“Beresija esaten jako, esituta daguan leku bati, nun datozan, goratuten ez dirian abetxuak, ta andui galantak” (OEH).
Eta, landak edo lur sailak bereizteko erabiltzen diren zuhaiskak ere beresiak ei dira.
Hortaz, eremu-beresi asko dago gure inguruan, baina berezietan bereziena Busturian dagoen Beresi basoa da. Ingurune horretan bizi dira berezko landare eta izakiak eta Rober Garayk sortu dituenak: arte garaikidearen LandArt mugimenduari segika sortu dituenak.
Basajaun izan zen lehenengoa. Anbotoko Mariren kobazulora begira jarri zuen izaki erraldoia. Garay artistaren leiendak dioenez, izakia ez da berak sortua; baso hartan, aurreko mende hasieran ere, izan omen zen era horretako basajauna. Berak, hortaz, omenaldia egin diola esan genezake, laburrean.
Urtarrilean beteko ditu hiru urte eukalipto arbolen larru azal eta 8 bat metroko liana mordo batez sortutako izakiak. LandArt-en senari jarraituta, aldi baterako artelana da eta sumatzen zaio Basajauni denbora ez dela alferrik igaro. Hala ere, hantxe dirau basoa zaintzen eta, aldi berean, bere maitaleari so, debozioz.
Hain bakarrik senti ez dadin, hantxe plantatu du Rober Garayk inoizko armiarmarik erraldoiena!
Ikaragarria da izaki horiek ilunabarrean eta linternaren argipean diruditena. Haiek, eta artistak sortu dituen beste hainbat eta hainbat izaki txikiago eta egitura handiagoak: gizaki-habiak, hezurtegiak, oreka sinestezinean elkarri eusten dioten harrizko egiturak, eukalipto arboletan ageri diren irudi, ezkutuko mezu eta gainerakoak. Rober Garayk baso horretan sortu duen atmosferak transmititzen duenak benetan merezi du; eta aukera baduzue, iluntzeko bisita egin bertara. Eguneko azken argi izpiek sortzen dituzten argi-ilunek hartuko zaituzte baso artera, eta handik aurrerakoak gidari eta hizlari aparta den Rober Garayk berak kontatuko dizkizue.
Artea libretatxoetan
Hori gutxi ez, eta Rober Garayren sormenaren abiapuntu diren libretatxoak kuxkuxean ibiltzeko aukera ere izan genuen joan zen zapatuan Beresira egindako bi orduko sartu-irtenaldian. Hainbat eta hainbat blok txiki eta ertainak izan genituen esku artean: orrialde guztiak margotuta, zirriborroz beteak, bozetoekin eta gero gauzatzen dituen ideien haziekin. Artelan bikainak dira baita libretak! Eta plazera guretzako artistaren lan tresna hain preziatuak esku artean erabiltzea.
Hurrengo bisita aukerak
Azaroak 7 eta 28 eta abenduak 12 eta 19 aurreikusi ditu Madariaga dorretxeko Euskadiko Biodibertsitate zentroak Beresi basora bisita gidatuak egin ahal izateko. Ordu biko egonaldiak, 6 euroan.
Beresi basoko irudi gehiago Rober Garayren argazki galerian ikusgai