Ez pentsa gero, Bizkaian bizi naizelako, bilbozentrismotik ari naizenik. Baina, aitortzen dut Donostia urrutiegi geratzen zaidala; zehazki, 92 km eta 9,39 eurora (bider 2).
Gasteizera lanera joan-etorrian ibili nintzen bitartean ez nuen hainbeste igartzen; behin baino gehiagotan egin nuen Gernika-Gasteiz-Donostia-Gernika edo Gernika-Gasteiz-Iruñea-Gernika edo bestelako konbinazio xelebreagoak. Baina, lanera joaten ez naizenetik… distantziari baino gehiago, gastuari erreparatzen diot eta aitortu dezagun, Bidegiren prezioak ez daude egokituta langabezia kobratzen ari den baten eros ahalmenari.
Horregatik, hain justu, Donostian antolatutako hitzaldi interesgarri baten albistea irakurtzen dudan bakoitzean, horixe datorkit gogora: zein urruti dagoen Donostia! Hainbat aldiz gertatu zait aspaldi honetan: joan zen astean Haritz Rodriguezen aurkezpenarekin, astelehenean Txopiren hitzaldiarekin; martitzenean Pascual Serranorenarekin; (bide batez doala, 3 kasuetan Edu Lartzangurenek Berrian egindako elkarrizketek piztu zidaten harra); edo atzo, Gorka Julioren artikuluarekin (hori ere Berrian). Ia streaming saioak normalizatzen diren. Bide batez doala, guztiak gizonezkoak!