Gizakia, behin-behinean

foucault
Orri polit hau aurkitu dut Lawrence Ganeren Nietzsche para todos liburuan(Introducing Nietzsche, jatorriko bertsioan). Lan polita da, testu eta marrazkien bidez azaltzen baititu filosofoaren bizitza eta haren ideia konplexuak. Piero da marrazkilaria.

Nietzschek sekulako eragina izan zuen Georges Bataillerengan, hau da, tximinoen ipurdiekin obsesionaturik zegoen pentsalariarengan. Bataillek itzal handia izan zuen Michel Foucaultengan eta, gero, Jean Baudrillardengan.

Nietzscheren intuizioa baieztatzeko beste arrazoi bat eman du zientziak azken egunotan. Gizakia gehien eboluzionatu duen espeziea dela uste izan dugu orain arte. Azken ikerketen arabera, ordea, txinpantzeak gizakiak baino askoz gehiago “eboluzionatu” du.

Jianzhi Zhang eboluzioaren genetistak baieztatu du hori. Blog honetarako izugarri gustatzen zait eboluzioaren genetika, ustekabe pilo ematen dituelako, eta emaitzek askotan kutsu ironiko polita izaten dutelako.

Jianzhik konparatu egin ditu gizakiek, txinpantzeek eta rhesus makakoek partekatzen dituzten 13.888 gene. Ondorioztatu duenez, txinpantzeen 233 gene aldatu dira aukeraketa naturalaren ondorioz azken sei milioi urtetan. Gizakien geneetan, ordea, soilik 154.

Polita da emaitza, batez ere kolokan jartzen duelako eboluzioan hierarkia ikusteko joera. Gizakia aulkitik jaitsiarazita, beste behin ere.

Nietzschek arrazoia zuen beraz: gizakia behin-behineko kontzeptua da, etengabe eraldatzen ari delako. Kontua zera da, zer ekarriko du eraldaketa horrek?

Jean Baudrillard ez zen oso baikor. Duela aste batzuk hildako soziologoak klonazioaren inguruan idatzi zuen 1990ko hamarkadaren amaieran.



  • Gizatiarraren eta ezgizatiarraren arteko mugak lausotzen ari dira, baina gizakiak ez du supergizakia ekarriko Nietzschek amestu bezala. Haatik, azpigizatiarrari uzten dio bidea, gizatiarra gainditzen ez duenari, gizatiarren azpitik dagoenari, espezieak zehazten dituzten marka sinbolikoen ezabaketari. Horrek erakusten du Nietzsche zuzen zebilela, azken finean, esan zuenean gizateria bere asmakizunen menpean erortzen denean, soilik bere ahaleginak bikoitz ditzakeela, bere burua bikoiztu… edo bere burua suntsitu.

Eboluzioak hoberenerantz egiten duela pentsatzea ilusio hutsa da beraz. Ezkortasun honek azaltzen du mutantearen figurak literaturan eta pop kulturan duen arrakasta.

Nazien supergizakia munstro barregarri bat zen. Estatuaz jabe eginiko langile klaseak ez du orain arte ekarri “gizaki berria”, antza (Vladimir Putin ikustea besterik ez dago).

Itxaropen bakarra, beraz, mutantea da. Tximino mutantea, Tarkovskyk aurreikusi zuen bezala. Eta argi dago honez gero: eboluzioak ez du zertan onerako gertatu behar (gu ikustea besterik ez dago).

photo%20(1)%20copy%20(47a)

(Barka nazala irudi honen egileak, baina aspaldi lapurtu nuen saretik eta ez dut gogoratzen artistaren izena)

Tximinoen ipurdiak

ischiosis4jpg

Betirako txundituta eta liluratuta geratu zen filosofoa  zoologikoan, tximinoen ipurdiak ikusi zituen egun hartan.

Georges Bataillez ari naiz. XX. mendeko pentsalaririk garrantzitsuenetako bat da Bataille, Michel Foucaulten arabera, eta sekulako eragina izan du posmodernitatearen pentsamenduan, Foucault beratik, Jean Baudrillarderaino.

Londresko Zoological Gardenen zegoen Bataille 1927ko uztailean, tximinoen ipurdiei begira “errebelazioa” izan zuenean. “Estasi antzeko batean sartzeraino txunditu ninduen tximinoaren uzkitik ateratzen zena”, idatziko zuen gero Begi Pineala testuan. “Haur guztiek miretsi dituzte inoiz edo behin, zoologikoetan, puspilo lotsagarri horiek, gorotz-kaskezur mota horiek, kolore bizikoak, nabarrak batzuetan, arrosa bizitik nakar-more izugarri itsusi batera”.

gelada_baboon

Zer ari da deskribatzen Bataille? Tximino mota askok ipurdian izaten duen azal multzo lodia. Kallositate iskiala izena ematen dio horri zientziak. Ipur maskurra esan dakioke bestela.

Fisiologoen definizioaren arabera, ipur maskurrak pelbisaren atzeko zatiaren (iskietako tuberositatearen) azala loditzen denean agertzen dira. Oso ohikoak dira txinpantzeen, babuinoen eta makakoen artean.

410204aa.0

Zientzialariek ez dakite zergatik sortu diren edo zer nolako funtzioa betetzen duten. Batzuen arabera, kuxin lana egiten dute: Asko errazten omen diete tximinoei adarretan edo lur gainean denbora luzez esertzea. Beste batzuen arabera, ordea, bikotekidea erakartzeko sexu-zeinuak dira. Horregatik dira kolore bizikoak eta horregatik biziagotzen dira koloreok ugalketarako garaietan.

ischiosis3jpg_s_

Giza aurpegiaren parodia

Zergatik erakarri zuten, ordea, Batailleren arreta tximinoon ipurdiek?

Bataillerentzat mundua parodia hutsa da: “Begiratzen dugun gauza oro beste baten parodia da.[…] Horrela, beruna urrearen parodia da. Airea uraren parodia da. Burmuina ekuatorearen parodia da. Koitoa krimenaren parodia da”.

Zeren parodia dira, orduan, tximinoen ipurdi maskurrak?

Gizakiaren buruaren parodia da. Batailleren arabera, goranzko joera batek gobernatzen du gizakiaren eboluzioa. Eguzkirantz altxatu nahiez zutitu zen gizakiaren arbasoa eta atzeko hanken gainean ibiltzen hasi. Joera horrek eman dio lehentasuna ahoari gizakian, hau da, mintzamenari. Tximinoetan, ordea, indar hori atzeko zulorantz desbideratu da: “Ilerik gabeko uzkiaren loraldia puspilo bat bezala lehertu da, erresistentziarik gabe, grabitate zentrorik ez duen sistema batean. Beharbada, hemen beste edozein lekutan bezala, orekaren hauste txikiena ere nahikoa delako naturaren zikinkeriak askatzeko lizunkeria lotsagarrienarekin”.

XX. mendearen hasieran modan zegoen teosofia, eta horren oihartzuna nabari da Batailleren testuan. Filosofoak begi bat irudikatzen zuen bere kaskezurraren tontorrean, begi pineala edo hirugarren begia izenekin ezagutzen dena. Begi hori irekitzea tximinoen uzkiaren loraldiaren kontrako mugimendutzat hartzen zuen, eboluzioaren hurrengo urrats gisa.

Baina Bataille hori baino konplexuagoa da. Bestela aspaldi ahaztuta izango genuke. Ezin da Begi Pineala irakurri ironia sumatu gabe. Kafkaren tximinoaren eragina begi bistakoa da. Gizakiaren bertikaltasuna eta honen aurpegi “noblea” tximinoen ipurdiekin kontrajartzen denean “algara hots ulertezina” da jasotzen den erantzuna, dio pentsalariak. “Tximinoen algara” da hori, Kafkarentzat.

“Ez dago zertan baztertu behar gizakiaren atal nobleek (aurpegiaren duintasuna eta noblezia) sakoneko inpultso nahasien itxura sublime eta neurrikoa eman beharrean, bat-bateko erupzioari eusteari uztea, eta tximinoaren ipurdiak bezala, era probokatzaile eta lizunean lehertzea”.

Batailleren hitzak irakurri, eta leherketa hori irudikatzeari ekin diot. Berehala etorri zait burura David Cronenberg kanadarraren Scanners filmeko sekuentzia hau: