Jesubioa



(Bideoa saltoka ikusten baduzu, konexio motela duzu. Ikusi ondo hemen, kalitate gutxiagorekin bada ere)

Jesubioa terminoa asmatu zuen Georges Bataille filosofoak, Jesus, je suis, sujet eta Vesubio hitzak batean sintetizatzeko. Tximino baten ipurditik ateratzen den erupzio eskatologiko gisa irudikatu zuen Jesubioa. Batailleren ideia zertan den azaltzeko goiko bideoa egin dizuet, sarrera gisa.

“Guztiz begibistakoa da Jésuve izenean Jesus aipatzen duela Bataillek, ez dago beste froga bilatu beharrik”. Hala idatzi dit Camille Dumoulié irakasleak. Literatura konparatua irakasten du Dumouliék Paris X-Nanterre unibertsitatean eta, horrez gain, Littérature et Idée ikerketa zentroa zuzentzen du.

Batez ere, Nietzscheren ideiek Antonin Artaud idazlearengan izaniko eragina aztertu du Dumouliék bere lanetan eta Bataillek horiei segida eman ziela dio. Dumouliéren Sur quelques sujets dionysiaques, d’Archiloque à Artaud lana irakurri dut eta, berehala idatzi diot irakasleari, Kixmi blogean interesatzen zaizkidan gaietan sakontzeko.

Georges Bataille

Lehen ere idatzi dut Batailleren inguruan. Gogoratu Bataille estasian sartzen zela zoologikoan tximinoen ipurdiak ikusten zituenean. Gogoratu istorio sadomaso-mistiko bat idatzi zuela tximino baten sakrifizioaren inguruan (azpiko gailuan sakatu eta entzun dezakezu).

Tximino hori Jesu kristorekin lotzea baino ez zitzaidan falta. Hor daukat, azkenean, Jesubioa.

Eguzki uzkia

“Batailleren lan osoan islatzen da horrore dionisiakoaren sakontze alai hau. Baina bi gaiek bereziki ongi ilustratzen dute: Eguzki uzkia (l’anus solaire) eta Begi pineala (L’oeil pineal)”, dio Dumouliék. “Eguzkiarekin bat egiteko desio obszenoak begi pineala sortarazten du gizakien kaskezurrean eta desio honi erantzuten dio izarraren izaera fekalak. Ikuspegi kosmologiko, bolkaniko eta fekal honen bihotzean jartzen du Bataillek berak Jesubioa deiturikoa. Termino hau “Sujet” eta “Vésuve” hitzen kontrakzioa da eta gizakiaren indar-muina adierazten du, hau da, energia bolkanikoa, anala eta fekala”.

Hizkuntza gutxitan adierazten da Eguzkia eta ipurtzuloaren arteko analogia hori euskaraz bezain ongi.


Eguzki uzkia, Coil musika taldearen arabera, 1984ko Scatology diskotik

Nietzschek bi kontzeptu asmatu zituen Tragediaren jaiotza lanean: apolineoa eta dionisiakoa. Apolineoa da forma, subjektua, gizbanakoa, ni-a, pertsona. Dionisiakoa, berriz, aurreko guztien sorburua da, existentziaren magma, “bataren abismoa”, jaio aurretik genuen aurpegia. Bien arteko jokoak eratzen du unibertsoaren tragedia.

Sumendiaren irudia ona da ideia ilustratzeko. Lurraren barruan magma dago, harri urtu formagabea. Sumenditik gora egiten duenean, berriz, gogortu eta forma hartzen du, apolineoa bihurtzen da. Horrela guk ere, subjektu forma hartzen dugu, umetokiaren magmatik ateratzen garenean jaiotzaren erupzioan.



Enpedokles filosofoaren istorioan drama honen ilustrazio egokia ikusi zuen Nietzschek. Kosmosaren sorrera azaltzeko lau elementuen teoria sortu zuen greziarrak: lurra, airea, sua eta ura. Elementuok elkartzeko bi indar proposatu zituen: amodioa eta gorrotoa edo gatazka. Greziako filosofian separazioa sartzeko bekatua egin zuen, nolabait esateko, Enpedoklesek eta larrutik ordaindu zuen. Kondairaren arabera, izurria zabaldu zen haren hirian, Agrigenton. Hiria salbatzeko, bere burua sakrifikatu zuen Enpedoklesek, Etna sumendiaren kraterrera botata.

Sakrifizio erlijiosoaren logika dago hor. Naturatik (Jainkotik) aldentzearen bekatua, separazioaren bekatua, sakrifizioaren bidez garbitzen da. Hori da Jesu kristoren heriotzaren atzean dagoen logika.

“Hitz batean, Enpedoklesen heriotzak ordain-akerraren ezaugarri guztiak ditu”, dio Dumouliék. “Errealitatean, Enpedokles hil egin zuten denen artean, horda primitiboan aita hiltzen zuten bezala, Freuden arabera, edo ordain-akerra, René Girarden aburuz. Beraz, subjektuaren ustezko eroaldia taldeak subjektuaren gainean proiektaturiko zoroaldia litzateke, hau doble sakratu eta munstroa bihurtuta. Asko dira, historian, lilura horretan erori diren subjektuak”.

Enpedoklesen istorioa eta euskal Jentilen akaberaren mitoa ere elementu berdinak dituzte. Hodei bat datorkiela ikusten dute jentilek (izurria, Hartsuagaren aburuz) eta leinuaren aita sakrifikatzen dute: “Kixmi etorri da, gure aroa amaitu da, bota nazazue amildegi horretatik”.

Ordain-tximinoa

Kixmi bat daukagu Bataillek bere irudimenean sakrifikatzen duen tximinoan? “Jesus sakrifikaturiko Jainko bat denez, bistan da lotura egin dezakegula”, idatzi dit Dumouliék.

Tximino-Jesusen uzkia sumendi gisa, kaka dariola heriotzaren azken ikarekin…

Zentzurik al du irudi sintesi bitxi horrek?

“Jesubioa, Nietzscheren Dioniso bezala, antikristo alai eta umoretsu mota bat da”, dio irakasleak. Haren arabera, kristautasunak eskaintzen duen sakrifizioaren ereduari jarritako “erresistentzia indar barrezalea da”. Izan ere, nola ekidin dezake Enpedokles moderno batek bere burua hiltzea edo gizartearen ordain-akerra bihurtzea?

Nietzschek hasitako eta Bataillek zein Artaudek jarraituriko bide umoretsua jarraituta, hain zuzen ere. “Salbazioaz edo sakrifizioaren problematikaz harago, abjekzio alaiaren bidea da, subjektuaren oinarri umoretsua, hau da, fekala, sakontzen duena”.

Batailleren arabera, tximinoan ipurditik ateratzen dena, gizakian ahotik bideratzen da. Kaka erupzio horren giza baliokidea barrea da.

“Nietzscherentzat munduak ez du helbururik, eta, orduan, zer aukera daukagu? Mundua den horretaz barre egitea”, esan zuen Bataillek.

Barre hori ez da edonolako barrea, ordea. Nietzschek “Zaratustraren barrea” deitu zion horri. Kafkak tximinoen algaraz idatzi zuen, “eraikinik zutik uzten ez duen barrea”.

Barrearen azken aukeretaraino heltzea da, Batailleren arabera, tragikoki barre egitea: “gurutze baten aurrean barre egingo genukeen bezala”.

Kixmiren ekuazioa

Simio bat ipur masailak irekitzen eta uzkia agerian uzten. Hona XVI. mendeko bestiario bateko marrazkia. Irudia klasiko bat da dagoeneko blog honetan: Hanuman tximu-jainkoaren eta Jesu kristoren bihotz sakratuetatik, Superman eta Goatse, Interneteko supergizaki anonimo nazkagarrira.

Bi urtez ibili naiz liburu bat lortu nahian. Tximinoen sinbologiaren inguruko testu askotan etengabe aipatu didate Apes and apes lore, in the Middle Ages and the Renaissance hau (Simioen eta simioen inguruko tradizioa, Erdi Aroan eta Ernazimenduan). H. W. Janson artearen historialariak idatzi zuen eta Londresko Unibertsitateak argitaratu zuen lehen aldiz, 1952. urtean. Izenburuak argi deskribatzen du liburua zertan den: simioek eta tximinoek Mendebaldeko kulturan izan duten eginkizuna aztertzen du, Ernazimendura arte.

Londresko Unibertsitateko The Warburg Institutera idatzi nuen duela aste batzuk, testua lortzeko modurik ote zegoen galdetzeko. Liburua aspaldi agortu zela erantzun zidaten, baina 1976. urtean berriz inprimaturiko edizioko ale bakar bat geratzen zitzaiela.

Eskuartean dut, azkenean, ale hori, eta ez du Londresko soto edo bulego batean 31 urte eman izanaren zantzurik ageri.

Berehala hasi naiz, urduri, orriak pasatzen. Kixmiren misterioa behingoz argituko duen testua edo irudia aurkituko al dut simiotikaren biblia honetan?

Baina liburuak barre egin dit, berehala, kupidarik gabe.

Begiak zuzenean joan zaizkit, iman batek erakarrita bezala, 269. orrialdean dagoen ilustrazio honetara.

engraving copy

Florentziako (egungo Italia) grabatu bat dela dio Jansonek, 1470. urte inguruan eginikoa. Marrazturiko bestiario batean argitaraturikoa, hau da, animaliak deskribatzen dituen liburu batean. Benetako eta fikziozko animalien artean, lau simio agertzen dira.

Horietako bat babuinoa dela argitzen du grabatzaileak, inskripzio baten bitartez, eta simio mota horien sexurako grina nabarmentzen du marrazkian.

Nire arreta, ordea, lehen lerroaren erdiko marrazkiak erakarri du. Ipurdi masailak zabaldu eta uzkia agerian uzten duen simio bat erakusten du.

engraving

Liburuaren egileak ez du hitzik ere egiten irudi honen inguruan. Ziurrenera, testuingururik ez duelako simio horren keinua kokatzeko. Hainbatetan hitz egin dut blog honetan irudi horren inguruan. Keinu horren genealogia saio bat ere egin dut, grafiko honetan laburbilduta:

uebermenschazkena

Jansonek berak ere aipatzen du “Kreazio Bikoitzaren ideia zaharra” tximinoen ikonografia azaltzean (86. orr.): Deabrua Jainkoaren kreazioa imitatzen saiatzen da, baina kopia txar bat baino ez du lortzen. Georges Bataillek ideia hori hartu zuen berriz XX. mendean, baina jainkoak eta deabruak albora utzita, munduaren berezko “izate parodikoa” salatu zuen.

Ipurdia zabaltzen duen pertsonaia hauek bihotz sakratuaren gaiaren parodia jokoan jartzen ari direla dirudi, Goatse irudia Interneten aroan eta Florentziako grabatu horretako simioa XV. mendean.

Irudia eta kontrairudia, keinua eta keinuaren parodia, jar daitezke orain elkarrekin, formula berean. Interesgarriena da tximinoa ekuazioaren bi aldeetan aurkitzea. Bide bat izan daiteke inkognita argitzeko.

ekuazioa

Pornografia sakratua

Irudi erotikoak eta hainbat irudi erlijiosok jatorri bera zutela esan zuen Georges Bataille idazleak L’Erotisme liburuan. izan ere, bi irudi motak mugen bortxaketan oinarritzen dira. Gorputza ireki egiten da, eta barruan duena erakusten du, ikusi beharko ez litzatekeena geratzen da agerian.

Estasi mistikoak, heriotzak eta orgasmoak aurpegiari antzeko espresioa ematen diotela nabarmendu zuen. Santa Teresaren irudi hau jarri zuen adibide.

Teresa
 

Nik beste bi hauek aurkitu ditut eginda, baina ez litzateke zaila izango gehiago egitea.

DURER1

DURER2

Baina Bataille are urrutiago joan zen. Ekintza erotikoak eta sakrifizio erlijiosoa azken finean gauza bera zirela esan zuen: “Analogoak dira antzinako sakrifizioetako sakratua eta egungo erlijioetako jainkotiarra”. Irudi sakratuaren jatorria antzinako giza sakrifizioetan dagoela adierazi zuen.

Horren adibide argia triptiko honetan ikusten dut nik.

uebermenschazkena

Giza sakrifizio mota paradigmatikoena agertzen da hori. Biktimei bularra ireki eta bihotza erauztea. Praktika hori heroien gurtzarekin ordezkatuz joan da historian zehar. Heroiak bere burua sakrifikatzen du bere herriaren, gizateriaren edo ideia baten alde. Berak irekitzen du bere bularra, eta berak erakusten du barruan dagoena, besteak salbatzeko. Hor daude hiru heroi, testuinguru historiko geografiko eta kultural ezin desberdinagotatik aterata. Hanuman, Indiako tximu-jainkoa, Jesukristo eta Superman.

Hor dago gorputzaren mugaren bortxaketa pornografikoa. Antza denez, irudi hori gogotik kendu ezinik dabil gizateria antzinatik. Izan ere, Supermanena ez da horren adibiderik modernoena. Azpikontziente kolektiboaren isla Interneten agertu zen 2004ean. Beste forma batekin, noski.

Goatse

Interneten sorturiko fenomenoetako bat da Goatse deiturikoa. Inprobisatu diren definizioen arabera, Goatse irudi bat da, ikuslearen burmuinean kalte iraunkor eta konponezina eragiten duena.

Normalean gustu txarreko irudi bat izaten da, eta Interneteko geek nerabeek euren lagunak edo etsaiak harritzeko erabiltzen dute.

Goatse irudia ez da zuzenean erakusten, ikuslea ustekabean harrapatzeak indar gehiago ematen diolakoan.

Goatse irudia erabiltzeko modu tipikoena hauxe da: e-mail bateko edo web gune bateko testu batean irudirako esteka bat jartzen da, baina benetako edukia mozorrotzen da. “Hona oporretako argazki bat”, idazten da, adibidez, esteka aurkezteko, amu gisa. Haren gainean klik egitean, ordea, Goatse irudia irekitzen da biktimaren pantailan.

Triptikoa osatu nuen nik blog honetako Übermensch testuan sartzeko. Esan bezala, saga ez da Supermanekin bukatu, laugarren irudia gehitu dakioke sailari. Goatse fenomenoa abiatu zuen irudia, hau da, jatorriko Goatsea, Supermanen segidan jar nezakeen hor, arazorik gabe.

übermensch

Ez dut jarriko, ordea.

Goatse irudia inoiz ikusi dudan gauzarik nazkagarriena da. Ikuslearen sentsibilitatea gogor min dezake. Ni ez naiz Ameriketako Estatu Batuetako geek ganberro bat, ez nuke inoiz irudia erabiliko inor ustekabean harrapatzeko. Baina irudien sakoneko esan nahia aztertu nahi dut blog honetan. Goatse irudia ikusteko aukera eman nahi dut, baina ikustea edo ez ikustea zure ardurapeko kontua da. Ez dut esteka zuzenik jarriko. Ikusi nahi duenak orri honetan dauka linka See what I replaced the Grim Reaper with esaldian.

Bataillek ez zuen irudi hori ikusi. Baina iragarri egin zuen nolabait ere. L’Anus Solaire testu bortitza (Eguzki Uzkia: Euskaraz are indartsuagoa da analogia) irudi horretan pentsatzen idatzi zuela dirudi:

  • Solar annulus-a haren hemezortzi urteko gorputzaren ikutu gabeko uzkia da. Ez dago horrekin pareka daitekeen gauza itsugarriagorik Eguzkia ezik, uzkia gaua bada ere.