Short edo benetan laburrak ziren galtzamotzak, takoi oso garaiak, orkatilatik belaunerainoko galtza beltzak, eta izterrak bistara. Ikusgarriena: darabilen grazia; eta jakin badaki.
Metroko eskaileretarantz doa nire aurretik. Ezin diot begirik kendu! Hori estiloa!
Iritsi gara zurubi mekanikora. Beheranzkoa hartu dugu. Jakina da kontrara datozenek egingo dutena, eta neska jakitun da ondo baino hobeto begiratuko dutela; jakingo ez du ba!
Aurreikusi bezala, goitik beherako begiratu lotsabakoa egiten diote guztiek, disimulurik bat ere ez. Baina ez dio axola berari, eta behera iritsi orduko ekin dio atzera ibilera biziari.
Behin voyeur lanetan hasita —hain dibertigarria zenik ere!—, begira segitu dut. Egiaz, ikaragarri atsegin dut oinetakoei erreparatzea. Bizioa da! Janzkerari, orrazkerari, aurpegiari edo poltsari eta antzekoei begiratu azkarra egiten diet, baina hanketara zuzentzen dut begirada ahalik eta arinen. Kontrolaezina da, tik baten antzekoa; tira, mania, aitor dezadan.
Begiztatu dut “bailarina” arrosa fosforitoak zeramatzan emakumea —hanka zabalegia era horrelakoak janzteko—. Eta berehalako epaia ondorioztatu dut: ez, hain oin zapalekin ez dira ondo geratzen! Ez horixe.
Hanketako azazkal margotu berriekin zetorren hurrengoa: plataformadun sandalia dotoreak jantzitako neska. Gurutzatzen ziren hainbat txirikordek eta sokek lotzen zuten aurrealdea, eta takoiak ere erosoa zirudien: ziri-takoiaren eta plataformaren artekoa —oin zabalentzako modukoa, otu zait—. Baina, ai, behatzak! Arrano hankak balitu legez, oinetakoari eusteko mania desatsegin hori!
Hirugarrenez saiatu naiz. Behingoz gustukoren bat topatuko ahal dut! Urre koloreko udako zapata ireki distiratsuei so geratu naiz. Ikusgarriak —sekula jantziko ez nituzkeen arren—. Neskari dotore geratzen zaizkio. Azala urreztatzeko pantiak daramatza, gainera. Ondo pentsatua. Baina orduan ohartu naiz! Behatz potoloa sandalietako zintaren kanpo aldera joan zaio, eta gainerako laurak pantiekin lotuta, barru aldean. Akabo glamourra!
OH: Madrilera 2012an egindako bidaia batean mobilean egin nituen ohar hauek eta testura ekarri ditut orain.