23. KUTXA FUNDAZIOA

Fundazio bonsai bat hartu eta zuhaitz lerden bihurtu genuenekoa. Txanpon beraren alde finantzarioa eta soziala. Herritarrekin batera, planetaren alde, kontzientziatik ekintzara. Garmendia, Haritxelhar, Basterretxea, Etxegarai, Mariscal, La Fura dels BausAntizipazioan azti.

2009an Carlos Ruiz-en eskutik Gizarte Ekintzara iritsi nintzenean, Kutxa fundazioa juridikoki eratuta zegoen, baina garatu gabe; Kutxaren Gizarte Ekintzari kanpo zerbitzua ematen zion egitura bonsai bat besterik ez zen. Bazituen 20 langile inguru, baina aurkitu genituen etsita, zegozkien erabakietatik urrun eta garapen profesionalerako aukerarik gabe. Ni orduan fundazio-zalea nintzen (gaur baino zaleago) eta berehala ikusi nuen aukera handi bat urrats esanguratsuak egiteko.

Horretarako, ordea, Kutxaren baitan Gizarte Ekintza eraldatu beharra zegoen. Carlos zen alor-burua eta nik artean ez neukan titulu zehatzik; aldiz, bertan bazegoen lantalde handi samar bat bere arduradunekin, lanean ari zena. Eta gu hura astintzera gentozen. Hasieratik somatu genituen erresistentzia batzuk, bereziki kargudun baten bueltan, eta Carlosen estrategia izan zen alor osoa bi azpi-alorretan banatzea, bi arduradunekin: kargudun ‘disidentea’ eta ni.

Ez nintzen azpijoko girotan asko ibilia, baina baneukan eskarmentu nahikoa egoera horretan ere nire tokia aurkitzeko eta garatzeko. Ohi bezala, antizipazioa erabili nuen, eraldaketari forma ematea hartu nuen lehentasun, aldekoak motibatzeko eta aurkakotasuna apaltzeko. Tentsio artean egin genituen lehen urratsak, harik eta nire parekoa goi-kargu baterako fitxatu zuten arte Madrilen. Bere tokia hartu zuen lankideak profil leunagoa zeukan eta handik aurrera giro bareagoan aritu ginen.

Eraldaketaren jomuga fundazio beregaina nahi genuen, erabakiak hartzeko eta estrategiak lantzeko gai izango zena. Kutxa izaki irabazi-asmorik gabe sortutako kreditu-erakundea, bere mozkinak gizarteari itzultzeko egitura indartsu bihurtu nahi genuen fundazioa; horrela, bi aurpegiak (finantzarioa eta soziala) txanpon beraren bi aldeak zirela azpimarratu nahi genuen, banku-jarduera eta mozkin soziala lotuta zeudela. Ikuspegi aldaketa nabarmena zekarren, ze indarrean zegoen paradigmaren arabera Kutxa askoz hurbilago zegoen bankuen eredutik: jardun finantzario zorrotza zen nagusi eta, haren menpe, gizarte ekintzaren funtzioa zen erakundearen ospe ona elikatzea.

Gogoan dut urte hartako maiatzean, Udaltop topaketen lehen edizioan Gipuzkoako Aldundia eta Kutxa izan ginela babesle nagusiak. Irekiera ekitaldian lotsagabe aritu nintzen: “Guk hau babestu dezakegu finantza-jarduna daukagulako. Eta jardun horren mozkinak ez doaz inoren poltsikora. Zuen finantza-jarduna eta zuen erakundeena (udalak) gurekin egiten dituzuen heinean, honelako babes gehiago eman ahalko dugu” Hau da, elkarrekin egindako negozioak ahalbidetu zezakeen elkarrekin gizartea garatzea. Hain zuzen bi aurpegi osagarrien ikuspegi hau logora ere eraman zen, Carlos-en arduren artean komunikazioarena ere bazegoen eta. Estetikoki diskutitua izan zen, baina argi adierazten zuen Kutxa finantzarioa eta soziala lotuak zeudela, txanpon beraren bi aldeak zirela.

Nire lehen helburua izan zen konfiantzazko lantaldea sortzea, ingurune ez oso aldekoan aurrera egiten lagunduko zidana. Borrokatuta eta ez bapatean, baina lortu nituen laupabost lankide bikain, eta taldeari ‘mosketariak’ izen literarioa eman genion. Haiengan bilatu genuen ezaugarri printzipala izan zen, ezagutza profesionalez aparte, jarrera berritzailea, prestutasuna gauza ezberdinak eta gauzak ezberdin egiteko. Sinetsita nago berritasuna pertsonen jarreretan dagoela nagusiki, sistema, metodo eta protokoloetan baino gehiago. Dinamika berritzaile batean partaide gehienak badira pertsona kontserbadoreak (“ez dut ikusten”, “ez da komeni”, “oso zaila da”) egon seguru hasierako kemen berritzailea deusezteko gai izango direla, agian borondaterik onenarekin.

Taldea osatzearekin batera, eta apustua benetakoa zela adierazteko, Kutxa handi eta seguruko langile ginenok Fundazio txiki eta ahularen langile izatera pasatu ginen; eta lehendik zeuden langileen lan-baldintzak Kutxan geneuzkanekin berdindu ziren. Lankidetza sanoa ez da posible barne-diskriminazioa pairatzen duten kolektiboetan.

Ikuspegi orokor berria nire ardurapeko esparruetara eramaten hasi nintzen, luzamendurik gabe. Oinarrizko urrats bat izan zen LEIBA (leihatila bakarra) deitu genuen kanala, herritar banakoak edo elkarteak gurekin harreman zuzena izan zezaten, bulego finantzarioen sarea erabiliz. Horrekin batera, nahi izan genuen dirulaguntzen banaketa eskatzaile ezberdinen artean eta lurraldean zehar orekatzea, klientelismoa eta donostiar-zentrismoa saihesteko. Deialdi lehiakorren formula landu genuen, aukera berdintasuna bermatzeko, eta lurralde-kuotak erabiltzen hasi ginen kontzentrazio arriskuari aurre egiteko.

Beste aldaketa bat izan zen, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak ematea baino, proiektuen finantzazioa diruz laguntzea, ohiko jarduerari eustea baino ekimen berriak sustatzea helburu. Ildo honi erantsi genion osagai berdea, eta sortu genituen finantzazio berezi hobarituak ondasun jasangarriak (auto elektrikoak, plakak…) erosteko. Sare ‘komertzialak’ maileguak ematen zituen produktuak erosteko, eta sare ‘sozialak’ interesak hobaritzen zituen produktu horiek jasangarri izanez gero.

Hortik abiatuta, estrategia berde oso bat diseinatu genuen, epizentroa Ekogunean zeukana, Galarreta aldeko Zabalegi etxaldean. XX. mendean nekazari eskola izandakoa, bihurtzen hasi ginen naturarekiko harreman arduratsuagoa lantzeko gune, bizitzaren esparru ezberdinak (elikadura, energia, hizkuntza, ura, natura, kultura…) ekologiaren ikuspegitik jorratzeko. Gure analisia zen aurreko hamarkadetan dezenteko kontzientzia metatu zela gizartean, planeta zaintzeko premia larriaz, eta falta zirela bereziki kontzientzia hori ekintza bihurtzen lagunduko zuten palankak; hots, informazioa, teknologia eta baliabideak pertsonen eskura jartzea, modu errazean urrats esanguratsuak egiteko.

Horregatik nahi genuen Zabalegi izatea ekologiaren parke tematiko bat, eta bertan martxan erakustea baratze ekologikoak, energia berriztagarriko instalazioak, eraikuntza biodinamikorako materialak, uraren depurazio ziklo naturala, hizkuntza aniztasunaren altxorra, animaliak libre… Hori guztia animazio testuinguru oso batekin, informazioa, aholkularitza, formazio laburrak, finantzazio hobaritua eta behar ziren laguntza-zerbitzu guztiekin. Nahi genuen familiak egunpasa etortzea, gauza errealak ukituz eskuak ‘zikintzeko’ aukera izatea, urratsak egitera animatzea eta handik irtetea besapean asmo zehatz batekin eta hura gauzatzeko behar adina tresnekin.

Zabalegi benetan paraje ederra zen, natura puska bat hiri ondoan. Gainera, jakin nuen gaineko lursaila ere –Oriamendi ingurua eta hango etxe pare bat, bere karga historiko guztiarekin- Kutxarena zela. Ondoan zegoen Miramon, eta bertan zientzia museoa, gero Eureka deituko zena. Eta egun batean eldarnio moduko bat izan nuen, eta imajinatu nituen korridore batean elkar lotuta oinez edo bizikletaz Miramon (zientzia, teknika), Oriamendi (historia, jendea), Zabalegi (natura, animaliak) eta Zabalaga (Txillida, artea). Buruak ia eztanda egin zidan, Donostia/Hernani arteko marabilla hura amesten jarri nuenean!

Lurrera bueltan, nahi izan genuen Zabalegi ez izatea soilik gune fisiko bat, baizik eta Gipuzkoa osoko sare dinamiko baten epizentroa, ekimen ekologista eraginkorra delako tokiko logikarekin uztartzen denean. Bi adibide jarriko ditut. Bat izan zen Gazte Ekoliderrak programa: lurraldeko gazte motibatuei ematen zitzaien aukera ekimenean trebatzeko, ekintzaile bihurtzeko prestaketa konpleto batekin. Helburua zen bakoitza bere herrian eragile izatea, eta elkarrekin lurralde osoko sare bat ehuntzea. Bestea zen Gipuzkoako baratze-parkeen sarea, herriz-herri sortzen ari ziren ekimenei sostengua, baliabideak eta bateratasuna eskaintzeko.

Ekogunean izan nuen Albaola ekimenaren lehen berri, Jakoba Errekondoren ahotik eta liluratu egin ninduen, sekulako herrigintza-tresna iruditu zitzaidan. Segituan jarri nintzen harremanetan bertako arduradunekin, Xabier Agote eta Erme Pedroso-rekin, eta ikusi nuen 2010 hartan oraindik amets handi baten hastapenetan zeudela, hura gauzatzeko zailatsun handiekin. Taldea jarri nuen lankidetza formulen bila, eta aurkitu genuen modua proiektuari bultzada emateko. Geroztik Xabierrek berak aitortu izan dit une erabakiorrean iritsi ginela. Noski, barne-poz izugarriz ikusten dut egungo Sanjoan baleontzia eta zinez eskertzen diot ekimen honi gure herri iraganaren pertzepzioa errotik aldatu izana. Punta-puntako herria ere izan gara, itsasoari begira.

Ekologia ardura nagusienetakoa izan nuen fundazioan, baina kultura ere nire ardurapean zegoen, eta hor ere bizipen oso aberatsak izan nituen. Gogoan dut nola, hasiera samarrean, Kubo aretoko arduraduna zen Maribi lankideak aipatu zidan urte hartako Arco feriaren atarian jakin zuela artelan interesgarri bat erosteko aukera zegoela; zehazki, Alejandro Garmendia artistaren La cinta de Moebius koadroa. Azaldu zidan zergatik zen aukera ona hura erostea eta nolako ekarpena egiten zion Kutxaren arte bildumari. Konfiantza nuen Maribiren jakindurian, eta mugitu nintzen erosketa posible izan zedin. Baietza eman nioenean, Maribi harritu egin zen: “Hemendik aurrera, ondo pentsatu beharko dut zer proposatzen dizudan, jakinda gauzatu egin daitekeela!”

Oso polita izan zen Baionako Euskal Museoa-rekin batera antolatu genuen Nestor Basterretxea-ren erakusketa handia, lehenbizi han eta gero Kubon ikusgai egon zena. Gogoratzen dut irekiera egunean, jendez lepo betetako gelan, nire hitzartzea hasi nuela bertan zegoen Jean Haritxelhar euskaltzainburua agurtuz, eta nola gero mahaikide nuen Nestorri adierazi nion nire ustea, alegia, bere Euskal Kosmogonia bihurtu zela gure belaunaldiarentzat euskaltasunaren irudikapen estetikoa, Ez dok amairu soinu-banda izan zen bezala.

Nestorrekin harreman polita izan nuen gero ere; tartean aukera izan nuen bere Jaizubiako baserrian Kosmogoniako eskulturak patxadaz eta egileak berak lagunduta behatzeko, plazer handiz. Arantzazun ere izan ginen, santutegiko Kripta-ko horma-pintura ikusgarriak biziberritzeko laguntza eman genionean, haren inaugurazioan. Elur artean igo ginen eta Nestor bihurri zegoen. Bere hitzartzean elizari ziri batzuk sartu zizkion, eta munduaren injustiziaz ari zela aipatu zuen:Ikusten duzue Jesukristo gorri horrek ze haserre aurpegia daukan? Ba gaur marraztuko banu, are haserreago jarriko nuke!”

Bitxikeria bat: Basterretxearen Baionako erakusketaren aurkezpenean mahaikide izan nuen Jean Rene Etxegarai, orduan hiriburuko zinegotzi eta gerora Ipar Euskal Herriko lehen lehendakaria. Erakusketa Donostiara ekarri genuenean berriro mahaikide izan ginen, bai aurkezpenean eta baita ondorengo bazkarian ere. Jean Rene eta bere txoferra, Maribi eta laurok elkartu ginen, Zurriolako jatetxean, giro onean. Ardoarekin egon ziren bereziki gustatuta gure gonbidatuak eta, nola bigarren botila ez genuen amaitu, txoferrak eraman zuen jakaren poltsikoan sartuta.

Gogoratzeko daukat, baita ere, Xavi Mariscal ospetsuaren erakusketa antologikoa prestatu genuenekoa. Aurrez espazioa bisitatzera etorri zenean, pozik zegoen artista; eta nik aipatu nion sentimentu hori adierazteko euskaraz bagenuela hitz bat oso polita: bizipoza. Liluratuta geratu zen hitzaren soinuarekin eta erakusketari izenburu hori jartzeaz gain erakusketarako propio sortu zituen eskultura bat eta koadro bat b-i-z-i-p-o-z-a hizkiekin. Ni oso pozik, noski.

Beste kontu asko aipa ditzaket, bizipenetan oso aberatsa izan baitzen aldi hau. Bat da La Fura dels Baus talde handiaren ikuskizun bat, Degustación de Titus Andronicus, Donostiako Tabakalera zaharrean estreinatu zenekoa. Gizpuzkoako Aldundiarekin lankidetza estuan genbiltzan eta elkarrekin egin genuen ahalegina produkzio handi hura estrainekoz Euskal Herrian eman zedin. Bide batez, aukera eman zidan La Fura Katalunian bisitatzeko, eta mundu berezi bat aurkitu nuen haien artean.

Eta bigarrena izan zen Kutxaren Fototeka irekitzea. Milioitik gora Gipuzkoako argazki zahar geneuzkan metatuta, balio handiko funtsean, eta kopiak saltzen ziren herritarren eskariz. Paradigma erabat aldatuta, funtsa digitalizatzea azkartu genuen eta, Aldundiaren Gure Gipuzkoa zerbitzuarekin bat eginez, libre jarri genituen zientoka mila argazki sarean, herritarren eskura.

Azken txanpan, fundazioaren egoitzari eman genion bultzada handia. Garibai kalean, Kutxaren jauregiaren parean, soto batean zeuden langileak eta kale mailan prentsa aretoa. Horri erantsi genion lehen solairua eta guztia eraberritu genuen, sotoan ondare bilduma ederra paratuta, lehen solairuan bulego/lantokia eta behebarruan, prentsa aretoaz gain, bilera gelak eta harrera espazioa. Egoitza zoragarria sortu genuen, Txema Garcia Amiano diseinatzaile bikainaren laguntzarekin, eraikitzen ari ginen erakunde modernoaren irudikapen estetikoa izan zedin.

Eraldaketa hauekin guztiekin, Kutxa fundazioa asko garatu zen eta Kutxarekiko zeukan mendekotasuna gutxitzen hasi zen. Hain nabarmen, Kutxako lehendakari Xabier Iturbek, berarekin sarri genituen bileretako batean, antzeman zigula egiten ari ginenaren ondorioa: Kutxa orduan baldin bazen banku bat, zintzilik zuena fundazio sozial bat bere ospe onerako, gerora bihur zitekeen fundazio sozial bat, zintzilik izango zuena banku bat, diruz hornituko zuena. Hau da, galtzerdiari buelta ematea.

Hain zuzen hauxe gertatu zen Kutxabank-en sorrerarekin. KUTXA, VITAL eta BBK fundazioak dira Kutxabank-en jabe, eta honen mozkinak dira haien jardueraren diru-iturri nagusia. Gurea antizipazio ariketa polit bat izan zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude