Goienan argitaratua 2013/07/26
“Akordioa gogorra da, baina lortu dugu langile guztiak salbatzea”. Horrela iragarri zuten M4Ftik kaleratu behar zituzten langileek martitzenean. Eta pozgarria da albistea, bai horixe! Ekainaren 11n enpresak, Eitb.com-eko edukiez arduratzen zenak, enplegu-erregulazio espedientea aurkeztu zien 27 langileri. Hauek greba mugagabeari ekin zioten eta hilabetea pasata, Euskal Herrian barrena euren protesten berri zabaldu ostean, eta negoziazio latz baten ondotik, kaleratzerik ez gertatzea lortu dute. Ordaintzan langileek soldata erdira jaistea adostu dute. Garesti ordaindu dute. Eta, garesti ordaindu du baita eitb.com-ek ere: hilabete batez behera egin du bisita kopuruak (http://www.eitb.com/ webguneak sare sozialetik ohi zuen bisiten % 30 inguru galdu zuen ekainean, 107.559 bisita gutxiago); frantseseko eta ingeleseko webguneak itxi dituzte; gaztea.com atariaren berritzea ere dezente jaitsi da jende faltagatik, besteak beste.
Harrigarriena da, gainera, eitb.com webgunearen aurrekontua EiTB osoaren aurrekontuaren %3,13 izanik, murrizketarik handienak hortxe egin nahi izatea Euskal Irrati Telebista publikoa zuzentzen dutenek. Lab sindikatuak argitaratu zuenez, %31koa. Pentsatzekoa da 1.000tik gora langile dituen enpresa publiko horrek, baduela eragin hain kaltegarriak izango ez dituen aurrekontu partidak jaisteko beste aukeraren bat. Zergatik, beraz, Interneteko ataria eguneratzeaz arduratzen den lantaldea bazterrean laga nahi izatea? Hain justu, informatzeko erabiltzen den kanalen artean, hazkunde handiena duena?
Betikoek segitzen dute krisiaren ondorioak ordaintzen. Oraingoan, garesti bada ere, ordea, langileek lortu dute, aldi baterako, barkuari eustea eta kaleratzeak geratzea. Erakutsi digute bat eginda posible dela. Lekzioa gure egin dezagun eta udako oporretatik, dituzuenak, pilak ondo beteta ekarri bueltan; zerumugan iraila ere mobilizazio hilea izango dela ikusten baita.