Zapatu gauean Lurgorriko (Gernika-Lumo) San Lorentzo jaietan aritu naiz txosnan laguntzen. Antzuolako jaietan eta Sanferminetan ere ibili izan naiz lehenago, baina urte dezente pasa da harrezkero. Aitortu behar dut primeran pasa nuela eta nire sorpresarako, jendea ere primerakoa tokatu zitzaidala. Sorpresarako diot, bestelako oroitzapena neukalako txosnako giroaz.
Zapatuan gazteenek, guzti-guztiek, euskaraz eskatzen zuten; edalontzia birziklatzeko ohiturari jarraituz, basoko euro bat ordaindu behar zela esanda inork ez zuen arazorik jartzen eta “eskerrik asko” bolo-bolo erabili zuten. Edukazio oneko gazteak! Horretxek harritu ninduen gehien: dirua eman orduko, eskerrik asko esaten zutela guztiek.
Izango du zerikusirik euren adin berekoa nintzela ni txosnan aritzen nintzenean, ez gaur egun bezala. Hala ere, txosna barrutik ikusi nuen portaerak onerako harritu ninduen. Are gehiago, euren mozkorraldia gehitzen zoala ikusi arren, zelako neska-mutiko formalak eskatzeko orduan!
Estrategia zela pentsatzera ere iritsi nintzen une batez. Atzo, berriz, txosnan egon ginenon artean komentatzen, bat etorri ginen denok: jendea primeran portatu zela eta “eskerrik asko” izan zela gehien entzun genunena, Mariette txupitoa, kalimotxoa, kañia, barcelókubata eta bestelakoekin batera. Txosnetan trending topic izan ziren #eskerriasko eta #mariettetxupitoa (anana likorea da eta adikzioa sortzen duelakoan nago!)