Saltzeko bada, zuzenean hobe

Marketing zuzenarekin izan nuen lehenengo hartu-emana amonaren etxean izan zen, Avon saltzailearen eskutik. Gure amama zenak bainurako larrosa-perla koloreko xaboi potea erosten zion takian-potian emakume saltzaile hari.

Irudia: http://www.ciao.es/Avon_Bubble_Bath__Opinion_1431800

Avon llama a su puerta haren ondotik, nire lehengusuaren esperientziaren berri izan nuen. 18 urte bete gabe, edo hortxe-hortxe, izango zituen Alemaniatik ekarritako presio-eltzeak saltzen aritu zela etxerik etxe. Garai hartan izugarri modernoak ziren lapiko haiek. Euskal Herrian ez dakit izango ziren, berak Andaluzian saltzen zituen, eta lan horretarako ilea gominaz orraztuta eramaten zuela daukat gogoan. Akorduan ez dudana lapiko-etxea da.

Etxez etxeko saltzaileak gutxitzen joan ziren eta atezain automatikoa jo eta “propaganda” entzun ahala, atea ez zabaltzea aukera askatasunen artean sartzen zela deskubritu genuenean, akaboa izan zen. Geroago, iragarki orriak atera genituen gure postontzietatik, atari ondoetan propio publizitaterako jarri genituen buzoi komunitarioei esker.

Marketing zuzenak, baina, berrasmatzen jakin du eta internetean aurkitu du bidea: marketing online. Hor ezagutu ditugu, banerrak, newsletter bidez epostara heltzen zaizkigun iragarkiak, ordanagailuaren gure pantailaren erdian bapatean irekitzen diren pop-ups deitutako leiho nazkagarriak eta, are lotsagarriago, gure sare sozialetan barna sartzen diren iragarkitxo ez hain subliminalak. Eta, ez deskuidatu googleorojakitunari ezer galdetzen logeatuta zaudela (ez behintzat aldez aurretik beharrezko neurriak hartu barik)! Hurrengo aste osoan zehar hortxe agertuko zaizkizu era guztietako zapata gorriak edo motorrerako kaskoak, XD!

Baina, ez da hor amaitzen marketing zuzena. Ez horixe! Gaur, esaterako, etxeko telefonoak jo du eta inork deitzen ez duenez (ez diot inori eman zenbakia), ohelaguna izango zela-ta, erantzun egin dut:

– Bai?
– …
– Bai?
– …
– Pues vale!
– Sí, hola buenas tardes, le llamo de naranjas luna.
– Perdón?!
– Era para preguntarle si le interesaba comprar naranjas naturales.
– Eeee… no, gracias! (aurpegikera honekin: O_O)

Ba, hori, Avon llama a su puerta, eta naranjas luna a su teléfono! Eta, ez, ez dut post hau argitaratzegatik marketing zuzenik egin nahi izan, ala bai?

Irudia: http://naranjasluna.com/

Irudia: http://naranjasluna.com/

 

Kategoria: Ispiluari begira Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude