Azaletatik sustraietara. Disko azalek kontatzen zutenari begira

Doro Zobara erakusketan, Berlalaguneko kideekin

Doro Zobara erakusketan, Berlalaguneko kideekin

Azaletatik sustraietara erakusketan izan ginen atzo Berbalagunok, Gernikako Elai-Alai aretoan. Izen bereko liburuan oinarrituta, 1960tik 2010era bitarteko musika diskoen azalak hizpide hartuta, gure kulturaren eta herriaren azkeneko harmakedetako historiari errepasoa eman genion. Doro Zobaranek egin zigun gidari lana. Kitarra eta harmonika lepoan eskegita Bob Dylanen “Blogin in the wind” abestiaren zatitxo bat kantatu ostean, euskarazko bertsioari ekin zion. Ez nuen ezagutzen, baina Luis Amilibiak itzuli zuen bere egunean.

Azaletatik sustraietara Diskoen azalek transmititzen dutena asmatzea sarri askotan ez da erraza izaten. Testuingurua ezagutu behar izaten da askotan, musika talde edo bakarlariak bere lanaren azalean erakusten zuen hura ondo ulertzeko. Iker Barandiaranek gogoratzen zuen bezala: “(…) diskoen azalek zuten garrantzia eta erreferentzialtasuna galdu dute. Horregatik ia galbidean daude azalak, baina diskoen azalek garai bakoitzari buruzko artearen, tendentzien eta joeren berri ematen dute, eta horretan datza liburu honen garrantziaren alderdi handi bat”.

 
Bestelako disko azalen bilduma egon badaude; 2012ko abenduan esaterako, Vinilos. Las mejores portadas de discos de la historia kaleratu zuten. Baina “Azaletik sustraietara” gure historiaz ari da, gutariko askok bizi izan duguna, edo, adinaren arabera, kontatu digutena.

Bideoan ere bai

Elai-Alaikoari, diskoen azalekin osatutako erakusketaz gainera, ikus-entzunezko bat ere gehitu diote . Hamarkadaz hamarkada, gertaera esanguratsuenen historiaren errepasoa osatu dute ordu laurdeneko bideoan, garaian garaiko abesti zatiez lagunduta. “Ez dok hamahiru”tik hasi eta 80ko hamarkada zoroa, 90eko psikodelia eta disko-jartzaileen ondorengo garapena. Euskal kanta berriak, punkaren euskal bertsioa, gazteleraz abesten zuten euskal kantariak, aldarrikapen hitzak alde batera utzita poetikari eutsi dioten poperoak… Guztiak agertzen dira ikus-entzunezkoan.

Lan polita egin dute. Erakusketa osatzen joan dira denborarekin eta oraindik ere badago nondik landu eta zer eskaini, esan zigun Dorok.

Otsailaren 28ra bitartean dago ikusgai Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan eta gero Iparraldera eramango dute. Baina, mereziko luke, handik eta hemendik zabaltzeko aukera gehiago ematea “Azaletik sustraietara. Euskal Musikaren azala 1960-2010” erakusketari.

Azaletatik sustraietarako erakusketaren inaugurazioa

Kategoria: Kazetaritza, Kultur ikuskizunak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude