Irisgarritasuna sare sozialetan eta antzerkian

CENTAC Irisgarritasun teknologien zentroak seigarrenez egin berri du biltzarra: aurten, Bilbon, azaroaren 5ean eta 6an. Hainbat arlotan erabiltzeko teknologiak, gailuak eta aplikazio mordoa erakutsi dituzte Euskalduna jauregian, ezgaitasun fisiko, sentsorial edo kognitiboren bat duten pertsonek ezgaitasunik ez dutenen aukera berdinak izan ditzaten; edo, gutxienez, oztopoetako batzuk gainditzen laguntzeko zer horiek erabiltzeko orduan. Besteak beste, hezkuntzan, herri-babesean eta Interneteko nabigazioan aplikatzeko berrikuntzez aritu ziren, baina bada bereziki atentzioa deitu zidan bat: sare sozial irisgarriaren proiektua. Sare sozial berezia da, sare sozial itxia, ezgaitasun intelekutala duten kideen sare soziala: guremintza.net.

Idoia Soto Lotura.com-eko estrategia eta berrikuntzarako aholkulariak aurkeztu zuen. Azaldu zuenez, EHUrekin lankidetzan garatu dute “sare sozial egokitua”. Dirudienez, unibertsitateko ikerketa baten haritik, ezgaitasun kognitiboak dituzten pertsonek sare sozialez zer erabilera egiten duten jakin nahi zuten. Eta, haren ondotik sortu zen guremintza sare soziala: gaur egun Gureak tailerretako 2.000tik gora lagunek erabiltzen dute.

Sarea ez da soilik euren arteko harremanak sendotzeko eta komunikatzeko. Sortze beretik irisgarritasunaren arauak betetzen dituen proiektua da; eta garrantzitsuena, erabiltzaileekin batera pentsatu eta sortu da. Hala azaldu zuen Sotok, horixe izan zela proiektuaren muina: erabiliko zutenen premiak, behar eta gogoak ezagututa sortu zela guremintza.

Hain justu, horretan egin dute azpimarra Centac biltzarrean parte hartu duten hizlarietako askok. Erabiltzailaren zailtasunak ezagutzea eta elkarlanean soluzioak jartzea dela aplikazio eta gailu horien guztien arrakasta bermatzeko ezinbestekoa.

Era horretako biltzarretan ohikoa izaten da “negoziotik” zer edo zer izatea eta honek ere izan zuen. Hala ere, irisgarritasunaren eskutik zenbat aurrerapausu eman diren ikustea ikaragarria izan da. Horietako bat da antzerki irisgarria. Urtarriletik aurrera, Aptent enpresakoek asmoa daukate antzerki irisgarriaren eskaintza Bilbora eramateko, aurretik Madril, Bartzelona, Valentzia, Sevilla, eta Murtzian egin zuten bezala.  Smartphone eta tabletetan azpidatziak erakusten dituen aplikazioa garatu dute Aptent-ekoek eta, bera berean, audideskripzio zerbitzua ere eskaintzen dute, ikusmen arazoak dituzten pertsonentzako.

Aptent-ekoek euren webgunean diotenez euskarazko itzulpenak ere egiten dituzte. Pentsatzekoa da, beraz, egon daitekeela euskarazko antzezlanen bat modu irisgarrian eskaintzeko aukera.

Kategoria: Hizkuntza-irisgarritasuna Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude