Ona da telebista publikoak “albiste ofizialak” kontrastatzea

Gaur egun, 9. minututik aurrera

Domeka iluntzeko Teleberrian ikusi nuen (7’31”). Baina hona euskarazko bertsioa ekartzeko, Nahieran zerbitzuan aurkitu dut euskarazkoa, Gaur egun (9’11”); eguerdian eman zuten Jasone Agirre kazetariak EAJk eta PSEk sinatu duten itun fiskalaren inguruko bideoa. Atentzioa deitu zidana zera izan zen: hitzarmenaren edukia hain garrantzitsua dela saltzen aritu ostean, telebista publikoak pieza “kritikoa” egin zuela, edo gutxienez, beste ikuspegi bat ematen saiatu zela, ekonomiako bi adituren iritziak batuz: Mari Carmen Gallastegi ekonomian katedraduna eta Adrian Zelaia, Ekai Center-eko zuzendaria.

Biek ala biek azpimarratu zutena zen hitzarmena orokorregia dela eta zehaztasun asko falta zaizkiola, gure ekonomia sustatzeko balioko duten neurriei dagokienez.

Poztu ninduen bideo-albiste horrek. Kazetaritzaren oinarriei erantzuten zien, hau da, informazioa kontrastatzeko aukera eman zigun; iturri ofizialetatik harago, eta kasu honetan, inplikatutako alderdi politikoen iritzietatik harago, ekonomia gaietan jantzita dauden beste bi iritzi jaso zituztelako, bestelako ikuspegia emanez. Ez da ohikoa izaten euskal telebistan iturri ofizialetatik datozen albisteak era horretara “dudan” jartzea; are gehiago, azken hilabeteotan izan dugun “hitzarmenik garrantzitsuena” bezala saldu digutenean gaur Urkullu lehendakariak eta Lopez lehendakari ohiak sinatuko dutena.

Behin baino gehiagotan kritikatu ditugu ETBko albistegiak, behar den bezalako informazioa eman ez dutenean eta, horregatik, garrantzitsua deritzot atzokoa moduko informazioak egiten direnean ere ondo egindako lana aitortzea.

Espero dezagun atzokoa ez izatea salbuespena eta maizago ikustea “bertsio ofizialak” kontrastatzen dituzten informazioak euskal telebista publikoan.

Kategoria: Kazetaritza Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

Erantzun bat Ona da telebista publikoak “albiste ofizialak” kontrastatzea bidalketan

  1. egilea: kofrie

    Erabat ados

Utzi erantzuna kofrie(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude