Ni ez naiz Xabier Montoia zalea, baina gustatu zait zuzenekoa

Rafa Ruedak eta Xabier Montoiak kontzertu bana egin zuten barikuan, Durangoko Plateruenaren erdi-erditik. Hortxe jarri zuten moketa beltza eta musika tresnak borobila osatzen. Inguruan, mahai-gainetako kandelatxoek, giro intimoa sortzen lagundu zuten. Publikotik arituko zirela iragarri zutenean (musikariak jende artean egongo zirela) kezka nuen, ia ez genuen asmatuko nora begiratu. Montoiaren kontzertua hasiko orduko, ordea, arazoak abeslariak zituela ohartu ginen: publikoaren ze aldetara begiratu ez zekien. “Eskerrik asko aurrekoei, eskerrik asko atzekoi, ezkerrik asko ezkerrari, eskerrik asko eskubiari”, aritu zen 360 graduko bira eginez.

xabier_montoia_plateruena

Kontzertua ondo atera zelako pozik agertu zen Montoia, amaieran. Aurretik, ordea, Athleticek galdu zuelako tristura erakutsi zuen. Horregatik-edo, ‘pornografia sentimentala’ eskaini zigun. Horrela deitu zion kontzerturako prestatu zuen kanta bildumari.

Eskertu zituen Montoiak gerturatu ginenon txaloak; bai eta bertaratu izana ere. Antza, Rafa Ruedarekin batera egin zuen azkeneko kontzertura 6 lagun hurbildu ziren eta horietako bik, mozkor-mozkor eginda, Ondarroako kantutegi osoa eskaini zuten.

Ni ez naiz Xabier Montoia zalea; ez nuen bere musika ezagutzen, #daitort. Baina, gustura egon nintzen Plateruenean. Kritikaren bat egitekotan, hasiera berandutu egin zela (derbiagatik, ote?). Osterantzean, itzel egon zen Montoia. Gehitzen joan zen kontzertuan aurrera egin ahala, hainbeste ze, biserako gorde zituen ingelesezko klasikoetako baten mikrofonoa lurrera jausi eta oihuka amaitu zuen. Itzela!

Ruedaren kontzertuaren barruan

rafa_rueda

Berrian egindako elkarrizketan esan zuen «Elektrizitateak urrundu egiten du musika tresna benetakotasunetik», baina Plateruenean bere eta bere musikarien musika tresnek elektrizitateari esker eman zutena handia izan zen. Musikaren erdian banengo bezala entzuten zen boskotearen musika. Lan ona egin zuten bozgorailuen banaketan; ni neu musikak bilduta sentitu nintzen.

Bikaina izan zen Kirman Uribek idatzitako Udaberri lorea abestiaren interpretazioa. Ohi bezala, amaiera izugarri luzatu zuten bostek eta isiltzera zihoazela berriz ere goranzko bidea hartu zuten, subidoia!

Laburra egin zitzaidan kontzertua, baina merezi izan zuen Durangora hurbiltzea, kanpoan sekulako hotza egiten zuen arren. Berezia izango zela iragarri zuten eta halaxe izan zen. Behingoagatik taula gainera begira egon barik, publikoak ere kontzertua barrutik sentitzeko, eta ikusteko, aukera izan genuen eta esperientzia, niri behintzat, asko asko gustatu zitzaidan.

Eskerrik asko!

 

Kategoria: Kultur ikuskizunak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude