Sute ikusgarria gertatu da Busturialdeko enpresa handi bakarrean, Maier

maier-kea

Aurtengo lehenengo hiru hilekoan langabezia Busturialdean %15,57koa zen, Lanbideren datuen arabera (grafikoa). Uztaileko datuen arabera, aldiz, jaitsi egin ei da puntu baten: %14,3.

LAB sindikatuak martxo aldera salatu zuenez, azkeneko 5 urtetan, “beste baten kontura lan egiten dutenen lanpostuen %17,6 suntsitu dira (adierazgarriak Muxika, Bermeo, Forua, Gernika)”.

Muxikan Finsa-Inama enpresa itxi zuten iaz, eta zuzeneko 130 lanpostu galdu ziren; Foruko Rinder enpresa EREan dago eta ia 100 langileen lanpostua kolokan.

Datu horiek guztiak eta gehiago izan dituzte Ajangizko Maier kooperatibo beharginek gogoan, euren lantegian piztu den suteari begira zirela. Izan ere, Maier da Busturialdeko dimentsio horietako enpresa bakarra. Gaur egun eskualdeko ekonomiaren motor bakarra dela esateraino.

Ordubete luzez ke beltzezko zutabe luze batek hartu du Urdaibai inguru hori. Txispa batek eraginda piztu da, enpresako atzeko aldean. Ia 4 pisuko altura zuen teilape baten batzen ziren itzultzeko plastikozko pieza guztiak, edukiotziak eta teilapea bera erre dira. Zorionez sua ez da iritsi ondo-ondoan dagoen disolbatzaile eta pintura batzen diren biltegira.

Horiek dira Mondragon Korporazioa taldeko kooperatiba horretan darabilten lehengaietako batzuk: plastikoa, pintura eta disolbatzailea. Izan ere, automozioan aritzen dira Maierren, autoentzako piezak egiten dituzte: Audi, Nissan, Toyota, Volvo, Renault, Citroen, Peugeot, Ford, Mercedes, Vokswagen, Jaguar… Teknologia zentroa ere badauka, orain bi urte berritu zutena.

Ajangizko instalazioetan 800 bat lagunek lan egiten dute, eta horri zeharkako lanpostuak gehitu beharko litzaieke, bai eta gainerako lantegietan dituenak: Nafarroan, Galizan eta Txekian, esaterako. Guzti-guztiek eta euren familiek inoizko susturik handiena bizi izan dute (dugu) gaur goizean.

Gaurkoa, susto galanta

Goizeko 10:15ak aldera hasi da sua. Sute-simulazioan ikasitakoari jarraitu diote enpresa husteko, baina hango beharginetako batzuk kontatzen zutenez, “sugarrak ikusi ditugunok korrika atera gara”. Izan ere, margotzeko gunetik oso gertu piztu da sua. Are gehiago, eurak izan dira, suhitzaileek sartzeko baimena eman dutenean, fabrikara azkenak itzultzen. Euren sekzioan, goiko solairuan kea zen oraindik 13:15 aldera.

Arratsaldeko txandakoak ere joan dira 14:00etarako lanera. Hasieran makinak martxan jartzeko zain egon badira ere, baimena jaso dute ekiteko berehala, suhiltzaileak oraindik han zirela, argazkietan ikus daitekeenez.

Kalte materialak zenbatekoak diren jakitea geratzen da orain, bai eta lan arriskuetarako istripuak saihesteko neurriak zein gainerako protokoloak ondo betetzen diren ziurtatzea, ohikoa izaten denez horrelako istripu baten ostean.

 

Kategoria: Ispiluari begira, Kazetaritza Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude