Ezinbestekoa bereiztea, Twitter erabiltzaileez ari naizela, hartzailea eta erabiltzailea:
1- Hartzaile gisa: besteek diotena irakutzeko, jendea zertaz ari den ezagutzeko, albiste interesgarriak jasotzeko. Hori horrela izateko: ezinbestekoa jende egokia jarraitzea.
2- Erabiltzaile gisa: ekarpenak egiteko bi modu: norberarenak, beti eta zerbait interesgarria esateko baduzu (iritzietatik harago, edukia eskaini); edo, besteen artikuluak bertxiotzeko (zuk zeuk kuratze lana egin ostean, besteentzat ere interesgarriak izango diren loturak eskaintzeko).
Loturak bertxiotzeko orduan, egunkarietako albisteez harago jo beharko genuke eta horretarako blogari interesgarriak jarraitu. Espezializazioak kriba dezentekoa egin du horretan ere, eta lana bada ere onenak jarraitzea (edo “onenak” identifikatzea), beti dago Twitterren horretan aritzen direnetatik ikasterik; izan ere, Twitterren ere asko direlako gai zehatzen inguruan txiokatzen dutenak.
Egon naizen azkeneko hitzaldietatik hainbat irakaspen atera ditut, baina sare sozialei etekina ateratzeko kontuan bat etorri dira aspaldian entzun ditudan hizlaririk gehienak. Izan ere, egon behar horrek agobiatu egiten gaitu, zertan ari garen argitu ezean.
Beraz, erabaki dut ekarpenik egiteko badago egin egingo dudala, baina, zintzoki, nik neuk etekin gehiago ateratzen diet besteek, dakitenek, diotena irakurtzen. Beraz, lehenengo eta behin, nire zerrendak errepasatzen hasi naiz, sailkatzen, eta “adituen” zerrendak edo jarratzaileen artean kuxkuseatzen, “aditu” bila.
Bestela, badago Twitter entretenimendurako erabiltzerik ere; nola ez! Zenbatek ez dugu telebista saioren bat jarraitu Twitter zabalik dugula eta etiketa zehatz bat gure denbora lerroan dugula, jendeak dioena jarraitu? Ze, zelako jende ona dabilen hortik! Edo, nor ez da ibili euskal txiolarien artean egindako azkeneko jolasean, #umetakoberbak?