Ang Lee zuzendariak mendi paisaia zoragarriak erakusten dizkigu, aspaldian egin den maitasun istoriorik famatuenean. Ennis Del Mar eta Jack Twist lagunen artekoa, benetako maitasuna da eta, haiei begira, norberarena benetakoa izango den galdetzeko astia ere ematen du pelikulak.
Atzo ikusi nuen Brokeback Mountain filma: Ennis Del Mar (Heath Ledger) eta Jack Twist (Jake Gyllenhaal), hasiera baten ezezagun, gero lagun eta beranduago maitale diren bi lagunen artekoa kontatzen duen Ang Lee zuzendariak egin duen azkeneko filma.
Osterantzean, aitortu behar dut, ni neu behintzat, gizonen arteko maitasun istorioei ohituta ez nagoela, arrotzak egiten zaizkidala, hala ere, atsegin egin zait Brokeback mountain filmak kontatzen duena.
Pixka bat motela zen sentsazioa izan nuen, multizineko areto erraldoi hartan. Musikak lagundutako paisai zoragarriak ikusi nituen, eta elkar maitatzen diren bi mutil gazteren historia zintzoa erakutsi zidan Ang Leek.
Bitxia egin zitzaidan nola maitatzen duten elkar; ezberdina gizonezko bi elkar musukatzen ikustea. Gaur egun, horrelako irudiek ez gintuzten harritu beharko, baina oraindik ere horrela izaten da, eta atzo nirekin zinean egon ziren gehienek ere gauza bera pentsatu zutela apustu egingo nuke.
Pelikulari dagokionez, musika gustatu zaidala esan behar dut eta argazkia ere bikaina dela. Erritmoak, agian, beharko luke biziagoa izan, baina historiak berak ere eskatzen du, hein baten, moteltasun neurtu hori.
Lagun batek orain dela gutxi oparitu zidan Alvaro Pomboren Contra natura liburua irakurtzen ari naizela ikusi dut BrokeBack Mountain filma ere. Liburu horretan ere gizonezko adindu baten eta bere maitale gaztearen arteko historia kontatzen da, hau ere, bi gizonezkoren arteko maitasun-sexu-adiskidetasun istorioa da. Hasiera baten, han kontatzen diren sexu harremanak ere nahiko arraroak egin zitzaizkidan irakurtzeko orduan. Kontuan jausi naiz, heterosexual-natural binomioa nahi barik ere barneratuta daukagula eta hortik ateratzen denak harridura sortzen digula, bestela uste badugu ere.
Nahiko nuke normaltasun esaten diogun horrek era guztietako erlazioak beregain naturaltasun osoz jasotzea. Saiatzen hasiko naiz, horrela ikusten; ohartzen hasiko naiz, horrela dela.