Done Jakue bidea (III)

600 kilometro egin genituen atzo aita bisitatzera joateko. Amari agindu genion zubia aprobetxatuko genuela eta Burgoseraino arrimatuko ginela. Aitak, baina, sekulako abiada darama eta Burgosen barik ia Leonera iritsita egon da; Palentziako probintziako Carrion de los Condes herrian zen atzo. Beraz, haraino joan ginen, Burgos pasa eta Santiagoko autobidea hartuta. Bazkaltzeko iritsik ginen; artean aita zain genuen, gu baino lehenago iritsi baitzen. “Etapa laburra” egin omen zuen goizean eta guk uste baino lehenago han zen bera, Bar Españaren terrazan, gure zain.
Hura izan zen bat-batean aurpegia alaitzea! Berea eta amarena, noski. Errepidearen bestaldean ginen gu eta aitarengana hurbiltzen utzi genion amari. Argazki kamera ere atera nuen, momentuan gogora dezaten biek gero. Pozik baino poziago, bata zein bestea. Ama galdezka eta galdezka eta aita, berriz, hura eta hangoa, harena eta bestearena… azalpen guztiak eman zizkigun.

Egun bi zeramatzan bakarrik oinez. Orreagan elkartutako lagun taldea utzita, bideari bakarrik ekin zion egun bi lehenago. “Behar” zuela esan zigun; “batzuetan bakarrik egotea ere ona” dela eta gainera, “denbora larregin elkarrekin” zeramatela esan zigun. Hortaz, aurreko egunean eta atzo bertan aterpetxean lagun  talde berri batekin topatu bazen ere, gaurko etapa ere bakarrik egiteko asmoa zuen berak.

Dirudienez malagako mutilak Estoniako neskarekin enrrollatu nahi du; neskak, aldiz, ez omen du nahi, baina ez zaio berba egokirik ateratzen gaztelaniaz eta “aguantatu” egiten omen du. Kataluniarra ere ohartuta zebilen istorioarekin eta “gogaitu” samar ari zirela kontatu zigun aitak. Gainera neska, poliki samar ei dabil eta berak, azkenean, bakarrik jarraitzea erabaki du.

Honezkero, beste pare bat pertsonaia ezagutu ditu:

  • 70 urteko madrildarra: “tanke” baten modukoa dela dio agureak. Hasieran herren ibiltzen omen da, baina behin erritmoa hartuta, euritakoa janzteko ere ez ei da geratzen; “soy como un tanque” esaten omen du; “si me paro, no vuelvo a arrancar”.
  • PPren boto emailea erregezalea:  erabat espainiarra den tipo batekin ere topatu da gure aita; hala aitortzen dela esan zigun, eta  gainera monarkiaren aldeko sekulako teoriak kontatzen dituena: Errusiara edo Bretainia Handira Españako ordezkaritza bat modu askoz ere “handiagoan” hartzen dutelako erregea dutelako Espainian; eta antzekoak kontatzen ei dituela.
  • Australiako senar-emazteak: andra-gizonak ei dabiltza bidea egiten elkarrekin; gaztelaniaz ere moldatzen direla eta aurreko egunean aitaren atzetik hainbat km. egin zituzten eta harrapatu zutenean, “Antonio, tienes unas piernas muy sexis” esan ei zion australiar gizonezkoak. “una vez gané un concurso de disfraces, vestido de mujer” esan ei zion aitak.
  • Autokarabana lagun duten erromesak: koadrila bat ei dabil, gizonezkoak bidea oinez egiten dutenak eta emakumeak karabanan atzetik doazenak; gero aterpetxean zigilua bota eta laurak karabanan lo egiten omen dute.

13. etapa zuen aitak gaur; bidearen erdia egiteko pare bat geratzen omen zitzaizkion atzo. Hortaz, laster Santigoa bidearen ekuadorrera helduko da. Ama, berriz, desiratzen dago aita etxera  bueltan etortzeko; atzo ere esaten zion: “ba nik uste, honezkero nirekin atzera etxera etorri beharko zinela”. Han laga genuen aita, Carrion de los Condes herriko aterpetxean, bisitarengatik eskerrak ematen eta amari agur esaten.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude