MKM, Multimedia Komuniazioa Masterra. Halaxe dauka izena astelehean hasi nuen ikasturteak. EHUk eta EiTBk antolatutako masterra da, Bizkaiko campusean. Ikasturte osoko arratsaldeak emango ditut Leioan, baina gogotsu; bai horixe!
Gogotsu, beharko; ze, gure ofizio-profesioaren egoera negargarriak eta nazkagarriak ezinbestean eskatzen digu berehalako etorkizuna bilatzea; ez bakarrik krisiak eragin dituen lan baldintza eskasengatik, enplegu faltagatik eta ohiko hedabideen gainbeheragatik. Baizik eta, profesioa bera ere nahikoa prostituitua dagoelako.
Atzo Luistxo Fernandez izan genuen irakasle eta erredakzioak irudikatzeko idazmakinetan ari ziren tximino taldearen marrazkia erabili zuen (argazkikoa Interneten aurkitu dut); prentsa kabineteak, aldiz, black men taldea ziren!
Nora goaz, bada panorama horrekin?
Batzuek Community Manager gisa “psikologia soziala” egitera, @luistxo -k zioenez; “mesias” antzeko zerbait; hau da, zer esaten da zutaz sarean, bada aztertu eta negatiboa bada mezu positiboak zabaltzen hasiko gara, edo egurra ematen badigute beste aurpegia jarriko dugu…
Beste batzuek Curator antzera, informazioa hainbat iturrietatik jaso eta antolatzen eta uztartzen, Optimus Prime gisara; hala irudikatu zuen berak, Transformerreko robotaren marrazkiarekin.
Hortaz, eta “robotak gu, kazetariok, baino hobeak badira, zer geratzen zaigu? Komunikatzeko pasioa!”. Halaxe bota zigun Luistxok atzo eta horretaz berak zerbait badaki.
Pentsa dezagun bada, ez dagoela dena galdua. Badaukagula oraindik zer komunikatu, eta Internetek eta aplikazio berriek ematen digutela nola hobeto, landuago, errazago, azkarrago, komunikatzeko aukera. Koipe askorik eman barik, baina, atzokoa entretenigarria izateaz gainera, aberasgarria izan zen. Eskerrik asko, @luistxo