Ituren eta Zubietako iñotik

DSC_5657

Ituren eta Zubieta, Mendaur mendiaren magalean. Nekazari giroko inauteriak ditugu hauek, eta bi herriok dira lehenengoak inauteriak ospatzen.
Herriko ostatuan janzten dira joaldunak, eta bertan lanean ari direnei ez zaie umorerik falta!

DSC_5821

Artza bere loalditik irteten denean, udaberria gertu dugula esan nahi du. Iturengo artza ardi-larruz mozorrotuta ibiltzen da eta ahari-burua darama.

DSC_5843

Lurra, natura esnatu nahi dute joaldunek mugimendu erritmikoekin eta joare handien edo polunpen hotsarekin.

DSC_5846

Joaldunekin batera gizon bat joaten da, txapela eta atorra beltzez jantzita. Hark adar-hotsak eta oihuak botatzen ditu joaldun guztiak batera mugi daitezen.

DSC_5711

Karrozaren bat ere ikusiko dugu, eta jendea mozorro-jantzian ibiltzen da, haurrak, gazteak eta ez hain gazteak ere, festan parte hartuz eta disfrutatuz.

DSC_5667

Azkonbegi – Landibarre

hilarriak

Landibarreko auzoa dugu Azkonbegi. Joan ginen egunean, Herritarren Bazkaria ospatzen ari ziren. Bazkari hori herriko Gazteen Komiteak ordaintzen du, eta beti izaten da herriko festak ospatu baino hiru aste lehenago.
Azkonbegi ez dugu bide ondoan aurkituko, bilatu egin behar da, joan egin behar da bertara, eta, han, denbora gelditua dagoela ematen du. Auzo txikia da, baina handia eta aberatsa bere txikitasun horretan. Espero ez ditugun altxorrak aurkituko ditugu: harrizko gurutzea, Xipirine kapera, eta haren kanpoko aldean eta barruan… a zer sorpresak! Herritar batek, Margueritek, erakutsi zigun kapera: zoragarria!

Xipirine

Baldorbaren eguna

Grupo de danzas Valdorba

Duela 25 urte ospatu zen lehenengo aldiz. Ideia Garinoaingo Kultur taldean sortu zen. Beharrezkoa ikusten genuen zerbait egitea herrietako jendea elkartzeko eta elkar ezagutzeko, herri txikiz osatua baitago gure bailara.
 Hasiera baten, bezperan, hitzaldi bat egiten zen, kirol lehiaketak eta berbenak hainbat herritan. Igandean, meza Katalaingo ermitan eta hura amaituta herri bazkaria.


Urteak joan, urteak etorri, aldaketatxoak izan dira. Karpa bat jartzen dugu Katalainen, ermitaren ondoan; bertan Baldorban ohikoak diren jakiak eta produktuak eskaintzen ditugu: Bildotxa txilindronean, “menudicos”, errrellenoa, txistorra; erroskilak, esne frijitua…, hori guztia hainbat bizilagunen artean egindakoak. Aldi berean, artisau-lanak ere egoten dira ikusgai.

Mezaren ondoren, Orisoaingo gaita-jotzaileek dantzan jartzen dituzte euren buruhandiak, eta Baldorbako Dantza Taldeak edo Garinoaingo Musika Bandak ere hartzen dute parte, urtero ez bada ere. Aldi berean, haurrek zaldian ibiltzeko aukera dute.
 
Diru laguntzarik hori guztia antolatzeko?
 “Baldorbaren Garapenerako Elkartean” dauden udalek ematen digutena eta karpan edariak saltzen ateratzen duguna, ez dugu bestelako laguntzarik“.

Falces

el pilon

Argazki zehatz batzuk egin nahi ditudanean, gustatzen zait lehenagotik lekua ezagutzea, lekua aukeratzeko, akreditazioa garaiz lortzeko, halako kontuak. Halaxe joan nintzen Falces herrira; jaiak ziren,  eta egunero, goiz samar, El Pilongo entzierroa egiten dute.
Herriaren sarreran gasolinera bat dago; bertan bikote bat ari zen berbetan eta eurei galdetu nien autoarekin gehiago hurbildu nintekeen herrira eta El Pilon urruti geratzen ote zen.
“Ya te voy a enseñar dónde es” –esan zidan gizonak, Francisek–. Nirekin autora igo eta non laga erakutsi zidan. Gero oinez joan ginen goraino. Sekulako beroa egiten zuen!

kalderetea

Egun horretan kalderetea ari ziren egiten, lehiaketa zegoen eta. Talde batengana hurbildu ginen.
A esta la llevais luego con vosotros a comer.
Eta halaxe amaitu nuen etxe bateko bajera baten kalderetea jaten, Flor-en etxean, haren familia eta lagunekin. “¿Y esta, quien es?” –galdetzen zuten lagunek–. “No sabemos, la ha traido Francis” –barregura ematen dit momentu hura gogoratzean–.
Primeran pasa nuen eta kalderetea… gozoa benetan! Harrituta zeuden patatak baino jaten ez nituelako –begetarianoa bainaiz–.

Flor eta lagunak

Gehiagotan ere itzuli nintzen. El Derroche peñakoak ezagutu nituen, ondoan uzten bainuen autoa aparkatuta. Hamaiketakoa jatera gonbidatu ninduten. Oso ona, oso fina! Entzunda nuen erriberakoak oso irekiak direla, euren artean ez zarela kanpotar sentitzen. Nirekin, behintzat, hala jokatu zuten. Datorren urtean ere bueltatuko naiz.

Peña El Derroche

Auzolana: Molinar ubidea


Molinar ubidea

Eliz atariko auzolanean ari zirenei argazkiak egiten nenbilela, esan didate:
–¿Les has hecho fotos a los del auzolan de la acequia Molinar? Estarán hasta las 11.

Ez dute euskaraz berba egiten, hala ere euskal hitz asko eta asko darabiltzate eguneroko bizitzan. Erretena garbitzen ari zirenengana joan eta Jesus Mari Aoizek eman dizkit azalpenak. Berbetan ari ginela, momentu baten esan dit: “Todo lo que retiramos de la acequia, lo echamos a la zaborra“. Eskuaz keinua eginda, pilatutako zikinkeria erakutsi dit, zaborra erakutsi dit. Esan behar dut grazia egiten didala entzuteak nola ahoskatzen dituzten hitz horiek, zeta horiek, gaztelaniaren ahoskeraz!

Mendiko oinetakoak ditudan arren, zikindu edo busti egingo ote naizen kezka dute, belarrak bustita daudelako eta lokatza dagoelako. Sekulako kiratsa dario erretenetik ateratzen duten lokatzari!

Ura moztuta dugu orain; berriz pasatzen hasten denean, hasieran arre-arre ikusiko duzu eta segidan garbi-garbia. Minutu batzuren kontua baino ez da.
Hala izan da. Hamaiketakoa jateko prest daude, Zazpiturrieta iturriaren ondoan.

 Hamaiketakoa-almuerzo
  -Egun on, Jesus Mari. Azalduko didazu zer egiten duzuen auzolan hau aurrera eramateko?
Ubidearen garbitze-lanak urtean bitan egiten dira, maiatzean eta ekainean. Horretarako, Ureztatze-batzordeak deialdia egiten du idatziz, eta bertan azaltzen du zein egunetan garbituko den. Beti izaten da larunbatean eta goizez, goizeko 8etan hasi eta 11k aldera amaitu; 20-30en bat lagun biltzen gara, denak borondatez.
Erretena 30 baratzez dago osatua eta 9 hektareako azalera du (90.000m2). Erretena 94an egin zuten.
Orain errazagoa da garbitzea, lehen lur-arrasean zihoanez, belarrak eta lurra garbitu beharra zegoen. Aspaldi baten, erretena garbitzera joaten zenak kobratu egiten zuen, lan oso neketsua baitzen.
-Deialdia egin eta…, ba al dakizue zenbat lagun azalduko den?
Ez, baina beti etortzen dira, erretena garbi mantentzea denontzat baita mesedegarri, eta auzolanean eginez gero, askoz errazagoa!

-Ureztatze-batzordea aipatu duzu…
Ureztatze-batzordea osatzen dute baratzea aldamenean duten bi lagunek. Udaberrian egiten da batzorde-aldaketa, beraz laster izango dugu berria, eta hurrengo batzordean egongo dira oraingoen aldamenean baratzeak dituztenak, eta horrela hurrenez hurren.
Eskerrik asko, guztioi.

Hamaiketakoa-almuerzo

Santa Zeziliako erromeria

Santa Cecilia

Santa Zezilia ermita Garinoain herriaren lurretan dago, galsoroen artean, muino txiki batean, Artaxonarako bidean.

–Javier, noiz ospatzen da erromeria?
Bestaberri egunaren ondorengo larunbatean. Elizatik  oinez joaten da bertara, goizeko hamar eta erdietan, 3km egongo dira, gutxi gora behera. Sakristauak parrokiako gurutzea eramaten du, eta behin bertara iritsita, meza. Mezaren ondoren soroak bedeinkatzen dira.
Ermita kokatuta dagoen lekua Burdin Aroko herriska bat da, erromanizatua, kastro erromatarra da. Lubaki bikoitza eta harresi bat ere badaude, eta estalita egon arren airetik oso ondo antzematen da; Jimeno Juriok deskubritu zuen. Ailegatu baino lehen, otoitz egiteko geratzen da ermitatik gertu dagoen leku baten, inork ez daki zergatik, baina hala egin ohi da, Santakruzalzina izeneko leku batean; toponimo gisa agertzen da izen horrekin.
Ezagutzen duzu bi Santa  Zezilien istorioa?

Unzue


–Ez. Kontaidazu!


Data zehatza ez dakit, 1700. urtearen inguruan  izango zen, hor nonbait. Udalak pertsona bati ordaindu zion Ama Birjina bati itxura aldatu eta Santa Zeziliarena eman ziezaion, lehendik zegoenaren ordez jartzeko.  Santa Zeziliaren irudia aldatzera joan zirenean, harri-jasa –pedregada– bota zuen eta ama birjina biak lagatzea erabaki zuten.
Gaur egun, zaharrak ermitan jarraitzen du; besteari, Santakruzalzinakoari, zuriberria kendu zioten, zaharberritu egin zuten, eta deskubritu zuten ama birjina gotikoa zela. Egun, Garinoaingo elizan dago.

Larunbatean izan zen erromeria; abadeak meza eman zuen, baina eguraldi
txarragatik herritarrak ez ziren hamaiketakoa egiten geratu, ondo
prestatuta joan ziren batzuk izan ezik.

Santa Cecilia