Patrozinatzaile handien (BBVA, El Correo, Bilboko Udala, BFA) ‘saraoak’ ikusgarriak izaten dira gehienetan; leku handietan izaten dira (Guggenheim) gustura sentiarazten zaituzte, inportantea. Badago, ordea, ordaindu beharreko peajea: babesle-patrozinatzaile-mecenas delakoen diskurtsoak! Eta, ez dira gutxi izaten gainera. Zenbat eta sarao handiagoa, orduan eta mini-diskurtso gehiago!
Adibide bat jartzeagatik, Guggenheim museoan egin ziren Innova jardunaldiak hartuko ditugu oinarri; horrelakoetan gertatzen den bezala, hizlariak izan ziren: 1) antolatzaile nagusia, 2) lurralde erakundeko ordezkaria, 3) udal ordezkaria eta 4) dirua jartzen duenaren ordezkaria. Guztiak gizonezkoak.
Eta, haiei entzuten eta begira nintzela, hizlari tipoak zerrendatzen hasi nintzen: a) hizlari ‘efikaza’, hau da, bere mezua argi adierazten duen komunikatzailea; b) entzulegoaren arreta erakartzeko teknikak erabiltzen dituen ‘vendebiblias’ delakoa (kariño osoz); c) bere erakunde, enpresa, elkarte edo dena delakoak gauzak zein ondo egiten ari den azaltzera mugatzen dena, edo “encantado de conocerse” delakoa; (kontuz, kasu hori ‘quedaguaiekin’ elkartrukatu daiteke, hau da, hara agertu direnei bere esker ona ematera mugatzen den tipo sinpatikoa, umorea erabiltzen duena publikoari irribarrea eragiteko, baina inongo mezurik ematen ez duena); eta d) erakunde instituzionalaren izenean hara agertzera “kondenatua” eta, beraz, konpromisozko diskurtsoa egiten duena, han eta hemen balekoa izan daitekeena. Guztiak gizonezkoak.
Aitortu behar dut, dena dela, ponenteen kasuan (bat izan ezik, guztiak gizonezkoak) denetarikoa egon zela, eta kasurik gehienetan komunikatzaile bikainak zirela, mezuarekin. Gainera, bestela ezagutuko ez nituzkeen proiektuen berri izan nuen Innovan (guztiak gizonezkoak) eta hori asko eskertzen da, batez ere, norberaren proiektua definitzeko orduan trabatuta baldin bazaude.
Oharra: argazkietakoak ponenteetako batzuk dira (denak gizonezkoak); protokoloko hizlarien argazkirik ez nuen atera (haiek ere denak gizonezkoak, aurkezleak barne).