Tranxmendia jardunaldiak (III): Korrika 18, transmedia esperientzia

Transmedia hitz potoloa argixeago geratu zitzaidala komentatu nuen aurreko post batean
eta aipatu nuen, “teorian trasmediak badaukala idealismotik asko;
elkarlana, aniztasuna, parte-hartzailea… Kontzeptu sozial horiek guztiak
herrilana ekarri zidaten gogora”.

Horregatik, logika bazeukan Tranxmedia Jardunaldien bigarren partean, Korrika
hizpide hartzea eta 18. Korrikari begira transmedia proiekturen bat
zehazteko ideia zaparrada egitea. Izan ere, elkarlanean eta era
transbertsal batean egiten den esperientzia bat ezagutu eta errepikatu
badugu herri honetan, hori korrika izan da. Eta, halaxe egin genuen,
arratsaldeko saioan. Mahai borobiletan banatuta, sei taldetan antolatu
ginen eta bakoitzean koordinatzaile-moderatzaile-gidari lana egiteko
ardura hartu zuen batek: Maialen Lujanbio, Maite Goñi, Ane Muñoz, Joxe Rojas, Iban Arantzabal eta Gorka Julio. (Ikus bideoa, eitb.com)

Traxmedia jardunaldietan, urriak 30

Puntuak
jarri zizkiguten AEK-ko eta Korrikako komunikazio arduradunek: Igor
Elorduik eta Ana Castrok: euskararen lurraldea eta elkarbizitza,
batetik, eta euskara ikasleak, bestetik. Hala ere, ez genekien oso ondo
nondik hasi. Izan ere, goizeko saioan ikusi genituen transmedia proiektuak
ikaragarriak izan ziren eta era horretako adibideen aurrean, tamainako
ezer proposatzea ez da erraza. Hortaz, eta girotzen hasteko, jolas
batekin ekin genion: hitz bakar baten, zer datorkizu burura korrika
esanda? Ze kolorekin lotzen duzu Korrika? Nor ikusi nahiko zenuke
korrika? Ze usainekin lotzen duzu?… Eta holaxe aritu ginen, seinako
taldean bakoitzak berea esan eta azaltzen; dibertigarria izan zen eta
bai, izotza urtu eta ekin genion “transmediari”!

Gurean azpi talde
bitan aritu ginen. Elkarbizitzaren eta euskararen lurraldearen kontura
aritu zirenek, korrika egunetan zehar garatzeko proposamena egin zuten.
Proiektu oso interesgarria egin zuten: korrika “pasatzen” denean
geratzen den arrastoa, euskarak bere egiten duen espazio hori narratzea
protagonisten ahotan eta egiten dituzten keinuen bitartez (korrika egin
ostean bueltako bidean sortzen diren elkarrizketak, inter-akzioak).

Beste
azpitaldean, korrikaren aurrelana hizpide hartzea proposatu genuen.
Nolabait, korrikak sorrazten duen emozio kutsakor horren abiapuntua, edo
kutsatzearen zepa, prestaketa lanetan inplikatzen direnak direla
kontuan hartu eta, gure storytellinga hor abiatzea. Helburua litzateke
emozio hori nola kutsatzen den azaltzea, eta talde lanean aritzeak
kutsatzea era azkarrago batean zabaltzen duela erakustea; Korrika
iristen denerako, Euskal Herria hartzen duen lurralde osoa kutsatua
egoteraino, alegia.

Ordu eta erdiko brain stormingaren
ostean, dinamizatzaileek mahai bakoitzean sortutako proposamen,
historiak, jokoak, esperientziak laburtu zituzten eta, egia esateko,
proposamenetako batzuk oso onak ziren eta parte hartzea eragiteko
benetan erakargarriak. AEK-koek nahi badute, badaukate materiala
korrikaren webgunearen bidez, hainbat lehiaketa abian jartzeko,
euskararen jolasteko, herritarrak inplikatzeko, euskararekin kutsatzeko.

Tranxmedia jardunaldiak, eta arratsaldean egin genuen ariketa, multimedia komuniazio masterrean
garatuko dugun proiekturako baliagarria izatea zen asmoa eta han
entzun, ikusi eta ikasitakoarekin transmedia proiektu bat sortzea. Ari
gara bueltak ematen zein istorio kontatu nahi dugun zehazteko eta nola
kontatu nahi dugun definitzen.

Epe muga: urtarrilak 15, korrika 18-rako hilabete bi faltako direnean.

Kategoria: Euskararen patria, Kazetaritza, sare sozialak Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude