Kixmi brasileiro

brasssil

Junnel 22 urteko brasildarra da, eta 2007ko urriaren batean, ohera joan
aurretik, Kixmi blogeko artikulu bat bere hizkuntzara itzultzeko gogoa izan zuen (ez du esaten nola egin zuen lo gero). Bere blogean jarri zuen emaitza.

Nik
ere baliatuko dut testua, eskuineko zutabean jartzeko, bisitari
brasildarrek edo portugaldarrek (edo caboverdearrek…) jakin dezaten
blog hau zertan den. Muito Obrigado, Junnel.

Tximinoaren saldukeria?

Booo! Eli Laztanguren saldu egin da. Bere burua saldu dio kultura hegemonikoari, kultur inperialismo ingelesdunari, alegia. Euskaraz lortu ez duen arrakasta ingeles trakets horrekin lortuko duela uste al du?

Epa, epa,  halakoak pentsatu aurretik istorio osoa jakin beharko da, ezta?

Duela bi mezu eman nuen monochrom taldearen berri. Bere burua nazioarteko filosofia/arte/teknologia kolektibotzat jotzen du, eta egoitza Vienan (Austria) dauka. Lotura estua dute Ameriketako Estatu Batuetako BoingBoing blogarekin. Munduan irakurle gehien zituen bloga zen hori iaz (ez dakit Txinako blogak kontuan hartzen ote dituzten gauzok kalkulatzeko).

Antza denez, euren blogera egin nuen estekatik tiraka, nire mezura heldu ziren monochromekoak. Nire blogetik testu zati bat hartu (euskaraz zegoen, noski) eta ez ulertu arren (ziurrenera) jarri egin zuten euren blogean.

Ausarta iruditu zitzaidan hori, eta idatzi egin nien. Nire bloga zertan den esplikatu nien, badaezpada ere. Agian jakin ondoren lotura kentzea erabakiko zutela pentsatu nuen. Aukera eman nahi nien behintzat.

Kontrakoa gertatu da, ordea. Taldeko “buru sortzaile” Johannes Grenzfurthnerrek idatzi egin zidan berehala, eta artikulu bat idazteko eskatu zidan.

Hori besterik ez dut egin. Eta beraiek argitaratu egin dute hemen, euren blogean.

Baina idatzitakoari etekina ateratzea erabaki dut, eta artikulua Kixmi blogean ere jarri dut, hor eskuineko zutabean. Gauza batzuk aldatu eta gehitu dizkiot.

Aurrerantzean, euskaraz ez dakien baten batek kasualitatez heltzen bada Kixmira, behintzat jakingo du zertaz den blog hau.


monochrom

Zein da Piztiaren Zenbakia?

 mono_burial_01

666?

Ez, 1.

Piztiaren zenbakia bat da. Hona monochrom (sic, txikiz) taldeak Politeismoaren Nazioarteko Urterako proposaturiko leloa.

Monochromek nazioarteko arte-teknologia-filosofia taldetzat definitzen du bere burua, eta Vienan (Austria) du egoitza. Hainbat adierazpide erabiltzen ditu: bideojokoak, elektronika oro har, performanceak, aldizkariak…

Ekintza ugari egin dituzte 1993. urtetik. Politena, nire ustez, Coca-Cola adreilua izenekoa (2005). Hainbat litro Coca-Cola egosi zituzten lapiko batean. Ura lurrindu eta ore itsaskorra lortu zutenean, molde batean sartu zuten. Coca-Colaz eginiko adreilu bat lortu zuten horrela. “Performancearen gaia azukrearen industriaren eta beste multinazionalen enpresa-estrategia da, hala nola, Coca-Cola bera, konpainien boterearen sinbolo gisa”.

Jendea bizirik lurperatzen

Kixmi blogerako gehien interesatzen zaidana, ordea,  aurten egiten ari diren Politeismoaren Nazioarteko Urtea da. Ekimenak “monoteismoaren mundu ikuspegiaren aroa gainditu nahi du, eta hortik eratorritako “Mendebaldea” eta “Mundu Arabiarra”. Aniztasun politeista berriz eraikiz gainditu nahi du hori. Aniztasun horretan jainko eta jainkosa ugarik elkar neutralizatzen dute azkenean. Politeismoa demokrazia da, Monoteismoa diktadura”.

burial_sm05

Politeismoaren Nazioarteko Urtea ospatzeko bigarren ekitaldia aurkeztu
zuten otsailaren 7an: Hil Aurreko Lurperatzea, Heriotzatik Gertuko Ekintzetarako Esperimentu gisa.

Boluntarioei aukera eman diete hilkutxa batean sartzeko eta 15 minutuz lurperatuta egoteko.
“Egoera sasi-traumatikoa paira dezakete, eta, beharbada, harremanetan jarri hainbat jainko edo/eta hil ondorengo bizitzekin”.

Ironia darie, bistan da, monochrom taldearen ekintzei. Edonola ere, mezua indartsua da. Batez ere, berriz jaiotako monoteistek zibilizazioen arteko gerra batean sartu nahi gaituzten honetan.

Monoteismoa = monotonoteismoa = tximinoteismoa.

Monochrom / polychrom.

 
burial_sm00