KISS ME

izagirre

Azalerako marrazki polita egin dio Juanba Berasategik Koldo Izagirreren azken liburuari.

Rimmel du izenburu liburuak, eta, antza denez, Izagirrek bere alabaren inguruan eginiko poemak jasotzen ditu.

Irakurri dut liburua eta oraindik ez dakit zergatik egin duen Berasategik halako marrazkia.

Norbaitek al du horren berririk?

Antzeko galdera egin nuen urte hasieran, Arrate Egañak Kixmi elurpean (“euripean” Gararen arabera) nobela aurkeztu zuenean. Gazteentzako literaturan sailkatu dute lana. Pertsonaia nagusia neska nerabe bat da, Kixmi izenekoa (nerabeak eta tximinoak, loturarik bai?, jakin nahi izanez gero, ikusi bideoa).

kixmi Elurpean

Baina zergatik jarri dio Kixmi pertsonaiari?

Hona Egañak erantzun zidana:

Euskal mitologian inportantea da Kixmi, baina liburu honetakoak ez du zerikusirik. “Kiss me” ingelesezko esaldiarekin du lotura.

Orduan gogora etorri zitzaidan Ostiela! aldizkari defuntuak (desagertu egin da saretik ere) 1999ko udaberrian 13. zenbakiko azalean atera zuen irudi hau.

KISS ME

Tximino horretaz hitz egin nuen behin hemen. Francis Picabia dadaistak margolari klasikoei barre egiteko erabili zuen.

Inoiz ikusi dudan tximinorik penagarriena da. Eta musukatzeko eskatzen du!

Kiss Me, alfa eta omega.

Ipotxen matxinada

Zer gertatzen da basamortuaren erdiko barnetegi batean zarraturiko ipotxak matxinatzen direnean?

Kotxeekin San Fermingo entzierroa antolatzen dutela, bazterrak txikitzen dituztela, loreak erretzen dituztela, sadismo mota guztiei ekiten dizkietela, eta… KIXMI agertzen dela.

Hemen duzue bideoa. Ni oraindik sinistu ezinik nago.

Gogoratzen Alberto Peñalba, El Juguete de Mari idatzi zuena, blog honetarako tren batean elkarrizketatu nuen tipo misteriotsua? Aurreko batean kasu egin zidan. DVD bat eskutan hurbildu zitzaidan: “Tori. Hemen datorren eskena bat gustatuko zaizula uste dut”, esan zidan, irri maltzur bat ezpainetan.

Ipotxak ere txiki hasi ziren (Auch Zwerge haben klein angefangen) pelikula dator diskoan. Werner Herzog zuzendari alemaniarrak 1969-70 aldera eginiko filma bitxia.

Lanzarote uhartean egin zuen, dokumental estiloan, eta aktore guzti guztiak ipotxak dira.

Filmak kontatzen duenez, kontzentrazio esparruak gogora ekartzen dituen heziketa zentru bateko ikasleak arduradunen kontra matxinatzen dira, zuzendaria kanpoan dela baliatuta, aspertuta daudelako jasotzen duten tratuarekin eta egin behar izaten dituzten nekazaritza lanengatik.

ipotxak1

Edonola ere, ez da ipotxen inguruko filma. Gizateriari buruzkoa da.

Gizartearen hierarkien eta konbentzioen kontrako matxinada gordina erakusten du Herzogek. Ipotxak gizaki arrunten sinbolo dira, eta erraldoi bihurturiko mundu baten aurka errebelatzen dira (matxinadaren bultzatzaileetako batek Hombre du izena, eta beste batek Territory). Kaosa erabatekoa da: animaliak hiltzen dituzte dibertitzeagatik, eta beste ipotx itsu bat ere, auskalo zergatik.

Herzogek bere zinegintzari buruz teorizatzen zuenean esaten zuenez, filme guztiek izan behar dute gutxienez irudi nahastezin eta ahaztezin bat, ikusleen gogoan txertatuko dena.

Ipotxak ere txiki hasi ziren honetako irudi ahaztezin hori ikusi duzue dagoeneko goiko bideoan. Tximino bat gurutzean jarri eta prozesioan ateratzen dira ipotxak, eta kaosaren ke beltza intzentsuaren lorratz zuriarekin nahasten da.

ipotxak3

Heriotza mehatxuak jaso omen zituen Herzogek eskena horrengatik. “Blasfemia” salatzen zuten elizgizon kristauez gain, animalien eskubideen aldekoek ere gogor gaitzetsi zuten filma.

Krudelkeriaren antzerkia

Amos Vogel zine kritikariak idatzi duenez, “Herzogen ereduak Kafka, Céline eta Buñuel dira, baina berak baditu berezko fantasiak ere”. Kafkak bezala tximino bat jartzen du Herzogek gizakien zoramenaren erdian. Alejandro Jodorowsky eta Fernando Arrabalen “antzerki panikoa” ere pelikula honen aurrekaria da. (Jodorowskyren kristo buztandunena kontatu nuen aurreko batean). Antonin Artauden “krudelkeriaren antzerkia” dago azken horien guztien oinarrian, noski.

(Eta bistan da Marilyn Mansonen Disposable Teens bideo-klipa zuzendu zuenak pelikula hau ezagutzen zuela)

Ipotxak ere txiki hasi ziren honen testuinguru historikoa Frantziako 1968ko maiatzako matxinada da, eta filma hau horren alegoria dela diote kritikari batzuk.

Herzog alemaniarregia da ipotxen matxinada mugimendu askatzaile gisa ikusteko. “Herzogek berak ikusten du 1968ko matxinadaren amaierak ekarritako ezkortasun kultural hau komedia beltz ilun gisa, komikotasun absurdua tragedia sakonarekin hezur-mamitua”, dio Carsten Baumgardt kritikariak.

“Filmaren gai nagusiak sadismoa, krudelkeria eta primate “gorenaren” imitazio ahalmena dira”, dio Alfredo Colozzo argentinarrak. Berriz Herzog eta berriz tximinoak. Gogoratu Aguirre, Jainkoaren amorrua.

Andrei Tarkovskyk eta Jodorovskyk gizakienganako itxaropena agertzen dute euren pelikuletan, eta itxaropen hori, hain zuzen ere, pertsonaia mutante, ipotx edo deformatuetan irudikatzen dute. Haatik, Herzog, Pier Paolo Passolini bezala, nihilista hutsa da. Ez dago itxaropenik giza arrazarentzat, eta kristo-tximinoak irudikatzen du hau mugitzen duten  indar ilun kontrolaezinak.

Gizateria ipotxa da, eta KIXMI bere profeta.

ipotxak2 

Simiotika 2.0

Horra bideotxoa. Soinua ez da, edonola ere, nik hasieran nahi nuen bezala geratu. Nik robot baten ahotsa nahi nuen kontatzaile gisa, besteak beste, zera esanarazi nahi niolako: “Pertsonalitatea ahots hau bezain artifiziala da”.

Nire ordengailuak badu aukera testu bat ahots bihurtzeko, baina arazo bat dauka: soilik ingelesez ahoskatzen du. Bost axola robotari testua euskaraz egotea.

Entzun nola irakurtzen duen azpian jarritako testua:

powered by ODEO

Simiotika 2.0

Argazkikoa neu naiz, nerabe nintzenean, tximinoarena egiten. Blog hau irakurtzen duzutenok pentsatuko duzue normalean ez ditudala gauza pertsonal eta intimoak idazten, beste blogari batzuk ez bezala, eta harriturik egongo zarete. Bada, oker zabiltzate, goitik behera oker. Hemen idazten dudan guztia niri buruzkoa da, argazki hau bezala. Ez da soilik neu agertzen naizela irudian, askoz harantzago doa kontua. Argazkiek, teorian, orainaren puska txiki bat harrapatu eta (betirako) finkatzen dute. Klik egiten den unetik, iragana da dagoeneko argazkian harrapaturikoa.

Hori teoria da, eta argazki honek frogatzen du hori ez dela beti horrela. Izan ere, irudi horrek ez du horrenbeste nire iragana islatzen, nire etorkizuna baizik.

Simiotika mezuan ere tximinoen eta nerabeen inguruan idatzi nuen, Donostiako neskato batzuk Manchesterko museo batean ikusitako erretratuak zirela eta.

Tximinoak eta adoleszentzia, loturarik bai? Handia, nire ustez.

Haur garenean lotsarik gabe kopiatzen dugu, senari jarraiki. Adoleszentziara heltzen garenean, ordea, hasten gara gure nortasun propioa antolatu nahian. Ordura arte argi zegoen nortzuk ginen: aitatxoren eta amatxoren seme edo alabak. Adoleszentziak haustura dakar, jakina denez. Dagoeneko ez da aski amarenak eta aitarenak izatea. GU GEU (horrela, handiz) izatera bultzatzen gaituzte. Nola eraikitzen dugu, ordea “pertsonalitatea” deituriko hori?

Daukagun metodo bakarrekin: imitazioa.

Imitazioan datza ikasteko dugun ahalmenarik handiena, baina baita tranparik arriskutsuena ere.

Pertsonalitatea adoleszentzian eraikitako gauza bat da, beraz. Eta handik aurrerako bizitza osoa ematen dugu konstrukto horren arabera funtzionatzen, horren gatibu eta esklabo. Pertsonalitatea tximino disekatu bat da, kartzela bilakaturiko mozorroa.

Denok gara KIXMI. Gure eguneroko keinu simieskoak dira horren lekuko (sinesten ez badidazu, galdetu ispiluari).

Inork al du tximinoa bizkarretik kentzeko (ingelesez esaten den bezala) sistemarik? Parteka dezala, mesedez.

Hor nago ni, beraz, tximinorena egiten, 14 bat urte nituela. Suitzarako bidaia bat tokatu zitzaidan Caja de Ahorros de Guipuzcoako (orain Kutxa) Club Juvenil delako hartan. Hor nago, Suitzako hiri bateko (ez dut gogoratzen zein) museo batean. Tximionekin obsesionaturik ordurako? Ez pentsa, bisonte disekatu batekin ere atera nuen argazkia, eta, beste bat txakur batekin (bizirik azken hau), aitxitxari erakusteko oker zebilela Suitzaren inguruan. “Izugarri aberatsak dira Suitzan”, esaten zidan, “pentsa, han txakurrak zapatekin ibiltzen dira”.


Ez duzu otorrinorako txanda eskatu behar, ez: piperrik ere ez da ulertzen

Testua ulergarriagoa egiteko aukera bat bazegoela pentsatu nuen orduan: euskarazko testua moldatzea, ingelesez ahoskatu arren, ahoskera hori euskarazko soinuetara hurbiltzeko.

Honela geratu zen testua (hobetzeko moduak egongo dira, lan gehiago eginez gero):

Seemeo-tika bee poontu saro

Argazkikoaa neu nice, nerahbaa nintzenean, cheemeeno-arana egeeten. Blog how irakurtzen duzutenouk, penchatuko duzui, normalian ez deetudala gahuza pertsonal, a-ta in-timohak idashten, besta blogari batzook ez be-zala, a-ta arri-turik agon-go zaretta. Ba, oker zabiltzat-e, goitik bihera oker. Hemen idashten dudan guzteea, neeri booruzkoha da, argazki au bazala. Ez da soilik, neu ah-gertzen nice-ela eerudeean, ouskoz aarantzago doha kontooha. Argazkiek, teorian, orina-ren pooshka cheeky bat, arrapatu, a-ta, (bettyraako) finkatzen dooti. Klik egeeten den oonatik, ee-ragana da, dagoeneko, argazkian arrapaaturikoha.

Oori teoria da, a-ta argazki o-nek frogatzen du oori ez dela betty orrela. Eezan er-ah, eerudi ourrek ez du ourrenbasta neeri ee-ragana ees-latzen, neeri etorkizoona by-sick.

Seemeo-tika mesoo-an er-eh, cheemeeno-en a-ta nerahba-en ingurooan idatzi nu-an, Donostee-akou neska-tau batzook, Manchester-ko mooseo bat-ean eekuseetako erretra-tooek zeeraala a-ta. Gizakee-oak txeemeeno-kumeak ematen do-goo-la a-san zee-dan eelabetta batzook lehenago Tim Crow psikiatra a-ta genetistak. Cheemeenokumek imittatzeko dooten joe-araz eedatzi noo-an doo-ala goochy.

Cheemeenoak, a-ta aadoleszentzia, loturaarik by? Andeea, neeri uus-tez.

Hour gareneean lotcharik gaba kopiatzen doogu, senari yearr-I-key. Aadoleszentziara eltzen garenee-an, ordeea, ashten gara goore nortasoon propioha antolatu neyan. Ordura artta argee se-goen nortzuk geenen: aita-shoren a-ta ama-shoren sema ed-o al-abak. Aadoleszentziak oustoora da-kar, jakina da-nez. Dagoeneko ez da askee, amaranak a-ta aitaranak izatea. Goo gao izatera bull-tzatzen gaitoozta. Nola araikitzen doogu ordeea “pertsonalitateea” deituriko ori?

Daukagun metodou bakarra-rekin: imitazio-au.

Imitazio-an datza ikasteko dugun ahal-menarik andy-ena, byna byta tranparik arrisku-tsuena era.

Pertsonalitatea aadoleszentzian eraikitako gauza bat da, beraz. Aboch au bezain arteefizi-ala. A-ta, andik aurre-rako bizitza oso-ah ematen dugoo konstrookto orr-n arab-ara funtzionatzen, orr-n gatibu a-ta eskla-bo. Guk sorturiko fikzio orr-n biktima gara, Philip K. Dicken pertsonaia desesperaturen but bezala, ed-o betty aipatzen dudan Kafkaren cheemeenoa bezala.

Denoc gara kiss-me. Goore eguneroko canyoo seemieskouak deera orr-n lekooko (seenesten ez badidazu, galdetoo ispilu-ari).

Or nago nee, baraz, cheemeenoahrena egeeten, amalau but, urte nituela. Switzarako bidaia but tokatoo zitz-adan Caja de Ahorros de Guipuzcoako (or-ein Kooja) Cloob Juvenil delako artan. Or nago, Switzako eeri batako (ez doot gogoratzen saying) mooseo but-ian. Cheemeenoekin obsesionaturik ordurako? Ez pentxa, beesonta, deesakatu but-ekin er-eh atara nuen argazkia, a-ta besta but txa-kur but-ekin (bizirik ashken how), i-cheetxary erakusteko oker zebilela Switzaren inguruan. “Eezoogarri aberatsak deera Switzan”, esa-ten zeedan, “pentsa, an txa-kurrak zapatekin eebiltzen deera”.

Eta hona robota hori irakurtzen:

powered by ODEO

Hobeto, bai, baina ez zen aski bideoan jartzeko, ez behintzat azpititulurik gabe.

Horregatik, robotari soilik izenburua irakurtzen utzi diot, idatzita ere agertzen delako.

Beraz, huts egin dut, robotari euskaraz irakurtzen irakasteko saioan.

Baina gogoan dut duela urte batzuk euskal hiztunak eskatu zituztela euskara ulertzeko gai izango zen programa bat egiteko.

Norbaitek al daki zertan geratu zen hori guztia? Ba al dago testuak euskaraz irakurriko dituen robotik?

Nik bat behar dut.

Tximino hau zerura joan da

doolot

Monkey gone to heaven (Zerura joandako tximinoa) Ameriketako Estatu Batuetako Pixies rock taldearen abesti bat da, 1989. urtean argitaraturikoa, Doolite diskoan. Goian abestiarekin diskoan datorren irudia. Azalean ere erabiltzen dute buruan haloa duen tximino santua.

Taldearen abestirik ezagunena da
Monkey gone to heaven hau, eta Rolling Stone aldizkariak inoizko 500 abestirik onenen zerrendan sailkatu du (410. postuan).

Hona abestiak dioena (jatorrizko bertsioa):

Zerura joandako tximinoa

Bazen morroi bat
Ur azpiko morroi bat, itsasoa kontrolatzen zuena
new yorkeko eta new jerseyko
hamar milioi kilo lokatzen azpian hil zena
tximino hau zerura joan da

zeruko izakia
xurgatu zuen zulo batek
orain zulo bat dago zeruan
eta lurra ez dago hotz
eta lurra ez badago hotz
dena erreko da
denok txandaka
neuk ere izango dut neurea
tximino hau zerura joan da

astindu nazak joe!

gizakia 5 bada, gizakia 5 bada, gizakia 5 bada
orduan deabrua 6 da, orduan deabrua 6 da, orduan deabrua 6 da, orduan deabrua 6 da
eta deabrua 6 bada
orduan jainkoa 7 da, orduan jainkoa 7 da, orduan jainkoa 7 da
tximino hau zerura joan da


Ahalegin handiak egin dira testu kriptikoa (ezkutua) interpretatzen. Adibide gisa, hona taldearen fan pare batek Interneteko foro batean izaniko elkarrizketa:

Salo: Egia esan ez dut inoiz irakurri Biblia, baina abesti hau horren aipamen erraldoia dela uste dut. Errebelazioetan Zazpi Zigiluak apiatzen dituztela uste dut. […] Bosgarrenak gizateria irudikatzen du, eta seigarrenak infernuko izaki bat askatzen zuela uste dut. Zeruko izakiaren zati oso horrek Satan infernura jaitsi izana aipatzen du. Ez dut uste, baina, Biblian New York eta New Jersey aipatzen denik.

Rara Rasputin: Biblia? Beti pentsatu dut hau abesti ekologista zela. […] Tximinoarena metafora dela ulertzen dut nik: Naturatik izugarri urrundu gara eboluzioan, eta orain dena izorratzen ari gara. Bestela, soinu ona duen testu bat besterik ez da, tximinoen inguruan. Izan ere, jende guztiak maite ditu tximinoak, ezta?

Taldeko kideek bere garaian esan zutenez, leloa soinuarengatik aukeratu zuten, eta hitzak surrealistak, subkontzienteak eta zentzurik gabeak izateko asmoarekin aukeratu zituzten.

Gauza batek behintzat ziurra dirudi: Tximino hura zerura joan zen.

Tximino mutantea

Neska honek ezin du ibili. Elbarri da. Tximino du izena, eta gizateriaren etorkizuna da. Ikusi bestela.

Andrei Tarkovski zine zuzendari errusiarraren Stalker pelikulan agertzen da Tximino. Nire filme faboritoetako bat da Stalker miresgarria, askorentzat “jasanezina” bada ere. Tarkovski nire zine zuzendaririk gogokoena izan da, 16 urtekin Sakrifizioa pelikulak txundituta utzi ninduenetik.

Duela gutxi arte ez diot erreparatu neska horri. Izan ere, orain arte filmea VHS-an izan dut, jatorrizko bertsioan (inork ez ditu halako filme xelebreak bikoizten, zorionez), eta azpitituluak espainolez zituen. Hor irakurri nuen neskak Mona zuela izena. Baina “mona” espainolez “tximino emea” izateaz gain, italianoz emakume izena ere bada. Horregatik, beti pentsatu izan dut neska horren jatorrizko izena Mona zela, errusieraz ere.

Baina hara non, DVD-a heldu da. Stalker bi DVD-tan daukat orain, eta aurreko batean pelikula berriz ikusten ari nintzela, bonbila piztu zitzaidan. Ingelesezko azpitituluak aukeratu nituen, eta, hara non, erderaz “Mona” zioen tokian ingelesez ez zioen “Mona”, baizik eta “Monkey”.

Tximino neskatoa stalker-aren -mugalariaren- alaba da. Mugalariaren lanbidea jendea Gunera ezkutuan eramatea da. Debekaturiko eremua da Gunea. Inork ez daki zergatik, espaziontzi baten leherketarengatik edo eztanda nuklear batengatik, agian, baina Gunea erradioazioz beteriko lurralde zabal bat da. Erradioazioa dela-eta, mugalarien seme-alabak “akats” genetikoekin jaiotzen dira, mutanteak dira.
stlkr102

Stalker pelikula Txernobilgo zentral nuklearraren eztandaren (1986) inguruko profezia dela diote batzuk. Hala bada, profeziak profeta hil zuela esan dezakegu. Estonian filmatu zuten, 1970ko hamarkadaren bukaeran, eremu industrial ultrakutsatu batean. Filmatu ondoren bronkioetako minbizi arraro bat aurkitu zioten filmazio taldeko kide bati. Gaitza berak hil zuen zuzendariordea. Tarkovski bera ere bronkioetako minbiziak hil zuen urte batzuren buruan.

Eboluzioaren hurrengo urratsa

Gizakia eboluzioaren ondorioa da, eta ez dago inongo arrazoirik pentsatzeko eboluzio prozesu hori gelditu denik. Gizakia ez da prozesuaren gailurra, batzuk hala uste arren, baizik eta tarteko produktu bat. Nor da, beraz Tximino?

Ikonografia kristauez beteta dago Tarkovskiren filmografia osoa. Stalkerren, esaterako, Andrei Rublev Errusiako XV. mendeko ikono margolariaren Hirutasuna erabili zuen eskena bat konposatzeko.

 trinity-rublev
stlkr18

Stalker, emaztea eta alaba ere hirutasunaren irudia dira.

Tarkovskiren filmean, irtenbiderik gabeko puntura heldu da gizateria, eta, horretan, itxaropen bakarra eboluzioaren hurrengo urratsa da: mutazioen bidez, garunaren ahalmen ezkutuak azaleratuko dituen supergizakia. Ez du nazien supergizakiarekin zerikusirik; neska ahul, elbarri bat baino ez da. Baina ahalmen berri misteriotsuak bere baitan dituena, bestelako etorkizun baten hazia.

Tximino jarri dio Tarkovskik neskatoari, eboluzioaz gogora gaitezen.

Hasieran jarri dudan sekuentziarekin bukatzen da pelikula. Nik mezua beste sekuentzia honekin bukatuko dut, Testamendu Berriko pasarte baten aipamena dela iruditzen zaidalako (agian flipatzen ari naiz, zuek erabaki).

Hor doaz Stalker, emaztea eta Tximino, paisaia apokaliptiko baten barrena. Jose mugalariak familia Egiptotik Palestinara pasa zuen bezala, Nazareteko etxerako bidean, Maria emaztea eta haurra gainean hartuta.

Haur hori Tximino da: gure KIXMI.

Tximino kopiontzi

Gizakiok imitazioaren bidez ikasten ditugu gizartean moldatzen. Jokamolde hori soilik tximino handien artean -gizakietan eta txinpantzeetan, batez ere- ematen zela uste zuten zientzialariek orain arte.

Italiako ikertzaile talde batek bideoan jaso du rhesus makakoen kumeak ere, gauza direla ikusten dutena kopiatzeko.

Zientzialariok diotenez, kumeek ezin dutenez euren aurpegiak ikusi, besteen aupegietan ikusten dituzten keinuak kopiatuta ikasten dute. Ahalmen horrek garrantzia handia du ama eta kumeen arteko harremanak estutzeko prozesuan.

Gizakumeen “imitazio fasea” hiru hilabete irauten du, eta bi txinpantzeen artean, zientzialarien arabera.

Denera 21 makako jaioberri erabili zituzten Pier Ferrari Parmako Unibertsitateko irakasleak zuzenduriko saioetan. Zientzialari baten parean jarri zituzten tximinoak, eta gizakiak burua mugitu, begiak itxi eta mingaina atera bezalako keinuak egin zituen.

Lehen egunean tximinokume bakar batek ere ez zituen keinuak imitatu. Baina hirugarren egunerako denak hasi ziren kopiatzen.

Bi asteren buruan imitatzeari utzi zioten, eta zientzialariek ondorioztatu dute makakokumeen imitazioaldia txinpantzeena baino askoz motzagoa dela. Edonola ere, luzeago irauten du imitazio iturria beste makako bat denean, nabarmendu zutenez.

Nik zalantzan jarriko nuke gizakion eta beste tximinoen imitazioaldia horren motza dela. Espezieon kultura, hein handi batean, imitazioan oinarritzen baita. Gizakiok, gainera, erlijio bilakatu dugu imitazionea, kristautasuna kasu. Gogoratu, bestela, etsipenaren etsipenez, irtenbide baten bila, gizakiak imitatzeari ekin zion Kafkaren tximinoarena.

Tximino kopiontziak gara, bukaeraraino.

Erantzun errazak

Bai, ez zen zaila bideoan azalduriko asmakizunari erantzuna bilatzea.
(Hona bideoa berriz, ikusi ez baduzu).

Traperok arrazoia du: tximinoak badaude, aingeru bat badago eta hau KIXMI bloga bada,… Nor biziko da ba etxola horretan?

Jesukristo, jakina!

Pelikula batetik ateratako irudiak dira. Kristoren azken tentaldia (The last temptation of Christ) filmetik, alegia.
Martin Scorsese zuzendari estatubatuarrak plazaratu zuen pelikula 1988. urtean. Nikos Kazantzakis idazlearen O Teleutaios Peirasmos, eleberrian oinarritu zen.

Eleberriaren, zein pelikularen, ideia aski sinplea da: Jesukristo gizakia ere baldin bazen, gurutzean zintzilikaturik zela ez ote zuen izango tentaldirik heriotza baztertu eta bizitza arrunta izateko?

Narrazioak erakusten du nolakoa litzateke Jesus gizakiaren bizitza alternatibo hori. Mari Maddalenekin ezkondu, haurrak egin, emazteari adarrak jarri, gizaki bezala hil…

Mahomari eginiko “irainak” direla eta musulmanak kalean diren honetan, ongi dator gogoratzea pelikularen inguruan 1988 horretan gertaturikoa. Talde kristau fundamentalistek sekulako kanpaina antolatu zuten filmearen aurka. Estudioari negatiboa erostea eskaini zioten, erretzeko. Parisko Saint Michel zinearen barrura koktel molotov bat jaurti zuen talde ultrakatoliko batek, filma ikusten ari zirela. Gutxienez 13 pertsona zauritu zituen, hiru erredura larriekin.


(Jesukristo eta Maria Maddalen, etxolan)

Eta tximinoak zer?

Kontuak kontu, KIXMI blogan tximinoak interesatzen zaizkigu, ezta?

Jesukristo etxola horretan dago. eta Maria Maddalenak gurutzeko zauriak sendatzen ari zazizkio. Oraintxe hasi du bere bizitza gizatiar alternatiboa.
Ez dakit tximinoak Kazantzakisen liburuan ere agertzen ote diren. Baina pelikulakook, behintzat, esan nahi argia dutelakoan nago.

Deabrua simia dei (Jainkoaren tximino) gisa. Ideia zaharra berriz ere agertzen da hor. Deabrua tximino imitatzaile gisa, gezurrezko unibertsoa ehuntzen gizakiak engainatzeko.

Aingeru hori deabrua da, Jesukristo tentatu duena gizaki bezala bizi dadin. Bizitza alternatibo bat antolatzen dio, Jainkoaren kreazioa imitatuz.
Baina Philip K. Dick idazleak nabarmentzen zuen bezala, deabruak mundu alternatibo faltsuak eraikitzen baditu, nola bereiziko dugu egiazkoa zein den. Nola dakigu, beraz, bizi dugun hau dela benetakoa, eta benetako bakarra?

Bideoko galdera konplikatu zaigu, beraz. Nor bizi da etxola honetan? Gu guztiok?

Baina lasai, pelikula bat baino ez da.

Kixmi boxeolari

boxeolari

“Le Monde” egunkarian agertu zen goiko irudia joan zen larunbatean. Poizat ilustratzailearen lana da, neokreazionismoaren inguruko artikulu bat ilustratzeko.

Jainkoa, tximinoa, gizona… ironiaz hartzen ditu. Izan ere ironiaz baino ezin da hartu Diseinu Adimentsuaren gaia. Ameriketako Estatu Batuetako Bibliaren Gerrikoa deituriko zonalde ultrakristauaren sakontasun abisaletatik, mendebalde sinesgabe materialista osoa konkistatzera dator teoria zahar-berria. Eta litekeena da aurki Euskal Herrira heltzea Eliza Katolikoaren iherarkiaren eskutik.

Jainkoak unibertsoa duela sei bat mila urte inguru sortu zuela uste dute kreazionistek. Orain jantzi berriekin agertu dira AEBetan, eta Diseinu Adimentsua jarri diote izena mozorroari. Teoriaren arabera, organismo konplexuak ezin dira zoriz sortutakoak izan, baizik eta «diseinatzaile adimentsu» batek sortutakoak. Bizidunak ingurumenaren erronkei erantzun eta aldatu egiten direla onartzen du Bill Harris medikuntza irakasle eta Diseinu Adimentsuaren bultzatzaileak. Edonola ere, «gizakia istripua» dela ukatzen du. «Bizidun forma guztiak arbaso komun batetik datozela eta prozesu natural baten ondorio direla ezin da esan, zientzian oinarrituta», esan zuen.

Kreazionismoaren mozorroa

1987an kreazionismoa eskoletan irakastea galarazi zuen AEBetako Auzitegi Nagusiak «sasizientzia» dela iritzita. Diseinu Inteligentearen bultzatzaileak beste bide bat bilatu nahi dute, kreazionismoa ikasgeletan sartzeko. Agnostikotzat jotzen dute euren teoria, eta darwinismoarekin batera irakastea proposatzen dute. Azken finean, komunitate zientifikoak eztabaidatzen ez duen eboluzionismoa «beste teoria bat» besterik ez dela eman nahi dute aditzera eskoletan.

Txiste zahar bat ekartzen dit gogora teoria bitxi honek.

  • Tipo batek prakak hartzera eraman ditu jostunarengana. Handik astebetera deitzen dio jostunak prakak jasotzera pasa dadin. “Astebete prakak hartzeko?”, esaten dio haserre jostunari, “Denbora horretan Jainkoak mundu osoa sortu zuen!”. Jostunak serio begiratzen du eta honela erantzuten dio:”Bai jauna, Jainkoak zazpi egunetan sortu zuen mundua, baina begiratu zure prakak, eta begiratu mundua”.

Hedabide gutxitan agertu bada ere, ezkutuan, ateak itxita, bilera berezia egin zuten joan zen astean Vatikanoko buruek, Joseph Ratzinger Eliza Katolikoko Aita Santua buru. “Ez gaude hemen eboluzioaren zentzurik gabeko istripu batengatik”, entzun diogu lehen ere Ratzingerri. Filosofoak, zientzialariak eta teologoak bildu ditu Benedikto XVI. delakoak, Eliza Katolikoa diseinu adimentsuarengana biltzeko bidea prestatzeko, ziurrenera.

Poizaten marrazkia ezin egokiagoa da.

Kixmi boxeolariak eskularruak jantzi ditu. Lehen “round”-a hastear dago, eta kanpaiak ez gaitu salbatuko.