Urtebete luze joan da, baina dagoeneko prest dago “Bizkaiko landa-ingurunean genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeek laguntza, arreta eta justizia zerbitzu zein prestazioetarako benetako sarbidea izateko dituzten beharrizanak eta oztopoak identifikatzeko” txostena. Izen luze samar horretan biltzen dena zera da: tratu txarrak jasan dituzten landa eremuetako emakumeek zerbitzu publikoetara jo dutenean izandako arreta esperientzia. Hortik abiatuta, zerbitzu publiko horiek hobetzeko proposamenak egin ditu Argituz elkarteak. Giza Eskubideen defentsan lan egiten duen elkarte honek hartu du lana gauzatzeko ardura, Bizkaiko Foru Aldundiak hala eskatuta.
Esperientzia horretan parte hartzeko aukera izan dut, hainbat emakume elkarrizketatuz. Doakie hemendik nire eskerrik beroena, gurekin hain eskuzabalak izatearren. Euren bizipen pertsonalak kontatu dizkigute, indarkeria matxistatik ateratzeko prozesua zehaztu digute, minez oraindik kasu askotan, baina indarrez eta bizipozez. Elkarrizketatu ditugun emakume horietako askok tratamendu psikologikoa gainditu behar izan dute, luzeag edo laburrago jo duenak. Baina guztiak bizipoza transmititu zidaten, indarra, positibotasuna… Niretzako esperientzia ikaragarria izan da eta horregatik eskerrak ematea baino ez zait geratzen.
Txostenari dagokionez, emakumeen adierazpenak erabili dira hain justu baloratzeko, alde batetik, salaketa egin aurretik, edo salaketarik egin barik, zer nolako aukerak izan dituzten eta, bestetik, behin salaketa egitera jo dutenean, zein urrats eman behar izan dituzten eta horietako bakoitzean zer nolako arreta izan duten. Beraz, salaketa jarri ez dutenak ere elkarrizketatu dira. 26 emakume elkarrizketatu dira: 19k salaketa jarri zuten eta zazpik ez. Adina, gazteenak 21 eta zaharrenak 69.
Galdetu zaie ea zer nolako arreta jaso duten poliziarengandik, ofizioko abokatuarengandik, epailearengandik, medikuengandik, gizarte laguntzailearengandik, psikologoengandik…
Emakume guztiak 5.000 biztale baino gutxiago dituzten herrietakoak dira, ze, diputazioak jakin nahi izan du ea herrigune txikietan hutsunerik dagoen eskaintzen duten zerbitzuen arloan.
Jasandako indarkeriaren iraupena urtetan:
Ondorioetako bat izan da landa-ingurunean emakumeenganako kontrol sozial areagotu egiten dela, elkar ezagutza handiagoa delako. Gainera, ikuspegi “familista” deitu dena dago: “familiaren ikuspegia babestu beharra, ondasun goren gisa”.
Ingurunearen zailtasunak. Landa-ingurunean etxeak kasu askotan isolatuta egoten dira eta ihesbide gutxi dago, hori dela eta, emakume askok beldur handiagoa bizi dutela adierazi dute, inguruneak eraginda. Gainera, askok adierazi dute baliabide espezializatuetara heltzeko zailtasunak egon badirela, baina hein berean diote diskrezioagatik, zerbitzuak hiriguneetan egotea egokia dela.
Informazio eta laguntasun beharra. Prozesu judizialaren funtzionamendua ulertzeko zailtasuna azpimarratu dute emakume askok. Salaketa jartzeko orduan dituzten eskubideen inguruan, esate baterako, abokatu zerbitzuaren inplikazioa. Bai eta, salaketa jartzeko unean sentitzen duten segurtasun falta. Epaitegien esparruan kexa gehienak “erasotzaileek urruntzeko agindua eta komunikatzeko debekua haustearen ondoriozko zigorgabetasunaren ingurukoak” dira.
Baina, are azpimarragarriagoa da genero-indarkerian espezializatutako ofiziozko txanda izeneko abokatuekiko kexak. Tratu desegokia eta jokabide kaskarra azaltzen duten kontakizunak nagusitu dira elkarrizketetan. Agerian geratu da abokatuetako askok indarkeria matxistaren modu ezberdinen ezagutza falta dutela, eta hainbat kasutan, “erasotzaileek euren seme-alabekin harremanak izateko eskubideen inguruko aurreiritziak gailentzen direla”, hau da, ikuspegi matxista dutela baita genero-indarkerian espezializatutako ofiziozko txandanari diren abokatuetako batzuk.
Kezkagarria da, gainera, “elkarrizketa egin duten emakume gehienek erasoak eta mehatxuak jasoz amaitzen dutela prozesu penala, tartean zigor epaian babes-neurriak lortzen dituztenek”. Luze jotzen du prozesu judizialak, are tartean umeak daudenean, zaintzaren (askotan zaintza partekatuaren) eztabaida argitu behar izaten baita.
Aldiz, Ertzaintzaren arretaren inguruan, 19 emakumeetatik 3k bakarrik jo dute negatibotzat. Are, “jasotako tratu onaz gain, emakumeek espezializatutako polizien laguntza izan zutela onartu dute”. Arriskuan dauden emakumeak babesteko Ertzaintzaren zerbitzua ere nahiko ondo baloratu dute emakumeek. Ez da hain ona, aldiz, erasotzailea kontrolatzeko gailu telematikoen kontrola eta horrek, babes eza handia eragiten die emakumeei.
Gizarte zerbitzuak hobetu beharra. Gizarte Zerbitzuak emakumeen eskaeretara eta egoera berezira egokitu beharra izan da emakumeen eskarietako bat. Hala txostenean ondorioztatzen da bistakoa dela “honelako zerbitzuetan eginkizun eta ikuspegi ezberdinetarako prestakuntza egoki eta homogeneoaren falta”.
Hiru erronka garrantzitsu laburbildu dira txostenean:
- Profesionalen egiazko espezializazioa lortzea, eta horrek dauden aurreiritzien inguruan lan egitea eta prestakuntza hobetzea barne hartzen du.
- Erantzun profesionala inguru horietako emakumeen beharrei egokitzea.
- Indarkeria matxistaren ikuspegi holistikoa ezartzea eta koordinazioak hobetzea.
Lan osoa Bizkaiko Genero Indarkeriaren Behatokiaren webgunean dago, atzo ezkero. Behatokia, 2003an sortu zen emakumearen aurkako indarkeriazko egoeren errealitatea ezagutzeko eta erakunde publikoetatik genero-indarkeriaren inguruan eskaintzen diren zerbitzuak eta prestazioa hobetzeko gomendioak eta proposamenak egiteko helburuarekin.
Eta horixe da hain justu lan honetan egin dena, Bizkaiko genero-indarkeriaren biktimentzako arreta-sarea osatzen duten baliabide publikoak hobetzeko proposamenak egitea. Horretarako agindu zuen Foru Aldundiak lana, eskaintzen diren zerbitzuen egokitasuna ezagutzeko erabiltzaileen esperientzian oinarrituz. Txostena jada gauzatuta, orain Diputazoari dagokio kontuan hartzea bertan egin diren ekarpenak eta elkarrizketetan emakumeek zintzotasun eta gordintasun osoz kontatu digutenari erantzun ahalik eta egokiena ematea. Hortxe bada erronka.
Txotena osorik hemen