Ardobidez Arabako Errioxa

Urte batzuk badira Mikel Garaizabal ezagutu nuena. Orduan, Anboto Durantaldeko astekarian nenbilen eta gurekin kolaborazioak egiteko eskaintza egin geniola gogoan daukat. Aurretik Goienkarian ere egin zituen.
Oraintxe laga dio tarte hori egiteari, baina ez ardoaz euskaraz informatzeari. Domekan kaleratuko du bere bigarren liburua: Ardobidez Arabako Errioxa-Rioja Alavesa. Bigarren liburua du elorrioarrak. Bere anaietako baten enpresan, Di-da diseinu enpresarekin atera ei du liburua. Horixe azaldu dit telefonoz egon garenean. Hartzidura eta horrelakoak berarekin ikasi nituen nik eta baita, ardoa usaintzen ere. Badauka Mikelek gauzak azaltzeko era erraza eta ardoaz ari dela izugarrizko emozioarekin aritzen da. Ziur nago bigarren liburua, aurrekoa bezain interesgarria izango dela. Bigarren lan honeta, enoturismoaz aritzen da Mikel. Arabar Errioxan dauden ardo etxeetan zehar bisitak egiteko aukerak jaso ditu. Aste Santua datorrela, aukera bikaina izan daiteke Mikelek eskaintzen diguna.
Liburua domekan Vocentoko egunkarietan aterako ei da eta liburudendetan datorren astetik aurrera egongo da eskuragarri.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Erantzun bat Ardobidez Arabako Errioxa bidalketan

  1. egilea: Ardobidez

    Mikel Garaizabalen bidalitako prentsa oharra duzue hauxe:

    Lan berri honen bidez ENOTURISMOA izeneko fenomeno berria ezagutarazi nahi izan dugu. Fenomeno hori oso errotuta dago Estatu Batuetan, Australian eta Frantzian, eta ardogintzari emandako inguruan ezagutzean datza, ardoa eta inguruko aberastasun artistiko, historiko eta naturala uztartuz. Hasi berria da fenomeno hori indarra hartzen Arabako Errioxan. Badira upategi historikoak, abangoardiakoak, baina Frank Gehry arkitekto ezagunak diseinatutako Marqués de Riscalen upategi berriaren inaugurazioak eragin handia izango duela espero dugu.

    Horregatik guztiagatik, Mikel Garaizabal enologo eta sommeliereak eta di-da enpresak, gertakari horri aurrea hartzea erabaki dute. Talde horrek badu beste argitalpenik ere, eta denbora darama ardoaren kultura bultzatzen. Hainbat sari ere eskuratu ditu: 2003an, esaterako, ardoei buruzko munduko hedapen-liburu onenari emandako Gourmand saria eskuratu zuen. Bestalde, lana osatzeko ospe handiko jendearen laguntza izan dugu, hala nola Ibon Martin, ibilbide naturalei buruzko hainbat libururen egilea, eta Unai Iturriaga bertsolaria. Gure ezagutza eta jakin-mina uztartu ditugu zuei liburu hauxe eskaini ahal izateko. Era xume eta errazean bildu ditugu, informazioa begirada bakarrean jasotzeko moduan.

    Inor azalpen luzeegietan gal ez dadin, liburuari egitura praktikoa eman diogu.

    · Lehenengo atala: Arabako Errioxa ezagutzeko txangoak, oinez, bizikletaz edo kotxez, lagunartean edo umeekin hurbiltzen direnentzako.
    · Bigarren atala: enologiari buruzko oinarrizko nozioak. Upategira joatean zer aurkituko duzuen, zer ikusiko duzuen eta bertan emango dizkizueten azalpenak ulertzeko jarraibideak topatuko dituzue.
    · Hirugarren atala: Arabako Errioxako upategien zerrenda osoa. Arabako Errioxara joatean zuen gustuaren araberako upategirik egokiena aukeratu ahal izateko; bisitak, harremanak, salmentak…
    · Mapa: errepide eta herrien berri zehatza emateaz gain, txangoen azalpena eta upategien kokapena ere azaltzen ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude