Auto barik nabil egunotan; halabeharrak hala nahi duelako (3 aste pasatxo eraman genuen tailerrera). Autobusetik jaitsi ahala, aldapan gora, hotzez eta ilunpetan, etxeratzea eragin dit kotxe ezak; goizeko 6:35ean bide bera egitea ere bai, eta dena esaten hasita, hotzez, ilunpetan, baina maldan behera.
Mugikorreko linterna pizten dut kale argiteria amaitzen den lekuan. Atzean lagatzen dut lantegi handi bakarrak aparkalekuaren erdi-erdian daukan farola erraldoiaren argi indartsua. Banoa aldapan gora, beraz, linternatxoarekin; mugikorreko kameraren flasharekin, alegia. Mugikorra eskuan nuela, “etxerako bidea ez dut hainbesteko iluntasunean egingo”, esan diot nire buruari. Eta horretan nintzela, buru gaineko gau beltzari begiratu diot: hori ikuskizuna! Zientoka, milaka, izpi txiki: 3 mariak, santiagoren gurdia, martia —horraino astrologiari buruzko nire ezagutza guztia, umetan ikasia-edo: lotsagarria—.
Iritsi naiz etxera. Bide osoa gora begira egin dut —tira, beste inora begiratuta ere ez zen ezer ikusten: linternatxoak ez du bi metrotik harago argitzen—.
Auto barik ibiliko ez banintz, ez nituzkeen izarrak ikusiko, ez behintzat egunotako gau izartxoak era horretan gozatu. Baina, egon hadi gora begira, tenperatura horiekin!