Lide andereñoarekin, gaztelaniaren arau ortografikoak errezitatu aurretik (egunero bat, “Breve ortografía escolar” liburukitik) AgurMariaGraziazBeteaJaunaDaZurekinBedeinkatuaZaraZuAndreGuztienArteanEtaBedeinkatuaDaZureSabelekoFrutuJesusSantaMariaJainkoarenAmaErregutuEzazuGuBekatarionAldeOrainEtaGureHeriotzakoOrduanAmen errezitatzen genuen. Horrelaxe. Dena jarraian. Kolpe bakarrean. Zertan ari ginen ere pentsatu gabe. Zertarako, ezta?!
Eva Belmonteren El Boe nuestro de cada día irakurtzen akordatu naiz nire bizitzako sasoi harekin. Bai, ze Aranzadi ikastolan, Bergaran, guk ere bageneukan erlijio irakasgaia, baina Lide andereñoarekin egiten genuen errezu hura, lengua española ikasgaian (edo orduan deitzen genuen, “erdera”n) izaten zen, atera kontuak!
Eta, ez pentsa erraz konformatzen zenik gure Lide. Igartzen zuenean errezitaldi hartan gelako alderdiren batetik marmarra zetorrela, otoitz doinuaren ordez, sutan jartzen zen. Gauza bera egiten zuen gaztelaniaz ondo idazten ikasteko eguneroko arauen errezitaldiarekin ere. Proba egin genuelako gogoratzen dut ondo baino hobeto.
Behinola otu zitzaigun, gela erdiak errezitatzea “Se escriben con y griega las palabras que…” (ez dakit hori izan zen, ala beste bat; baina berdin dio) eta beste erdia marmarrean aritzea eta JesusMariaTaJose! Ederra muntatu genuen! Ea uste genuen ez zela ohartuko! Ea, zer pentsatzen genuen… Erretolika prest zeukala esango nuke, ze, ez ginen gure gelakoak izan esperimentu hura egiten saiatu ginen lehenengoak, seguru!
Erlijioa 8. mailara arte
Ditxosozko LONCE legeak, eskola publiko, pribatu zein bestelako guztietara erlijioa (edo hobe esanda, kristau katolikoen sakramentuak) indarrez sartu nahi duen lege horrek, gogorarazi dit, bide batez, guk ere, erlijio irakasgaia bagenuela ikastolan. Notarako zen gainera! Han agertzen zen matematika, gizartea, euskara, soinketa eta beste ikasgai guztien artean, erlijioa!
Maria Biktoriak ematen zigun guri. Emakume garai, argal, buru zuri eta atzamar amaigabeak zituena. Zenbati ez zigun bere eraztunarekin kokotean jo Bitxorik! Eta, holaxe institutura joan ginen arte. Han, lehenengoz, erlijioaren eta etikaren artean hautatzeko aukera izan genuen, abade ala zibil baten artean.
Bizitza zirkuluetan bueltaka dabil. Lagun batek dioen moduan, betikolez.