Urriko hauteskundeen emaitzek posible egiten dute orain, komunikabide
publikoen inguruan aspaldidanik beharrezkoa zen eztabaida sakon eta
patxadatsuari ekitea.
Ez da jauntxokerietarako garaia. Gehiengoaren perfil sozio-politikoa
kontuan hartuz, komunikabide publiko zein ekimen sozialekoen gaineko
hausnarketa irekia egiteko baizik, duela gutxi arte ez bezala.
Baikorrak izateko arrazoi ugari dago. Asko dago eztabaidatzeko, adosteko eta jarrera
berriekin ibiltzeko.
EiTBren hogeita hamargarren urteurrena ospatzen
da aurten eta, paradoxikoa bada ere, ikus-entzunezko publikoen etorkizuna
daukagu mintzagai, ez hainbeste iragana. Testuingurua zeharo aldatua dugulako
eta horretan gaur gaurkoz komunikabideek jokatu beharreko rola beste bat
delako. Hasteko, jendartearen perfil kulturala, hizkuntzen ezagutza eta
ikus-entzunezkoekiko jarrera asko aldatu direlako (besteak beste, populazioaren erdiak ulertzen du euskara eta hezkuntza eredu euskaldunak dira nagusi). EiTBren
papera duela hiru hamarkada eta orain ezin dira berberak izan, pantailaz
bestalde daudenak aldatu direlako.
LTDaren ezarpenak, gainera, biderkatu egin du
etxeetara heltzen den kanal kopurua, baina agerian utzi du kontzentrazioa
jabegoetan, homogeneizazioa edukietan, gazteleraren nagusitasuna eta
espainiarzaletasuna lerro editorialetan.
Bada, azkenik, EiTBren sorrera legean zeuden helburuak berregokitu beharra
dagoela erakusten duen beste elementu bat ere hain zuzen ere, ikus-entzunezkoen
erabilerari dagokionez jendeak gaur egun daukan portaera (zer ikusi, zergatik,
zein tramankulu erabiliz, zenbateraino gogobetetasuna…).
Oinarriak berrezartzeko garaian gaude. Euskal Komunikabideen (irratia,
telebista, internet) zereginak berdefinitzeko aukera paregabean kontuan hartuz,
besteak beste, Euskal Herriko
komunikabideen mapa orokorra, lege arauketa, ikus-entzunezko propioen garapena
eta zerbitzu publiko izaeraren aplikazioa.
EiTBren zereginaren berraztertzea komunikabide publikoek, herri ekimenekoek
eta pribatuek jokatu beharreko funtzioaren arabera egin beharra dago. Eremu
zabaleko zein tokian tokiko komunikabideen arteko erlazioak eta sinergiak
gozatu behar dira eta gazteleraz eta euskaraz aritzen direnen arteko oreka
berriak bilatu beharko dira. Bereziki, euskararen presentzia eta garapena ziurtatuko
duten marko eta lan egiteko modu berriak bilatu behar dira, bai EITBren baitan
baita hedabideen panorama orokorrean ere. Horretarako, aurreko legealdian ez
bezala, orain baldintza egokiak ematen dira erabat zaharkitua gelditu den
sorrera legeari astindu on bat emateko. Jakinik, ikus-entzunezkoen panorama
asko aldatzen dela egunetik egunera, baina norabidea markatu beharra dagoela,
medio egituraketa arin eta malguak aprobetxatuz.
Kontuan hartu beharreko marku berri horretan daude: ikus-entzunezko
komunikabideen lege orokorra; EiTBrena (katalanek egin zutenaren antzera
birbataiatu beharko litzateke, again EKb-Euskal Komunikabideak izenarekin),
haren zuzendari eta administrazio kontseiluaren funtzioak eta aukeratzeko
moduak; korporazio publikoaren alderdiekiko autonomia sakonduko duena; bertako
profesionalei ahotsa emango diena; komunikabide publiko eta herri ekiminekoen
arteko elkarlana bideratuko duena; bertoko industria bultzatu eta orokorrean
euskara eta euskal kultura modu integratzailean eta hezkuntza sistemarekin
sintonian ezagutza eta erabilera sustatuko duena.
Beste toki askotan bezala, hemen ere, krisiaren aitzakian, zerbitzu
publikoak eztabaidagai jartzen ari direnean, euskal komunikabideak eta euskaraz
aritzen direnak bereziki, rol garrantzitsua daukatela berretsi baharra dago.
Euskararen alde, informazio zabala eta orekatua eta entretenimendu duina
eskainiz, ikus-entzunezko alfabetizazioan eta kultura transmisioan behar
beharrezkoak dira komunikabide publikoak. Eta bertako langileen profesionaltasuna
muin-muinean daukagun bermea da.
Hauteskundeen osteko aritmetikak ez du ematen jarrera politiko itxietarako.
Ikuspegi miopiko eta instrumentalek kale egingo dute, ikuslerik eta ilusiorik
ez badago pantailen bestaldean
Momentu zoragarria da, urteurrenaren ospakizunekin batera, eztabaidarako
bideak irekitzeko, eredu berriaz hausnartzeko eta erronkak mamitu daitezen
pausuak emateko. EiTB izan denaz baino
aurrera begira zertarako nahi dugun adosteko une egokia da
oraingoa.