Julian Belokiren debaldeko aholkuak

Halaxe aritu zitzaigun Euskadi
Irratiko esataria
. Adinez, eta pisuz, bikoizten gintuela eta,
komunikaziotik zerbait badaki profesional eran ikasitakotik dela, hortaz,
saiatuko zela komunikazioaren moduak-estrategiak azaltzen.

 

Egun bi izan genuen irakasle Multimedia
Masterreko ikasleok, Beloki
jauna
. Tipoak gogoa jarri zion, bai horixe; gu ere saiatu ginen, baina
“lotsa” gehiegi sumatzen zen klasean. 
Madonnaren bertsioan ez,
baina Aldapeko Sagarraren abesten jarri gintuen egun bietan (beheko ahotsean
hasi eta gora, gora, gora!); bat-batean sortutako testuak interpretatzen klase
aurrean; arnas ariketak praktikatzen… Eta, den denak, debalde. Horixe esan
zigun-eta bakoitzean: “hau ere debaldeko aholkua”. Eta, gu esker onekoak
garenez, hala eman genizkion klasean.

 

Komunikazioan zerbaitek bereizten bagaitu
ez da esaten dugunak, egiten dugunak baizik
. Esaten
dugun hori adierazteko darabilgun moduak, alegia. Eta, adibide asko jarri
zizkigun, batzuk berak interpretatu zituen, ahots joko oso adieragarriak
eginez; beste batzuk, guk geuk egin genituen eta bere iritzia eman zigun, hola
edo hala esan edo mugituz gero, adierazgarriagoak ginatekeela erakusteko.

 

Hizkuntza sinbolikoan euskaraz kamuts ari garela ere esan zigun. Eta konstatazio modura, guk geuk
egindako ariketa. 160 hitz idatzi genituen gutariko bakoitzak, ariketa gisa
sinbolismoa erabili behar genuelarik. Hala ere, ohitura faltatik harago,
ezezagutza nabarmendu zen gehienon artean. Ez dauzkagu erreferente sinboliko
nahikoak euskaraz. Eta, jakina, pellokeria den arren, gehiago irakurri beharra
daukagu; iritzi sailetan euskaraz aritzen direnak jarraitu, testu laburretan
asko esateko, gauza handiak esateko, abildadea dutenak irakurri; Andu
Lertxundi, aipatu zigun (justu asteon aurkeztu du Durangorako bere azkeneko
liburua).

 

Baina, zenbat hitz egiten dugu? Egunerokoan, gutariko bakoitzak zenbat denbora ematen du hizketan?
Bataz beste 11 minutu! Jakina, hori entzunda aho zabalik geratu ginen,
baina kalkulu azkarra eginda hortxe froga: telefonoz deitu beharrean whatsappa
edo imeila erabiltzen ditugu; batera eta bestera mugitzen garenean, gehienetan,
bakarrik egiten dugu, isilik; eta etxean bagaude ere, badira telefono bidez
komunikatzen direnak (anai-arreben artean gurasoen enkarguak emateko whatsappa
bidaltzen direnak ere badira, pasilloan aurreraxeago joan eta ahotsez esan
beharrean). Hortaz, hain denbora gutxi ematen badugu hitz egiten, esateko
daukaguna zaindu besterik ez zaigu geratzen. Ze, idatzitakoa esatea, etxeko
sofan bada, “hor libreak gara” —esan zigun Belokik—, baina inori esateko bada,
orduan komeriak!

 

Laburrean, debaldeko aholkuak:

       
Goizean, hitz egiten hasi
aurretik, arnasa sendo hartu tripa bete arte, eta mingaina aho-sapaira ekarrita
R letra ahoskatu jarraian; 20 segundura ailegatzen bazarate, ño!

       
Arnasa hartu 10 segundutan
jarraian; eutsi aireari barruan 2 segunduz; bota ondoren, 10 segundutan zehar.
Lasaitzeko mekanismo.

       
Paper batean 5 berbako zerrenda
osatu eta esaldiak sortzen saiatu; kontakizuna sortu. Bertsolariaren errimak
dakienak erraz egingo du, baina bestela, esaldi solteak sortzetik hasi.

       
Albistea irratirako zein
idatzirako denean, erabili sinbologia komunikazioan laguntzeko. Modu naturalean
egin.

 

Eskerrik asko, Julian.

Kategoria: Kazetaritza Etiketak , , , , . Gorde lotura.

2 erantzun Julian Belokiren debaldeko aholkuak-ri

  1. egilea: Marijo

    Julian, eskertzen da ba. Hurrengo gehiago eta hobeto.
    A, ta, bai tarteka aritzen naiz arnasketa praktikatzen eta R-arekin bueltaka;-)
    Sinbologiarena, tira… Ahalegin gehixeago egin beharko.
    Hurrena arte

  2. egilea: Julian Beloki

    Eskerrak zuri, Marijo.

    Ikasle finik izan baldin badut, izan zara zeu bat, irakurrria irakurrita. Bi eguneko jarduna hain egoki laburtzeko gai!

    Ongi izan.

Utzi erantzuna Marijo(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude