Wall Street Journal jada ez da live

Dirudienez, streaming bidezko zuzeneko telebista ez da bideragarria.

Wall Street Journal egunkariak indar handia jarri zuen zuzeneko emanaldiak eskainiz sarean, baina dirudienez, estrategia aldatzea erabaki du; zuzenekoak gutxitu eta aurrez grabatutako bideo emankizunez osotu du bere web telebista.

orain

Teknologiak telebista ekoiztea erraztu zuenetik eta interneteko banda zabalak bideo emanaldiak erraztu zituenetik, idatzizko egunkariek ere ekin zioten informazioaren ikus-entzunezkotzeari. Telebista egitera heldu barik, hau da, ohiko programa parrilla izatera iritsi gabe, idatzizko ohiko egunkariek telebista saioak eta bideo-albisteak sortzen hasi ziren, internetez eskaintzeko. Bide horretan saiatuena Wall Street Journal izan da, zeinak hainbeste orduko zuzeneko emankizuna eskaintzen zuen sarean eta aurrez grabatutako erreportaje eta bestelako saioekin osotzen zuen telebista parrilla; 2011n aitzindaria izan zen. Orain, aldiz, bideogintzara bideratzen ditu bere indarrak, zuzenekoaren ikonoa ere ezabatu egin du bere logotipotik.

 

Telebista nahieran ikusteko joera asko zabaldu da ikus-entzuleen artean. Youtube da ikus-entzunezkoen biltegirik handiena, askogatik, eta audientziarik handiena duen erakusleihoa da. Erabiltzaileak pantailari begira minutuak eta minutuak ematen ditu, izan telebista ala telefono, tablet edo mahai gaineko ordenagailuak. Baina, berak aukeratzen du noiz ikusi. Roger Cassanyk, VilawebTVko arduradunak, elkarrizketa baten esan zidanez, “programazioak parrilla baten pentsatzera garamatza eta horrek interneten ez du inongo, zentzurik horixe baita ez dagoena, parrillarik; hau da, ez dago ordutegirik, ez emisio ordurik. Dena geratzen da bertan. Zuzenean eskaini behar diren salbuespenak izan ezik, gainerakoa kartara da, view on demand”.

WSJekoek ere gauza bera pentsatu dute eta video on demand edo telebista nahieran ekoiztea erabaki dute, euren lehengaiari, informazioari, lehentasuna emanez.

Ikusteko dago HuffPost Live-k hartuko duen bidea, izan ere, 12 orduko zuzeneneko emanaldiak zituen jada 2012an eta 24 orduko zuzenekora jauzia egin nahi duela iragarri baitzuen ekainean.

Zuzenekoan ala nahieran, informazioaren ikus-entzunezkotzea errealitatea da jada komunikabide guztietan. Ez, bideo emanaldi amaigabeak eskaintzeko, baizik eta storytelling edo informazioa azaltzeko lan horretan, kontakizunaren parte izateko. Bide horretan ere, infografiak ere geroz eta leku gehiago hartzen ari dira.

Iturria: http://www.niemanlab.org/2015/07/from-wsj-live-to-wsj-video-publishers-step-away-from-dreams-of-live-tv-style-broadcasting-online/
Kategoria: Kazetaritza, Web Telebisten inguruko inkerketa Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude