Mendi sakratua

mendia3

Mendi Sakratua filma egin zuen Alejandro Jodorowskyk 1973.
urtean, besteak beste John Lennonen diruarekin. Prozesu alkimikoan dago
oinarrituta istorioa. Jesu kristo eta tximinoa elkarrekin Mendi
Sakratura igoarazten ditu Jodorowskyk eta eskutik helduta jaitsiarazten
ditu, Mari Maddalen putaren bitartez.

Kaka urre bihur daiteke, literalki zein metaforikoki, hona Jodorowskyren alegia -edo eldarnio- alkimikoak frogatu nahi duena. Mendi sakratura igotzea hilezkortasuna lortzeko abentura da, sakrifizioa eskatzen duena: egoa sakrifikatzea, alegia. Gaiztakeria mota guztiak irudikatzen dituzten bederatzi pertsonaia, Jesukristo-lapur bat tartean, trebatzen ditu alkimista batek Mendi Sakratura igo daitezen. Gailurretik mundua kontrolatzen dituzten bederatzi jainkoak hil behar dituzte eta haiek ordezkatu.

mendia2

Jodorowskyk berak antzezten du alkimista -ingeles penagarriz, by the way-.  Filmaren protagonista nagusia lapur bat da, Jesukristo irudikatzen duena. Haren gorputzarekin molde bat egin eta dozenaka kopia egiten dituzte. Panpin horietako bat hartuta, prostituta talde batekin elkartzen da, prozesioan. Prostituta nagusiak, Maria Maddalenarena egiten duenak, txinpantze handi bat darama beti eskutik. Hemen duzue sekuentziaren bideoa.

Alkimistak urre bihurtzen du Jesukristoren kaka, beste sekuentzia ikusgarri batean. Proba eta neke askoren buruan Mendi Sakratura heltzen direnean, azterketa pasa dutela eta mundura itzultzeko agintzen die alkimistak familia sakratuari, hau da, Jesukristok, Maddalenek eta tximinoak osaturiko hirukoteari.

mendia4

Altximioterapia?

The Beatles taldeko George Harrison Mendi Sakratua filmeko protagonistetako bat izan behar
zuen, baina uko egin zion, ipurdia erakutsi behar zuelako gidoiak
eskatuta. Filmak zentsura pairatu zuen estreinatu zutenean. 35 urtez
bahituta izan zuen produktoreak –John Lennonen ordezkari Allen Kleinek-
eskubideen inguruko xextra baten ondorioz. Kopia piratetan baino ezin
izan da ikusi hamarkadetan. Iaz, azkenean, hitzarmena egin eta DVD-an
plazaratu zuten.

Filmak merezi du, irudi indartsuz beterik
dagoelako, Jodorowsky hainbatetan jasanezina egiten bada ere, handinahi
eta mesianista.

Zer egiten du hor kixminoak, ordea?

Jodorowskyren beste irudi txundigarri eta probokatzaile baina hutsal bat baino ez dela pentsatzeko tentazioa handia da. Zer ikusirik al dute tximinoek alkimiarekin?

Ez gutxi. Tximino batek sortu zuen alkimia, Egiptoko Thot jainko-babuinoak, gero Hermes Trismegistos deituko zutena. Tximinoak zientziaren-alkimiaren ikur gisa erabili zuen Robert Fludd alkimistak XVII. mendean.

Blog honetan ikusi genuen aurreneko batean Jodowskyk sorturiko Jesukristo buztanduna.

Nabarmentzekoa da ere bai, idazle, zinemagile eta esoterista txiletarrak Jainkoaren Tximinoa ideiarekin duen obsesioa. Aita Santu “faltsuak” irudikatzen ditu askotan bere lanetan, jainkoaren ordenuaren gezurrezko ordezkari gisa (goiko bideoan adibide bat dago, Jesukristoren figura batekin ohean dagoen Aita Santu Beltza, alegia).

Zentzu horretan, argigarria da Jodorowskyk Marilyn Mansonekin duen lotura. Mansonek Jainkoaren Tximinotzat du bere burua. Jodorowskyk “ofiziatu” zuen musikariaren ezkontza eta film bat prestatzen ari da Mansonekin: King Shots. Mansonek 300 urteko aita santu bat antzeztuko du horretan.

Ahaztu gabe, Mansonek ere tximinoa Jesukristoren rolean jarri zuen Disposable Teens bideoklipean.