Familia gutxi batzuek jarritako
salaketa aintzat hartuta, Konstituzionalak eta Gorenak sententzia
eman zuten: eskubidea zutela euren seme-alabak gaztelania hutsez
matrikulatzera Katalunian. José Artiachi irakurri diodanez gaur La
Vanguardian, azkeneko matrikulazio datuen arabera, 50.000 ikasle
berrietatik dozena bat familiak eskatu zuen gaztelaniaz eskolatzea.
EAEko matrikulazio datuak ere oso adierazgarriak dira; urtero gora doa euskara hutsez aritzen den eredua eta behera, aldiz, gaztelania hutsez ari dena. Gurasoek nahiago dute euren seme-alabek gure hizkuntza ofizial biak ikas ditzaten. Berriak otsailaren 15ean argitaratutakoaren arabera, EAEn “18.433 ikasletatik 14.162k egingo dituzte ikasketak euskarazko ereduan (%76,83). Guztira, iaz baino 419 gehiago dira horiek”.
Hala ere, PPkoak (eta sozialistak gobernuan egon direnean ere halaxe aritu dira) tematu dira arazo izan dadin euskaraz ikasteko hautua egitea eta estrategia inposatzea erabaki dute, gutxi batzuen eskariari jarraiki.
Gehiago gara, askoz gehiago, etxe kaleratzeen kontra gaudenok, baina hoiei muzin egiten die PPk; gehiago gara, askoz gehiago, lan erreformak enplegua ez duela sortzen diogunok, baina hoiei muzin egiten die PPk; gehiago gara, askoz gehiago, armagintza aurrekontua kentzea eta gastu soziala gehitzea eskatzen dugunok, baina hoiei muzin egiten die PPk…
Hala ere, gure hizkuntza propioan ikasteko eskubidearen kontra, dozena bat familiek lortu dute PPren gobernuak kasu egitea.
Ez zaigu besterik gertzen: Euskal Herrian eta Katalunian INTSUMISIOA!
Katalunian jada deitu dute manifestazioa hilaren 13rako. Guk Durangoko Azoka aprobetxatuko dugu.