Falces

el pilon

Argazki zehatz batzuk egin nahi ditudanean, gustatzen zait lehenagotik lekua ezagutzea, lekua aukeratzeko, akreditazioa garaiz lortzeko, halako kontuak. Halaxe joan nintzen Falces herrira; jaiak ziren,  eta egunero, goiz samar, El Pilongo entzierroa egiten dute.
Herriaren sarreran gasolinera bat dago; bertan bikote bat ari zen berbetan eta eurei galdetu nien autoarekin gehiago hurbildu nintekeen herrira eta El Pilon urruti geratzen ote zen.
“Ya te voy a enseñar dónde es” –esan zidan gizonak, Francisek–. Nirekin autora igo eta non laga erakutsi zidan. Gero oinez joan ginen goraino. Sekulako beroa egiten zuen!

kalderetea

Egun horretan kalderetea ari ziren egiten, lehiaketa zegoen eta. Talde batengana hurbildu ginen.
A esta la llevais luego con vosotros a comer.
Eta halaxe amaitu nuen etxe bateko bajera baten kalderetea jaten, Flor-en etxean, haren familia eta lagunekin. “¿Y esta, quien es?” –galdetzen zuten lagunek–. “No sabemos, la ha traido Francis” –barregura ematen dit momentu hura gogoratzean–.
Primeran pasa nuen eta kalderetea… gozoa benetan! Harrituta zeuden patatak baino jaten ez nituelako –begetarianoa bainaiz–.

Flor eta lagunak

Gehiagotan ere itzuli nintzen. El Derroche peñakoak ezagutu nituen, ondoan uzten bainuen autoa aparkatuta. Hamaiketakoa jatera gonbidatu ninduten. Oso ona, oso fina! Entzunda nuen erriberakoak oso irekiak direla, euren artean ez zarela kanpotar sentitzen. Nirekin, behintzat, hala jokatu zuten. Datorren urtean ere bueltatuko naiz.

Peña El Derroche

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude