Jai Alai, zesta jokoa munduaren konkistan

JaiAlai estilo bat izan zen, bizimodu bat, ustez, mugarik ez zuen negozio-espektakulua. Hori dena eta gehiago ikasi dut Jai Alai Blues film-dokumentala ikusita.

Gernikan erakutsi zuten lan bikain hori, aurrestreinaldi gisa. Eta, noski, euren herrian eta euren herriarekin lotura estua duen istorio zati garrantzitsu hori jasotzen duen dokumentalaren egileak hantxe izan ziren, alfonbra gorririk barik izan bazen ere: Gorka Bilbao (zuzendaria eta gidoilaria), Hannot Mintegia (muntaketa), Jose Luis Barredo (ekoizlea) eta Zigor Etxebarria (argazkia).

Asko, ordu asko, grabatu zituztela kontatu ziguten. 4 urtez ibili direla lana osotzen. Azkenean, 3 orduko muntaia 110 minutuan utzi dutela kontatu ziguten. Hori bai, “kostata!”, esan zuten egileek; eta minez, seguru. Izan ere, sentimendu asko biltzen ditu Jai Alai Blues ikus-entzunezkoak. Onak, txarrak, barregarriak, abenturazkoak, adiskidetasunezkoak, jai girokoak, eta, kontatzen hasita, baita tristura eragiten dutenak ere. Egiaz, eta nire irudipena da, sentsazio hori nagusitzen da filmean zehar. Gora eta behera garamatzan arren pelikulak minutuak aurrera joan ahala eta, tarteka, pertsonai gogoangarriak ageri badira ere, bizipen eta umorearen lekuko aparta legez, JaiAlaik bizi izan zuen loraldia, han egon zirenen oroimenean dagoen zerbait dela antzematen daiteke hasieratik; eta hura berreskuratzea ezinezko dela pentsatzeak eragiten duen goibeltasuna nagusitzen da. Horregatik diot, hutsune sentsazioa izan barik ere, horrelako zerbait sumatzen dela baita ikuslearen barrunbean ere, zintan aurrera joan ahala, handitzen joaten dena.

Elai Alai aretoa leporaino bete zen, zineklubaren ordutegia izan arren. Jende nagusi asko, pantaila handian agertu ziren askoren senitartekoak eta lagunak tartean: gure atzean eserita egon zen emakume taldean bazen bat, esaterako, “mi primo” oihukatzen igaro zuena emanaldia! Horrek ere balio erantsia eman zion ikuskizunari, horixe baitauka herriko istorioak kontatzeak eta irudietan erakusteak: gurea dela sentitzea, “gure historia”.
Tira, nik neuk, ez dut inoiz zesta partidarik ikusi; are, Gernikako Jai Alaira, Ruperren kontzertua, ekitaldi politiko bat eta EHko bertso txapelketaren kanporatzea ikustera joan naiz!
Baina filmak erakusten dituen irudiek eta kontatzen denak, simil erotikoa barne, asko galdu dudala diozte.

Irudia: @JaiAlaiBlues

Aukera baduzue, ez galdu Jai Alai Blues! Eguenean bertan Bilboko Alhondigan erakutsiko dute; beste aurrestreinaldi bat izango denez, uste izatekoa da, @JaiAlaiBlus-ekoak hantxe izango direla! Bestela, zine aretoetan erakutsiko duteĀ  azaroaren 7ko asteburuan: Gernikan, esaterako, zapatu eta domekan, 19:00etan eta 22:00etan.

 

Kategoria: Kultur ikuskizunak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude