuspegia primerakoa neukan bikoteari begira egoteko. Mutila zarataka ari zitzaiolako, behin eta berriz altxatu nituen begiak Twitterretik.
Eztabaida lehenagotik zetorren, baina entzun nion neskari ari zitzaiola mutikoa:
-Zergatik ibili behar duzu beti hari begira! Beti hari zara hari kasu egiten! Nik ere deitu dizut! Memela! Lela!
Neskak isilik, mugikorrean idazten segitzen zuen. Halako batean, mutila bere ondora gerturatu, eta bizkarra ematen eseri zen, bagoiko ateari begira, nire aldera begira. Aurrez aurre neukan orain mutikoa. Atzera zarataka hasi zitzaion neskari: “ahora te levantas, lo coges y me lo das”, entzun nion; tabako paketea lurrera bota zuela ohartu nintzen, neska altxatzen ikusi nuenean. Neskak, jakina, ere ez zion gogo onez itzuli zigarro paketea, baina entzun behar izan zizkionak eta gero, ze gutxiago!
Derrepentean, nire barruan sortu zen amorrazioak goia jo zuen. Mutilak paketea hartzeaz batera, burua neskaren aldera itzuli eta listu egin zion aurpegira! 10 zm-ko tartean, aurpegira txistua!
Atentzioa deitu nion. Ezin izan nintzen isilik geratu. Baina, hain izan zen instintiboa nire erreakzioa, ze, ahotik atera zitzaidana “oye! Así no se trata a las personas, y menos a quien tienes a tu lado!” triste bat esatera besterik ez nintzen iritsi. Marmarka hasi zitzaidan mutila eta “a mí no me insultes” erantsi nuen; “no te he insultado pero no tengo tiempo para perder contigo”, erantzun zidan (hortxe amaitu zen kontua. Hurrengo geralekura bitartean mutilak ez zuen ezer gehiago esan, ezta egin ere, baina biak jaitsi ziren geraleku berean).
Ondoko emakumeak, eguzkitakoak jantzita zituenak, begirada nigana zuzentzen zuela sumatu nuen, eta nirekin batera eserita zeuden neska gazte atzerritarrak ere, begira neuzkala ikusi nuen, zer gertatu zen asmatu ezinda (bietako batek ikusiko zuela pentsatzen dut, nik bezala, mutikoa parez pare baitzuen).
Ikusitakoaren inguruan inork ez zuen ezer komentatu; hitz erdi bat egin. Bikotea trenetik jaitsi zen hurrengo geralekuan, Zaldibarren, eta ez nuen atzekoen komentario bakar bat bera ere entzun. Eta horrek ernegatu ninduen. Gure hoztasunak, gure paso egiteko gaitasunak. Leku publiko batean, jendez inguratuta eta egun argiz, neskaren kontra hain era matxistan oldartu dela ikusi genuenok, ziur naiz, gauza bera pentsatu genuela: zer ez du egingo tipo horrek bakarrik daudenean! Eta, hala ere, keinu bat bera ere ez han ginenon artean.
Aupa marijo! zuk behintzat adorea euki zenuen!!
Pena da baina hala da, beste alde batera begiratzen du gizarte onek…. oraindik ere kontzientziazio lan handia daukagu hedabideok, eskolek…
mai
Arrazoi, Maider. Denon, norbanakoon, taldeen eta ardura soziala daukaten erakunde guztien lana.
Han zindoaztenen artean, batek behintzat ondo erantzun zuen. Horrelakoak gertatzen diren guztietan batek horrela erantzungo balu, beste kuku batek joko liguke. Eskerrik asko erakutsitako jarreragatik, eta baita gertatutakoa kontatzeagatik. Besarkada bat.
Hala ere, Joxe, kezka sortzen dit pentsatzeak mutilak, gero, kanpoan, nik esandakoagatik, ez ote zion neskari bestelakorik egingo. Horrek kezkatzen nau; isilik ezin gara geratu, baina…
Besarkada bat zuri ere, aspaldiko!