1997ko uztailaren 12ko SanFerminak gogoan

Hamabost urte joan dira, 1997ko uztailaren 12tik. San Ferminetara bidean
Deskarga gainean ertzainek geratu gintuztela, Vanette furgoneta batekin
gindoazela. Iruñera bidean zenbat kontrol gehiago aurkituko genituen
galdetu genien eta abisua emango zutela, baina Nafarroan guardia
zibilenak izan genitzakeela esan ziguten. Ez genuen beste kontrolik
igaro behar izan Iruñera bidean.
 

Nissan-Vanette-Camper

Kakitzat taldearen txosnan txanda egiteko konpromisoa hartu genuelako
joan ginen lau lagun Vanette zaharrean. Lehenengo txanda eskatu genuen
urte hartan, ze, aurreko urtean goizaldekoa tokatu zitzaigun eta ezin
izan genuen sanferminez gozatu. Horren jakitun, txosna irekitzeko
txanda eskatu genuen, goizaldeko ordu bata bitartekoa; ostean,
parrandatxoa egiteko asmoz!

Arratsaldean zurrumurrua zabaldu zen Iruñeko Udalak jaiak geratuko zituela. Miguel Angel Blanco hil zuen ETA erakundeak.

Guk geneukan txosna irekitzeko ardura. Eta argi izan nuen: Udalak jaiak geratzen baditu, guk ere ez dugu txosna zabalduko.
Txosna gunera joan ginenean oraindik ez zegoen argi zein zen asmoa.
Inork ez zeukan argi zer gertatuko zen; izan ere, udalak entzierroa ez egitea erabaki zuela ere zabaldu zen. Lagunei esan nien, erabakia
hartzen badute, guk ere ez dugu irekiko; ezin dugu zabaldu.

Handik gutxira, ordea, jaiak jarraituko zuela jakin genuen; inork ez
zuela tabernarik ez zabaltzeko erabakia hartuko eta guk ere gure
konpromiso antimilitaristari eutsi genion eta Kakitzaten txosna zabaldu
genuen.

Hamabost urte joan dira, txosnako txanda amaitu ostean, nire
ohelagunarekin ligatu nuela sanferminetan; harrezkero bikote daukadan
ohelaguna. Gaurko egunez, orain dela 15 urte elkarrekin pasa genuen
sanferminetako goizaldea. Urtebete gehiago igaro zen berarekin berriro
hitzordua egin nuen arte, baina gure “urteurrena” uztailaren 12koa
izango zela erabaki genuen; 1997ko hura gogoan.

Kategoria: Ispiluari begira, Politika Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude