Blogarekin hasi nintzenean idatzi nuen “Urdaibaik horrelako paraje ederrak dauzka. Ardanzak ere bazekien eta bost solairuko etxea egin zuen Urdaibaiko Biosferako arau guztien gainetik Kanala auzo ederrean”. Artean oraindik El Correo egunkariak salatu zuen lehendakari izan zenaren etxeak Urdaibaiko eraikuntza arauei muzin egin ziela epaitegietan aztertzen ari ziren. Gaur irakurri dut hainbat egunkaritan Gautegiz-Arteagako Udalak epaileak bere egunean hartu zuen erabakia betearaziko diola Joxeantoniori ; tartean igerilekua kentzeko agindua.
Gogoan daukat oraindik gure etxea izango dena asmo bat baino ez zela, hainbat arau bete behar izan genituela; tartean Ajangizko Udalaren arau subsidiarioek esaten dutena. Baimena bageneukan etxea eraikitzeko, baina hala ere Urdaibaiko Patronatuaren baimenaren zain egon behar izan ginen ezertan hasi aurretik. Aldiz, lehendakari izan zen Ardanza jaunak, bost solairuko etxea egin zuen Kanala auzoan, Urdaibaiko itsasadarrari begira, legeak jartzen dituen muga guztien gainetik. Azkenean, oraindik errekurtsoa jartzeko beste aukera bat baduen arren, Joxeantoniok 37 cm-tan jaitsi beharko du bere txaletaren altuera, ganbara ezingo du erabili (etxeak pisu bat gehiago izatea dakarrelako horrek), etxea 15 metro koadrotan txikitu beharko du eta hori guztia gutxi balitz, igerilekua kendu egin beharko du
Ai, gizajoa! Zelako pena ematen didan. Paraje ikusgarri eta inbidiagarri horretan etxea egiteko baimena lortu eta gainera, Marbella estilora jardun!
Tira, Urdaibai inguru hori aspaldi honetan, legeak eraikuntza asko mugatzen duen arren, dezente aldatzen hasita dago. Gernikara bizitzera joan naizenetik etxe berri asko eraiki dituzte Urdaibai inguru horretan; Kanala auzoan asko eta Akorda herriaren azpikoaldean beste hainbat, Antzora inguruan hain justu. Guztiak ere itsasora edo itsasadarrera begira! Marbellatik urrin gaude oraingoz, baina jakin nahiko nuke eraikitzeko baimen horiek guztiak zein baldintzatan eman diren, lurzoruaren legea indarrean sartu aurretik egiten ari diren txaletak baitira guztiak, landa eremuetan gainera eta inolako baserri esplotazio barik.
Neri larria iruditzen zaidana, Ardanzak duen babes informatiboa da.
Hemen jakin nuen nik, zure blogean, Ardanzaren txaletaren berri. Ez du babesa aurkitzen bakarrik alkatesa horrengan Ardantzak, baita telebista eta egunkarietan ere.
Ardanza eredu da jende askorentzako, eta bere irudi hori ematen da, eredu dan gizon batena; albistea, letra larriz, egunkari eta telebista guztietan, zuk mezu honetan dakarzuna behar lukeenean.