Lanleku berrian aste batzuk egin ditut jada. Aurpegi ezagun asko ikusi ditut. Hala ere, lehen ezaguna Antzuolako alkate ohi Mireia Unamuno izan zen. Lanleku berrira egokitzeko herri bereko norbait inguruan dela jakiteak zera berezi bat eragin zidan. Beheko solairuko bulegoan dihardu berak. Nire lehenengo lan egunean, esaterako, autobusa hartu nuen Gasteizera joateko (4,95 euro Bilbotik Gasteizera, gehi Bilbon hartu nuen metroa eta Gernikatik Bilborako autobusa gehituz gero, euro batzuk dira), baina itzulera txoferrarekin egin nuen; ondoko bulegoko Asunek esan zidan Oskar Matute autoarekin etorri zela Gasteizera eta hark eramango gintuela bueltan. Joateko bidaiaren prezioa ikusita, berarekin zorretan nago. Hirugarrenean, martxoak 8, berriz ere txofer berarekin itzuli nintzen. Manifestaziora zihoala esan zidan. Aurretik ea zoriondu behar gintuen ere galdetu zidan eta ezetz erabaki genuen; gure eskubideen alde borrokatzeagatik egiten den nazioarteko egunean inor zoriontzea baino hobe dela, egunero horren alde egitea.
Txutxu-mutxuotatik aparte, baina, lanleku berrian aritzetik gehien gogoratuko dudana su-etenaren iragarpena izango da. Mikel Basabek esan zigun telefonoz esan ei ziotela eta berehala, Asun, ondokoa, etorri zen zerbait genekien galdezka. Gutxira telefono guztiak jo eta su hasi ziren. Guztiek adierazpenak jaso nahi zituzten. Argentinako Telam agentziatik ere deitu zuten Julen Madariagarekin egoteko asmoz.
Adierazpenen aldia igaro da. Orain lanean jartzeko sasoia da.