Mentiras y gordas. Pelikula horixe ikusten izan ginen atzo arratsaldean. Gazte asko egon zen aretoan; gurasoak gutxi. Justu bezperan SER irratian entzun genuen zela guraso batzuk euren seme-alaba gaztetxoekin pelikula ikustera joan ziren. Aita batek pelikularen hasieran semeak hartu eta aretotik atera zela kontatu zuen. Pelikula ikusi ostean ulertu dut; agian bere semeak gaztetxoegiak ziren. Hala ere, gurasoentzako ez dago txarto filma; gehiegikeriak era guztietakoak ageri diren arren, ez dago batzuen errealitatetik oso urruti; beti ere Euskal Herrian txortan ez dela egiten dioen esaera hori alde batera lagatzen badugu, jakina!
Badira urte batzuk nire ohe laguna antzeko giroan ezagutu nuela. The Organizationek Txitxarroa lehertarazi aurretik izan zen hori. Ez dut sekula gustuko izan musika ‘zera’ hori, baina aitortu behar dut, begiak itxita entzun ezkero, halako ‘zera’ bat sentitzera iritsi zaitezkeela, zela da hori: subidon, subidon subidon!!!!
Aspaldian ez dut horrelako dantza leku bat bisitatu; nahiago dut rokanrolla eta popa. Baina gustatu zitzaidan Mentiras y gordas filma. Eta amaiera aldeko irudi espresioa, Aste Santua pasa berri dela kontuan izanda, oso aproposa iruditu zitzaidan. Herrietan ez, baina euskal hirietan egon badira horrelako giroak, esku-eskura gainera. Gehiegizkoa bada ere filma, Callejeros ikusi baitugu gehienok Cuatron, eta hango gazteak ez dira filmakoak bezain ‘ederrak’, ratu bat pasatzeko modukoa iruditu zait. Kultura ministra berriak idatzi ei du filmaren haria, Alfonso Albacete eta David Mencesekin batera. Berak alaba bi ditu; jakin nahiko nuke alabek amak imajinatu duen errealitate horri buruz ze iritzi daukaten.
Ze, pelikulan bertan egiten diote elkarri galdera pertsonaietako bik: “Ta zuk? Zuk ez duzu zure burua engainatzen?”.
Auskako!