Kazetaritzaren profesionalak bete-betean harrapatu zituen krisi ekonomikoak. Gaur gaurkoz, oraindik ere, sektoreka lanpostu gehien galdu dituen profesioa izaten segitzen du. Hori guztia banekien eta igarri ere egin dut, maila pertsonalean. Hala ere, gauza bat da sumatzea eta beste gauza bat da atzo bertatik bertara ikusi eta sentitu nuena, bizi izan nuena. Lan poltsa eratzeko probetara joan eta hara! “Zu ere hemen?”, “Bai, neska. Zu zer moduz?, “Tira, 5 hilabeteko kontratuaren ostean, hurrengora itxaron behar, badakizu”, “Ene! Aspaldiko! Ta? Zu ere lan bila?”… Antzeko espresioak nagusitu ziren froga egitera aurkeztu ginenon artean; izan ere, 40 bat lagunen artean guztiok genuekan ezagunen bat edo beste. Adinez, gehienak 40 urteren bueltan (gazteagorik akaso egongo zen, baina hortik gorakoak gehienak), eskarmentuarekin denak.
Panorama ikusita, gogoa ere ematen zuen hartu eta etxera joatekoa. Batek esan zidan bezala: “bikoteari esan diot, tentazioa dudala amaren josteko makina zaharra erabiltzen ikasi eta horretan hastea!”. “Ez da txarra!” esan nion.
Hala ere, ez da depresiorako unea. Horixe azpimarratu zuen Ara egunkariko zuzendari Carles Capdevilak, joan zen astean Bilbon izandako jardunaldietan (Berriak eta Deiak elkarrizketa egin zioten). Kazetaritzak aukera bikainak dituela bizitzen ari garen une honetan; dena dagoela egiteko, esan zuen hainbat aldiz (Twitterren saiatu nintzen harek esandakoak batzen). Hari entzunda sekulako “subidoiarekin” atera nintzen saiotik; atzo goizean, berriz, zapuztuta. Baina, ezin depresioan erori. Lana emango digunik ez dago, arlo guztietan justu samar dabiltza-ta; hala ere, aukera badago istorioak kontatzen segitzeko eta erremintak badaude informazioa eskuratzeko eta zabaltzeko.
Asmatzea da kontua, baina saiatu barik ezin. Beraz, ez amore eman. Birziklatzeko beldurrik ez, josteko makinarekin bada ere (inongo gerratan sartu barik, jakina!).