Aramaio ere eolikoen negoziotik aske!

Guillaume Duchemin-en marrazkia

Denbora aurrera doala eta, hasi dira inguruan azaleratzen Statkraftek egin nahi digun “ekarpena” sozializatzeko (besteren hitzetan, “haize-parkeak herritarren artean zabaltzeko”) mugimenduak eta ahalegin pedagogikoak. Duela aste batzuk ezagun bat izan bazen, aurrekoan ezkerreko laguna suertatu zen, eta oraintsu norbegiarrekin adiskidetutako kidea agertu da mintzalari. Funtsean mezu eta kontzeptu bertsuak guztienak: hemen aerosorgailuak bai (inplizituki, Statkraft ere bai), ahalik lasterren, mesedez, eta, edonola ere, guk geuk, herritarrok, deliberazio demokratikoen bidez eta konbentzimendu osoz onartuta. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Premien eta presen funtsezko arrazoia, ohikoa: gure CO2 emisioak ez baditugu Parisko akordioan zehaztutako epe eta kopuruetan murrizten, aldaketa klimatikoak eragingo dituen inpaktuak askoz larriagoak izango dira, baita biodibertsitatean ere.

Baina zientziak ohartarazitakoa gorabehera, bada oraindik errealitateaz ohartu nahi ez duenik. Eta horrelakoak ez bide du jakin nahi izaten, CO2ak eta deskarbonizazioak eta klimaren beroketa eta beste aitzakiak gorabehera, munduko gobernu askok erregai fosilen ekoizpena gehitzearen alde jokatuko dutela aurrerantzean ere. 

Gure nahi, delibero eta hautu guztiak bestelakoak izan daitezke, baina gobernuen erabaki horrek zeharo ezinezko egingo du Lurraren beroketa 1,5ºC-tan uztea eta oso zail bilakatuko, aldi berean, 2ºC ez gainditzea. Eta ez da hori txoro ukatzaile batek egindako profezia, UNEP-Nazio Batuen Ingurugirorako Egitaraua izenekoak herenegun (2023.11.08) kaleratutako txosten batean luzatutako informazio objektiboa baizik. Prentsa-oharrean laburtu bezala, ekonomikoki eta politikoki indartsuen diren gobernuek planifikatua dute hurrengo urteetan 110% erregai fosil gehiago ekoiztea (ikatza, petroleoa, gasa), hau da, Lurraren beroketak 1,5ºCtik gora egin ez zezan kalkulatua zegoen gehienezko ekoizpena baino %69 gehiago.

Txostenak erregai fosilen ekoizpenik handiena duten 20 estatu aztertu ditu (besteak beste, EEBB, Txina, Errusiako Federazioa, India, Brasil, Kanada, Arabiar Emirerriak, Australia, Hegoafrika, Alemania, Erresuma Batua, Mexiko, Indonesia…) eta agerian utzi ditu gobernu horien iseka eta mespretxua aurretik hartutako konpromisoekiko (Parisko akordioa barne). 

Horren arabera, gobernuen planek 2030era arte areagotuko lukete ikatzaren ekoizpena eta 2050era arte petrolioarena eta gasarena. Agian, “gutxienez” eranstea falta zaie data horiei.

Bistan da klimaren hondamendi-prozesuaren ikuspuntutik ondorioak ez direla inolaz ere lasaigarriak. Eta besterik esaten bada ere, agerian da gobernu horiek ez dutela energia berriztagarriak erregai fosilen ordezko gisara baliatzeko asmorik. Alegia, “trantsizio energetikoa” izan behar zuenaren seinalerik ez da inondik ere antzematen. Gure deliberazioak eta hautu demokratikoak justu kontrakoak izan daitezkeen arren.

Argi da, beraz, zertan geratuko den azaroaren 30etik abenduaren 12ra bitartean aldaketa klimatikoaz jarduteko Dubai-n burutuko den COP28 delakoa (2023 United Nations Cilmate Change Conference).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Nolanahi ere, energia berriztagarriei buruzko diskurtso batzuk entzundakoan, aldaketa klimatikoaren puntura iristean diotena da belamenditarrak gehien-gehien txunditzen dituena, hori eta, mintzalariak hartan fede onez murgilduta daudela, gizarte bezala egin daitezkeen eztabaidez eta hautuez mintzatzen hasten direnean. Eta bereziki hunkigarria zaie belamenditarrei eztabaidak eta hautuak burutzeko gunea ongi partzelatuta eskaintzen zaienean, berdin lurralde-hedadura desberdineko eskala ertainak izan zein lurralde plan partzialek zehazten dituzten eremu funtzionalak, iradokitako eskala egoki horietan guztietan antzematen baitute deliberazioa supazter goxoan, etxetik atera gabe eta familia giroan burutzeko desioa.

Hartara iristeko deliberazioa, gainera, korrika eta presaka planteatu behar izaten omen da, orain arte ez baitu gizarte honek taxuzko ezer egin, aldaketa klimatikoa etenik gabeko abiadura gero eta biziagoan etorri arren.

Txundituta geratzeaz gainera, honako belamenditar honek aitortu behar du une horietan odola bor-bor hasi, eta plazer tantriko definiezina sorraraziz igotzen zaiola kundailinia muladaratik seigarren txakraraino. Une zerutiar horietan argi sentitzen du munduaren ardatza eta biradera eskuetan dituela eta guztia duela egitear, bera eta bera bezalakoak iruditzen zaizkiolarik berriztatuko den gizarte horren protagonista eta agenterik eraginkorrenak. Eta are tantrikoagoa dena: iruditu egiten zaio belamenditarren erako oinezko xumeen hitzaren eta hautuen zain dituztela, maiatzeko euria espero omen den egarri bertsuaz baleude bezala, inguruko energia-enpresak, erakundeak eta agintariak.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Bestalde, berriztagarriei buruzko diskurtsoetan “gure lurraldean” eta “inkoherentzia” eta “injustizia” hitzak elkartzen direnean, arrisku latzak islatzen uste dira berehala, manipulazioarena eta prozesuan barrena ustiaketaren jasaile –biktima– gertatzen denaren kulpabilizazioarena, besteak beste.

“Gurean” ekoizten ez diren botikak edota arroza eta laranjak kanpoan eskuratzeak justiziarik eta koherentziarik eza islatuko balu bezala.

Galdera da, hortaz, ea, koherentziaz eta justiziaz jokatzeko, “gure lurraldean” kokatu beharko ote dugun aurrerantzean bertan kontsumitzen den guztiaren iturburua. Horrelako salaketa larririk gerta ez dadin, hidrogeno berdearen ekoizpenerako lantegiak ere momentuz ur faltarik ez duen Belamendi inguruan jarri beharko ote dira? Ganborraldeko aerosorgailuen turbinak “gure lurraldean” –Debagoienan bertan– sortuak izateko aurreikusia ote dute ala Alemanian edo Ferreiran? Aerosorgailuen palak birtziklatzeko enpresa nafarrak (Irunberri eta Kortes-Tutera) “gure lurralde”-ko enpresatzat hartu ote litezke? Hori al da egungo gizarte –tamalez edo zorionez–globalizatuak egiten eta eragiten duena? Ez al du, bada, Estatu espainolak “bere lurretan” ekoitzitako argindarra Portugalera, Marokora eta Frantzia aldera bidaltzen (2022an, 20 milioi MW orduko), inpaktu negatibo guztiak energiaren ekoizpen-tokian utzita? Ez al du inork entzun “gure” agintari energetikoen ezpainetatik isuritako “las renovables son baratas… y viajan” esaldia? “Gure lurrez”, “injustiziez” eta “inpaktu negatiboez” arituko ote dira hori diotenean?

Eta horretaz guztiaz ari garela, ez al dugu guk geuk –belamenditarrok barne gaudela– ipini eta jasan beharko akaso Espainiaren bertebraziorako pentsatua den eta Euskal Herriari ezer gutxi interesatzen zaion Abiadura Handiko Tren izugarri garesti bat, hispanoen eta madrildarren desenbarko masiboa ekarriko duena, eta betiere benetako tren soziala izan litekeenaren kaltetan?

Zer arraio da, bada, “gure” hori? Eta zer arraio da, azken batean, ezkerreko zenbaitek ere, adurra dariela, txosten ustez seriotan aipatzen duten “gure subiranotasun energetiko” delako hori? Ez al dakite energia-sistema penintsular zentralizatuan zeharo txertatuta gaudela eta urrun xamar gaudela oraindik oligopolioek guri inolako “burujabetza”-rik eskaintzetik? Hain zaila ote da ulertzea “haiena” eta “gurea”, funtsezko independentzia lortu artean bederen, ez datozela bat? Ez politikoki, ez ekonomikoki eta ez sozialki.

∞∞∞∞∞∞∞∞

“Haiena” ez da karitateko ahizpatxoen ekarpena. Haiena, gordinki esatea bada ere, negozioa da. “Haiek” ez dira “gure lurraldean” sortu eta hazitako aldaxka maitakorrak. “Haiek” gurekin trukaketak egitera datozen enpresa kapitalistak dira, edo zehatzago esanda, trukaketa bentajistak egitera etorriak, oro har. Guri ondo etor dakiguke “haiekin” negoziatzea… ala ez. Baina horren balorazioak eta hautuak “guk geuk” egin beharko genituzke, “haien” ekarpena dastatu edo jasan behar dugunok, eta ez gure ordez mintzatzen diren sektore interesatu interesatuenek, izan iberdrolak, izan tapiak edo izan kreanak.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Zeren eta, onar dezagun behingoz, energia berriztagarriena, planteatua den moduan, negozio hutsa da, ziur asko adar desberdinak eta konplexuak ere badituen negozioa, baina negozioa edonola ere. Ez litzateke izan beharko, baina bada; handik (Europatik) eta hemendik (hemengo erakundeetatik) diru-laguntza erraldoiak erakartzen eta xurgatzen dituen negozioa da eta, bolada batez behintzat, etekin ikaragarriak ematen dituen eta eman ditzakeena.

Sinetsi nahi ez duenak Oxfam Intermón eta ActionAid erakundeek egindako txostenera jo lezake: iaz, Estatu espainoleko bost energia-konpainia handienek %165 areagotu zituzten beren irabaziak 2016-2019 bitartean izandako batez bestekoarekin konparatuta; guztira, 11.700 milioi euro gehiago 2022an.

Beraz, negozio biribila delako ditugu hainbeste enpresa erraldoi, kanpoko zein “bertakoago”-edo, negozio horretan muturra sartzen eta sartu nahian (Iberdrola, Endesa, Gamesa, Statkraft…). Eta negozio biribila bide da hasiera-hasieratik, diru-laguntzak, esan bezala, handik eta hemendik isurtzen direlako (esate baterako, hidrogeno berdea ekoizteko 14 proiektu aitzindariri 150 milioi euro emango zaizkie NextGenEU funtsetatatik, inbertsiotan “abian” jarriko dituzten 553 milioi euroak “sariztatzeko”, hau da, guztiaren % 26).

Hurbileko adibidea edo dugu Haizea Wind Group-ena: 2022an 250 milioi euroko salmenta egin izan zuen (bi aldiz 2020koa). Baina, gainera, Iberdrola eta Ørsted-ekin sinatutako akordioak medio, 2025erako 600 milioi euroko fakturaziora iristea espero omen du.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Negozioa den heinean, konpainiek ez dute arreta berezirik jartzen lurralde bakoitzak dituen premia energetikoen errealitatean, kontuak areagotzea dute-eta aurreneko xedea.

Hartara, energia berriztagarrien produkzioa helburu, “trantsizio energetikoa” delakoa kudeatzean datza orain pagotxa. Eta horren barruan, motor ekonomikoek horrela aginduta, elektrizitatearen ekoizpena hartu da jorratu beharreko arlotzat, arlo erraz, guztiz emankor eta, energia fosilak ordezkatzeko miraria ere egin dezakeelakoan, gehiegikeriatarako aproposa. Eskematikoki esanda, tresneria ekoizkorrena plaka fotoboltaikoetara eta aerosorgailuetara mugatzen da.

Beraz, gure itsasoak, lurrak, soroak, baratzak, ibarrak, mendiak gupidarik gabe bereganatzen ari diren poligono fotoboltaikoek eta eolikoek elektrizitatea besterik ez dute sortzen, eta hain zuzen ere horixe da gu barne-hartzen gaituen Estatu espainolak sobran ekoizten duena. Eta sobran ekoizten duela diogunean, beharrezkoa dena baino gehiago ekoizten duela esan nahi dugu.

Izatez, 123 GWko potentzia instalatua daukan arren, Estatuan nekez gainditzen da 36 GWeko kontsumo-langa, hau da, ia-ia egun dauden poligono eolikoek azken hamabostaldiko haizetearekin ekoitzi duten kopurua (kontuan hartuta, noski, haizeak orduko 90 km-ko abiadura hartzean gelditu egin direla aerosorgailu asko eta asko). Edo bestela adierazita: hiru berriztagarri handienak batera jarriko balira abian, ekoizpen eolikoa 30 GWekoa izan liteke, fotoboltaikoa 24 GWekoa eta hidraulikoa 17 GWkoa, hots, guztira 71 GWeko ekoizpena… 36 GWeko eskaria asetzeko! Esan beharrik ez da horrexegatik deskonektatu ohi direla aerosorgailu eta fotoboltaiko asko, aurreikusi gabeko galera ekonomiko ez gutxi sorraraziz. Gainera, arazoa arindu lezaketen eskala handiko akumuladoreek teknologikoki garatu gabe segitzen dute.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Baina argindar-gainekoizpen hori baino kezkagarriagoa da oraindik une honetan gertatzen ari dena: Energiaren Nazioarteko Agentziak kaleratutako txosten baten arabera, 130 GW inguruko proiektu-andana bat dago sare elektrikoan konektatzeko zain. Baimen administratiboak eskuratzeko ilara egiten, alegia. 

130 GW berri gaur egun instalatuta dauden 123 GW horiekin batuko liratekeenak! Guztira, 250 GWetik gora, eta lur eta itsaso, ibar eta mendi gehiago irentsi nahian oraindik! Eta hain zuzen ere, Estatuan dagoen azpiegitura elektriko zaharkituak horrelakorik ezin onar dezakeenean!

Kalifornia eguzkitsua dugu gehiegikeria horrek hona ekar litzakeen ondorioen adibide, sare elektrikoen saturazio-arazoa dela eta, berriztagarri eoliko eta fotoboltaikoetan murrizketa ikaragarriak egiten azaldu baita amerikar Estatua egunotan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Hori gutxi bailitzan, elektrizitatearen kontsumoa ere jaisten ari da oro har. 2022an, esaterako, aurreko urtean baino %2,4 gutxiago kontsumitu zen, harrigarriro 2004ko kontsumoaren parekora jaitsiz. Baina, arrazoi desberdinak medio, jaisten ari da hemen, jaisten ari da estatu espainolean eta baita Europan ere.

Eta kontsumoa horrenbeste jaisten ari delako azaldu dira orain enpresa eolikoen kezkak eta, askoz harrigarriago dena, baita kontsumoa areagotzeko eskariak ere:

El presidente de Appa (Asociación de Empresas de Energías Renovables), Santiago González, reclamó al Gobierno […] [eta] apuntó la necesidad de que la demanda eléctrica crezca para que la estrategia energética a 2030 “tenga sentido”. Y es que si no hay capacidad para consumir toda la energía renovable que debe conectar en los próximos años, las nuevas instalaciones van a “estar paradas mucho tiempo”.

Hau da,

Una situación que se produce por el cada vez mayor peso en la producción de electricidad de las energías renovables-más baratas-, pero que suponen un problema grave para las propias empresas verdes porque con los precios de derribo no cubren los costes.

Kezken artean gogoan hartzekoa, halaber, Alemaniar Industriaren Efizientzia Energetikorako Ekimena (DENEFF) izeneko presio-taldeko buruak lotsarik gabe botatako gordinkeria:

Reducir el consumo de energía es deseable para proteger el clima, pero no a expensas de los resultados económicos.

Sektore elektrikoak, izan ere, ez du erreparorik nahi beste “etekin” ez ateratzeari kanibalizazio deitzeko, horren errua, bide batez, baita autokontsumorako berriztagarri txikien gehiegizko (!) hedapenari ere leporatuz:

Desde el sector de las renovables alerta del impacto en el negocio de esta canibalización de los precios eléctricos. Canibalización porque es la expansión de las renovables la que precisamente está haciendo, según advierten las compañías, que se ponga en peligro la rentabilidad de las plantas verdes -actuales y futuras- por la caída de los precios eléctricos y el que puede acabar frenando inversiones en nuevos desarrollos. […] Si no se hace nada, el sector saltará por los aires.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Agerikoa da, hiper-hazkunde elektriko hori baretu eta egoera orekatu ordez, areagotuz doala konpainia energetikoen eskariei babesa emateko borondatea. Zertarako, baina, horrenbeste elektrizitate? Zertan baliatu soberakin diruditen horiek guztiak?

Honatx, labur, erantzuna: deskarbonizazioaren mirakulua hidrogeno berdearen ekoizpen erraldoia lortzean datzala erabaki du estrategia autonomiko-estatal-europarrak, eta, ondorioz, huraxe ekoiztea da hurrengo urratsa… eta negozioa.

Beraz, lehendabizi aerosorgailu eta fotoboltaikoen bidezko elektrizitate-ekoizpen neurriz kanpoa, eta jarraian argindar horren bidezko hidrogeno berdearen produkzioa, besteren artean –eszeptizismoz ikusten baita ibilgailuen elektrifikazioa–, esportazioaren bitartez urregorri bilakatuko dena.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Baina sektore elektrikoaren negarrak negar –kanibalizazioak ez baitu, antza, inor beldurtzen–, fotoboltaikotan eta eolikotan inbertitzen segitzeko egarria ez da asetzen enpresa horietan. Alegia, “gurea” ere baden Nafarroan, esate baterako, Arena Green Power talde andaluziarrak 450 milioi eurotik gorako proiektua jarriko omen du abian 2025-2026an beste 475 MWko potentzia ekoizteko (242 MW fotoboltaikotan eta 233 MW eolikotan).

Eta interesgarria den beste faktore bat: badaezpada ere, Iberdrolak, Endesak, Energyk eta bestek berriztagarrien “burbuila” puzten segitzeko hautua azaldu dute. Oraingoan, 11 GWeko ekoizpena lortu ahal izateko, megapoligono hibridoak antolatzen eta ustiatzen hasiko dira, hau da, aerosorgailuen artean fotoboltaikoak tartekatuz. Arrazoia? Horretan ere, negozioa gailen. Izan ere, “landaretza” berriek ez lukete sare elektrikorako lotura ziurtatuta, ez bada lehendik baimenduta dituzten loturak baliatuz. Alegia, aerosorgailu-poligono bat duenak badu lotura hori egina eta fotoboltaikoen hibridazioak ez luke besterik behar.

Ildo horretan, eta aurrera egingo balu, Aramaioko aerosorgailuen poligono industriala ere –nork esan ez dela horrela gertatuko?– fotoboltaikoz landatua ager liteke berandu baino lehen.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Badira, azkenik, berriztagarri erraldoien diskurtso pedagogiko zenbaitetan oharkabez-edo ahaztu nahi izaten diren beste arazo txiki batzuk ere, ustez behintzat, gogora ekartzea merezi lezaketenak.

Lehena: paisaian eta biodibertsitatean duen eragin kaltegarria baztertuta ere, industria-poligono eolikoen eraiketa-lanak ikaragarrizko inpaktua du airearen kutsaduran, kliman eta beroketan. Hori, baina, ez da inoiz kontabilizatzen kontrako balantzan; gertatu izan ez balitz bezala uzten da beti. Halere, kalkulatu nahi izaten ez den CO2-ko kantitate izugarriak isurtzen dituzten milaka tona hormigoi behar izaten dira eraikuntzarako, lurren mugimendua energia fosilak behar dituzten makinariaren bidez burutzen da, materialen garraioa dieselarekin mugitzen diren kamioien bidez egiten da, hartarako, energia fosilarekin baino ezin eraiki daitezkeen bideak behar dira, hau da, errepideak, bideak, energiaren ebakuaziorako lineak (eta dorreak), instalakuntza desberdinak… eta, nola ez, aerosorgailuak (turbinak, palak, dorreak) egiteko ere energia fosila behar da. Eta CO2-ko kopuruak ez dira murrizten aerosorgailuen etengabeko mantenimendurako garabiak (akaso helikopteroak) eta bestelakoak erabiltzean… Korolarioa-edo: ez legoke gaizki jakitea zein den kasu horietan energia-berrezartzearen tasa (energy return on investment), edo, nahiago bada, zenbat energia eoliko produzitu beharko lukeen poligonoak kutsadurarik gabeko elektrizitatea ekoitzi aurretik atmosferara isuritako karbono dioxidoa “neutralizatzeko”.

Bigarrena: gaur eguneko teknologiak ez du ziurtatzen eta ez bermatzen aerosorgailuen funtzionamendu luzerik. Siemens-Gamesak egiten dituen 5 MWetik gorako aerosorgailu berriak, adibidez, akats larriak izaten ari dira lau urte bete baino lehen, teorian 30 urteko iraupen produktiboa izan beharko luketenean (aerosorgailuen akats larriei gagozkiela, ikus proiektu berriztagarrien aseguru-enpresa ospetsu batek itsas aerosorgailuetako oker eta matxurei buruz eskainitako datuak). Eta Siemens aipatu dugu, porrot teknologiko-ekonomikoaren aurrean, diru-eske ari zaiolako erreguka orain Alemaniari, burua altxatu ahal izateko. 

Baina bada bigarren eragozpen bat ere, ez baitirudi bermatuta dagoenik aerosorgailuen eraikuntzarako eta iraupenerako ezinbestekoak diren materialen hornidura bera ere. Oso esanguratsua da, esate baterako, itsas eolikoetan munduko handiena den Ørsted konpainia daniarrak egin duena: kostuak eta “eolikoen munduko hornidura-kateko arazo larriak” direla eta, bertan behera utzi berri ditu Estatu Batuetan garatu asmo zituen 3.500 euroko bi megaproiektu (Ocean Wind I eta II) eta zalantzan du zer egin munduko parke eoliko handiena izango litzatekeenaren hirugarren eta laugarren faseekin (Erresuma Batuko Hornsea proiektua).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Panorama horrekin, beraz, zer egin dezake oinezko jasaile xumeak industria-poligono eoliko baten bitartez gaineratuko zaion hondamendiaren aurrean? Negarrez pasatu bizialdi guztia leihotik aerosorgailuak ikusten dituen bitartean? Bihotz zabalez ulertu norbaiti tokatu behar zitzaiola oligopolioaren aerosorgailuak jasatea eta, berari tokatu zaionez, erresignazio kristauaz eraman aurrerantzeko pairamena eta oinazea? Mendian botako dituzten zuhaitzak eta landareak biomasatzat hartu, eolikoen jabeei eskertu eta supazter goxoan erre? Aerosorgailuetatik zuzenean argindarra ostu? Eolikoek konponduko ez duten beroketari aurre egiteko 0 kilometroko abaniko-industria familiar bat antolatu? Negutegi-efektuko gas-isurketak arnasten ikasi? Rockström-Steffen-en muga planetarioak gaindituta daudela ukatu eta paradisuan bezala bizitzen saiatu? Desazkundearen aldeko tesien aurka gogorki jokatu eta ahalik gehien kontsumitu? Akaso, harako On Kixote hura haize-erroten kontra bezala jokatzen hasi? Edo ezkerrak ere jadanik ahaztua duen “energiaren nazionalizazioa” leloa aerosorgailuen gerizpean aldarrikatzeari ekin modurik egoskorrenean? 

Baina badaezpada ere, aitorpenak –espirituarena eta poltsikokoa– eginda harrapa gaitzatela jainko-jainkosek! 

Kategoriak Aerosorgailuak | Utzi iruzkina

Statkraft eta KREAN, lankide

Aramaio-Eskoriatzak eta Azpeitia-Errezil-Zestoak industria-poligono eolikoen aurka aurkeztutako alegazioei buruzko ebazpenak oraindik kaleratzeke badaude ere, Statkraft-ek urrats eraginkorrak ematen segitzen du han eta hemen, besteak beste, bere prepotentziak ziurtzat jotzen duelako ez diola inork aerosorgailuak eraikitzeko bidea itxiko. 

Ildo horretan, orain ozenki mintzatu da –gaztelaniaz, noski– Arrasateko “la vasca KREAN” taldearekin egindako akordioei buruz, agerian utzi nahi baitu, izan ere, haien arteko hitzarmen horiekin proiektu berriztagarrien garapenerako eredu berri bat finkatzen ari direla Euskal Autonomia Erkidegoan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Egia esan, aspaldixko ezagutu zen noraino iritsi zitezkeen KREANen eta Statkraften arteko loturak eta ibilaldiak. Duela urtebete pasatxo azaldu zuen hori, esaterako, Fagor taldeko arduradun batek norvegiarren proiektua komentatzerakoan: “hasierako harremanak izan ditugu Statkraftekin parke eolikoaren proiektuaren inguruan”. Eta aratzago utzi zuen segidan  Iberiar Penintsulan Statkrafteko Jose Miguel Ferrer izeneko zuzendari nagusiak zein hurbileko zeukaten norvegiarrek KREAN taldea: “son verdaderamente nuestros ojos y nuestras manos sobre el terreno”.

Ezaguna zen hori guztia, bai, baina orain arte ez da jakin izan nolako aletxoa ipiniko zuen Arrasateko KREANek norvegiarren kolonizazio-lana errazteko. Eta hori argitzera etorri dira Statkraften adierazpenak.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Komunikatuak kaleratu duen berririk interesgarriena, beraz, honako hau izan da: hainbat akordio direla medio, Arrasateko KREAN konpainia buru-belarri sartu da Aramaioko eta Azpeitiko proiektu eolikoetan. 

Con la entrada de KREAN en los proyectos, ambas partes plantean una solución innovadora para la transición energética en Euskadi, que aspira a convertirse en referencia del proceso de socialización de la energía en la CAV.

Eta sartu da eta inplikatu, baina ez edonola, poligono eolikoen inguruko ardura eta erantzukizunak hartzen dituen bazkide gisa baizik:

Ambas empresas […] posibilitarán el protagonismo de la sociedad en ellos [proiektuetan], y asegurarán el correcto desarrollo, construcción y operación de las infraestructuras. 

Hortaz, akordioak tarteko,

Las dos compañías promoverán unidas Itsaraz y Piaspe, trabajando conjuntamente en la definición de una estructura jurídica y económica que permita la combinación de los parques eólicos con industrias, entidades públicas locales y ciudadanos.

Horraino komunikatuak eskainitako albiste ohargarriena eta ulergarriena. Ez da maila berekoa, tamalez, gainerako pasarteetan eskaintzen den informazioa.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Larregi despistatu gabe dezifratu nahi bada aldarrikapena, arreta gehiagorekin irakurri beharko da, betiere laharrak garbituz, gandua kenduz eta azpian datzana-edo interpretatzen saiatuz. Zergatik? Bada, horrelako adierazpen interesatuetan hizkera anbiguoarekin eta bitariko hitzen erabilera tranpatiarekin jokatzen delako sarritan, eta honetan ere hasieratik susmatzen delako ez dela falta fake mailako kontzeptu bilakatutakorik, besteak beste, “convivencia”hitza –harrigarriro, testuak sinonimotzat jotzen ditu “convivencia” eta “combinación” berbak ia hitzez hitz errepikatzen dituen esaldietan: “combi…/convi… de los futuros parques con industrias, entidades públicas locales y ciudadanos”–,“socialización” –“de la energía”, “ciudadana”–, “local” –hitzak ez du gauza bera adierazten ”sensibilización local” eta “consumo local” sintagmentan–,  “propiedad”“ciudadano”“consumidor”, etab. Hitz horiek berdin adierazi dezakete gauza bat zein kontrakoa, betiere mintzo denaren interesen arabera.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Dialogo” hitza da komunikatuan agertzen den beste totem bat.

Birritan aipatua, zinez pentsa daiteke Statkraften balore, jarrera eta jokamoldeen ezaugarritzat zabaldu nahi dutela dialogo-aren ideia euskal gizartean, zeren eta honela mintzo baitira idazkian:

Statkraft y KREAN proponen un nuevo modelo […] con el diálogo en el centro de sus proyectos.

[Akordioarekin] se inicia así una nueva etapa para los proyectos eólicos en Euskadi. Con la iniciativa de Statkraft y KREAN, los proyectos buscan dialogar e integrar a la sociedad para que los impactos sean los adecuados, la propiedad sea compartida, y el consumo sea local.

Zoritxarrez, serial honetako kapituluren bat galdu ez bada behintzat, Aramaioko herriak ez du orain arte “dialogo” delako hori inon ere ikusi eta bai, aldiz –eta hasiera-hasieratik, gainera–, prepotentzia ikaragarria eta proiektu eolikoen inposaketa itsua Statkraften aldetik. Aramaioarrak, lekuko.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Aurrerantzean, baina, konpainia elkartu berriek “inpaktu positiboa sorrarazi nahi dute pertsonen artean” eta, diotenez, “era berezian ahaleginduko dira proiektu eolikoak ulertuak eta gizartean integratuak izan daitezen”. Hemendik aurrera, bada, dialogoaz baliatuko dira hori lortzeko eta aerosorgailuak lasaitasunez eraikitzeko.

Edo bestela esanda, Statkraft-KREAN bikotea oso kezkatuta dago proiektu eolikoek sorrarazi duten eta sorrarazi dezaketen oposizioagatik eta ezinbesteko iritzi diote azpiegitura horiekin kalteturik gertatuko diren udalerrien eta jendearen onespena lortzeari. Hortik, hain zuzen, “ulertuak” eta “gizartean integratuak” izateko duten premia eta dialogatzeko grina, ez dute-eta eolikoen eraikitze-lanetan hasi nahi gehiegizko kontrakarra izanik.

Premia horretatik etorriko dira gero propaganda-kanpainetan eskainiko diren mezuak eta argudioak, nonbait ez beti zintzoki informatzaileak eta desinteresatuak.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Guztiarekin ere, bi ideia nagusi azpimarra litezke komunikatuan:

– Statkraft-KREAN-ek Poligono eolikoen garapenerako eskainiko omen duten eredu “berrian”, EAE osoan diharduten energia-kontsumo handiko industriak eta enpresak izango dira protagonistak, bai kontsumitzaile pribilegiatu gisa eta bai negozio eolikoaren partaide edo jabekide modura. Administrazio publikoarentzat ere izango omen da tokirik.

–Proiektu eolikoen agente mehatxatzaile diren heinean, inguruetako “hiritarrei” ere honelako goxoki atsegingarriren bat luzatuko zaie larregi desmadratu ez daitezen: proiektu eolikoen onuraz konbentzituak izateko kanpainak jasoko dituzte, komunitate energetikoei buruzko informazioa erraztuko zaie, etab. Hori bai: ez dute proiektu eolikoetan jabegorik edota kudeaketa-partaidetzarik izango, ez eta energia kontsumitzeko tratu pribilegiaturik ere ezagutuko. Beraz, azpiegitura eolikoen lan, zamalan eta ustiaketa guztien jasaile huts izango dira eta, aldi berean, argindarra Abadiñotik bueltan ekarriko dien konpainiaren bezero pairakor. Horixe izango dira industria-poligono eolikoa eraikitzen bada. Hori guztia (!) eta hori baino ez.

Kategoriak Aerosorgailuak | Utzi iruzkina

Ikurrin berria ala ergelkeria?

Ikurrin berria?

Zeharo txundituta ikusi behar izan dugu euskaldunok Eusko Jaurlaritzak urriaren 13tik 20ra bitartean Japonian ospatzen ari den “Basque Week” delakoaren itzalpean agertu duen Ikurrin-eredu berria. 

Japonia lehentasunezko herrialdetzat jo dute Euskadi Basque Country 2025 Estrategian, eta “Euskadi-Japonia 2023” izeneko programaren bitartez japoniarrekin harremanak areagotzea dute xede nagusia. Jakina, munduko hirugarren ekonomia izanik, Japoniako turismoa erakartzea bilatzen du Jaurlaritzak. 

Eta hara abiatu dira, pozik eta alai, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantxa Tapia eta Javier Hurtado sailburuak “ikurrin” berria Japoniako banderaren pareko ikurtzat harturik.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Oinezko huts garenok nekez jakin dezakegu noren berrikuntza-zaletasunak bultzatu ote dituen “ikurrin” lotsagarri hori asmatzera eta erabiltzera. Halaz ere, susmatzen hasiak gara agian administrazioan gero eta hedatuagoa den narraskeria eta arduragabekeria izan direla Jaurlaritzak Japoniara eraman duen “ikurrin” aizun eta eskematiko horren motibo bakarra.

Egia da Euskal Herrian inor gutxik dakiela zein den Ikurrinaren koloreen antolamendua (berdea zuriaren gainean? gorria erdian?), baina espero izatekoa zen goi mailako erakundeetan dabiltzanek ongi asko jakingo zutela Ikurrina irudikatzen, zerbaitegatik baita guztion ikur nazionala eta, areago, zerbaitetarako ordaintzen baitzaie jauregietan aterpetuta egotea. 

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako egitaraua

Bada, itxura duenez, zirkulu horietan ere ez dakite Ikurrina margotzen, ez behintzat begien aurrean paratutako eredu, erreferentzia edo wikipediarik gabe. Eta ez dakite, nahiz eta zirkulu horietako askok eta askok urteak eta urteak daramatzaten esentzien “jagole” ideologiko izaten eta guztion “arduradun” politiko gisara jokatzen.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Guztiarekin, izango da, noski, kirtenkeria horren errua diseinuaz arduratu den agentziari leporatuko dionik. Eta izan lezake akaso arrazoirik, diseinu-agentziak oso baitira berrizale, eta batez ere baldin eta Eroskik kanpaina baterako egin zuen proposamen egokiarekin antz ezin handiagoa atzeman bazioten lehen zirriborroari.

Hoberena, beraz, gurutzeak (ai, ene!) mantentzea eta, xirmi-xarma, beheko kolorea gora eta goikoa behera… “Eta kitto! Hemen inor ez baita enteratuko! Eta are gutxiago Asia urruneko japoniarrak!”

∞∞∞∞∞∞∞∞

Baina horrela gertatu bada ere, ez litzateke erru guztia diseinu-agentziarena, ez guztia eta ez larriena ere; inondik ere ez. Funtsezko errua politikoena da, bai horretan parte hartu duten sailburutza desberdinena, eta bai lehendakaritzarena, beraiei zegokien azken batean agentziak proposatutakoa ikuskatzea, begiratzea, zuzentzea eta onestea edo, kasu honetan bezala, atzera botatzea.

Latza litzateke gure arduradun politikoak uste baino axolagabeagoak balira! Baina kontua da ohartu ere ez direla egin muturren aurrean jarri zaien “irudi” horretaz eta ontzat hartu dutela, zoritxarrez, astakeria hutsa den ikurrin gisakoa. Eta, onestea gutxi bailitzan, antipodetara eta mundu guztira zabaldu dute euskal “sinboloa”.

∞∞∞∞∞∞∞∞

“Eman eta zabal ezazu Munduan fruitua!”, aldarrikatzen zuen gure koblakari zaharrak. “Baina honako hau, otoi!”, erantsiko uste lioke jarraian, biziko balitz.

Kategoriak Historia eta istorioak, Hizka-mizka | Utzi iruzkina

Lehen Kultur Astea Aramaion (1977)

Intxixu

Urte gogorra izan zen 1977koa Euskal Herrian, jazarpen nazionalaren aurkako borroka politikoak etengabeko oihartzuna eta eragina –eragin latza gehienetan– izan zituen-eta eguneroko bizimoduan. Hildakoen, atxilotuen, torturen eta debekuen albisteez gainera, gurean ez zegoen errepresiorik gabeko egunik. Horren ikur izango zen euskaldun jendeak aurrerantzean hain ongi ezagutuko zuen Auzitegi Nazionalaren sorrera, urte hartako Errege Magoek ekarria. 

Ezin ahaztu daiteke, dena den, gizarte-borbor harengatik hasi zirela lehen fruituak ere agertzen, besteren artean, Ikurrinaren legalizazioa (urtarrilean) eta preso politikoentzako amnistia-legea (urrian). Luze joko luke lorpen haietara eraman zuten dinamika irmoez (batik bat, aurreko hilabeteetako Ikurrinaren legalizaziorako ekimen ausartez eta 1977ko maiatzean amnistiaren aldeko kanpaina sendoaz) mintzatzeak, edo Errepublikaren ondoren burutu ziren lehen hauteskunde “demokratikoez” jarduteak (ekainean), edo urte hartan bertan burutu zen Xibertako bilkuraz (apirilean) aritzeak edo…

Haien guztien lekukoa izan zen 1977. urtea.

Eta lekukoa izan zen Aramaion ere. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Aramaio bezalako herri xumeetan garrantzizko ezer gutxi gertatu ohi bada ere, aurretik gertatu gabekorik gertatu zen 1977an.

Izan ere, urtea guardasobilek inauguratu zuten ofizialki, Belamendi honetako tontorrean zegoen burdinazko gurutzearen azpian lehergailuak jarriz eta eztandaraziz.

Ohikoa izan zen urlia haiek kaleratu zuten aitzakia: urte berriko lehen eguna argitzean, urrundik ikus zitekeen ikurrin erraldoia (6 x 2 m.) azaldu zen gurutzearen goiko aldean, lehergailuak izan zitzakeen zapata-kutxa batez lagunduta. Hortaz, Ikurrinaren debeku larriak bultzatuta, eta zapata-kutxan lehergailu gutxitxo egongo zela-edo iritzirik, badaezpada eurek eramandako lehergailuak ipini zituzten burdinazko bi hankatan, gurutzea azpikoz gora utzirik.

 Haren ondorioz, Urte berriari eta Herriari agur itxaropentsua egiteko paratua zen ikurra ere eraitsia geratu zen urtarrilaren lehen egun hartan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Hogeita bost egun lehenago, abenduaren 5ean Atotxan burututako derbian, Erreala eta Athletic taldeetako Kortabarria eta Iribar kapitainek Ikurrina eskuan zeramatela irten ziren futbol-zelaira. Keinu hura eta ikusleen aldetik jaso zuten txalo-zaparrada Euskal Herriak irrika bizian espero zuen garai berriaren hasiera sinbolikoa suertatu zen.

Aipatutakoak bezalako gizarte-erreibindikazioen poderioz, otsailaren 19an heldu zion espainiar gobernuak Ikurrina onesteari eta, azken batean, legeztatzeari. 

Aramaiok ere laster asko ekin zion hautsia zuen Belamendiko gurutzea berregiteari: martxoaren 5ean zutik agertu zen gurutze berriztatua, ikurrina ere agerian zuela.

Herri guztiak hartu zuen parte.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Borborrean zegoen giro aberats eta eskuartzaile hura uholdeak bezala hedatzen ari zen Euskal Herrian barrena eta Aramaion ere islatu zen. 

Hartara, urte-hasieran herrian Belamendiko gurutzearen eraiste eta berregitearekin sortutako dinamika indartsuari segida ematea erabaki zuen bertako gazte-taldeak, herri-kontzientzia sustatu zezakeen jarduera interesgarri bat planteatuz. 

Inolako eskarmenturik gabekoak ziren arren, laster lortu zuten, bilerak eta lan sutsua zirela medio, Lehen Kultur Astea izango zenaren zirriborroa prestatzea eta paperean idatzita zeramatena bideratzea. 

Kontaktuak eta konpromisoak hitzartu, Gobernu zibilaren baimenak eskuratu, propagandarako laguntzak lotu…, abentura zoragarrian murgildu ziren gazte haiek eta, guztiaren fruitu gisa, Lehenengo Kultur Astea burutu ahal izan zen 1977ko azaroaren 7tik 13ra bitartean.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Xumea izan arren, astebeteko programa hartan ez zen falta gurean ziharduten alderdi politikoen lekukotasunik, hitzaldi interesgarririk, garrantzi handiko antzerki-lanik, euskal filmik, kontzertu ospetsurik edota herri-dantzaldirik. 

Eta Kultur Asteak amaiera duina baino duinago izan zezan, Euskal Liburu eta Diskaren Azoka ireki zen larunbat arratsaldean eta igande goizean.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Kultur Astea ondo baino hobeto bideratua izan bazen ere, ekitaldi bi nabarmendu beharko lirateke.

Lehena: Eugenio Arozenak eta Xabier Letek idatzitako Deus ez izatetik izatera antzezlana jokatu zuen “Intxixu” izeneko talde oiartzuarrak ostiral gauean herriko zine-aretoan. 

Bost eszenatan banatua, antzezlanak gure herri-antzerkiaren historia agertzea bilatzen zuen.

Debagoiena guztitik etorritako ikusleek ondo frogatu zuten guztiz merezia zutela “Intxixu” taldeak eta antzezlanak berak Euskal Herrian barrena jasoa zuten ospea.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Larunbateko kontzertua izan zen, edonola ere, arrakasta gehien eskuratu zuen ekitaldia. Sarrerak berehala agortuta, jende asko geratu zen zine-aretoan sartu ezinik, emanaldia kanpotik entzuten.

Bi taldek jo zuten, bi-biak lehenengo euskal rock-taldetzat hartuak: Iparraldeko Errobi taldeak eta Koska izeneko talde elgoibartarrak.

Koska taldeak urtebete lehenago izen berberarekin aurkeztutako diskoa jo zuen oro har.

Anje Duhalde-k eta Mixel Ducau-k osatutako Errobi taldeak, bestalde, 1977an bertan grabatutako “Gure lekukotasuna”izeneko diskoan agertutako lanak eskaini zituzten. 

Arrakasta ikaragarria izan zuten talde biek. Alabaina, batez ere Iparraldekoen letrak eta musika gertatu ziren jendearen gogoan iltzatuta, lehen abestia –barka erredundantzia– lekuko:

Gure lekukotasuna

Zuen aurrean, jaun-andereak,
ibiltzen gara askotan,
bozkarioa ezarri nahiz
denen gogo-bihotzetan.
Baina giroa ez dago, naski,
alaitzeko denboretan,
oraindik ere gure Herria
ari baita negarretan. (bis)

Ez dugu segur gauza haundirik
Herriari eskaintzeko,
bakar-bakarrik zenbait olerki
hemen zuei kantatzeko,
guk ere, zinez, gure Herria
asko maite dugulako,
eta kantuaz, gure moldean,
nolazbait zerbitzatzeko. (bis)

Badakigu, bai, kantuaz beste
nahi duela Herriak,
baina ez dira denontzat berdin
iraultzaren iturriak.
Bakoitzak, beraz, bere sailean
ezar ditzala harriak.
Elkarren lanak ongi uztartuz
altxatzen dira etxeak.

Etxe batean nork ez du maite
beti kantuz ari dena?
Baina kantua ez da, ez, aski,
egin behar ere lana!
Gaurko kantu hau izan dadila
gure lekukotasuna.
Borroka gaiten irabazteko
Euskadin askatasuna! (bis)

Kategoriak Historia eta istorioak | Utzi iruzkina

Euskaldun hiltzeko eskubidea

Carme Junyent hizkuntzalariak argi utzi zuen, baiki, zendu ondoren –ez lehenago– nahi zuela idatzita zeukan Morir-se en català artikulua kaleratzea. Heriotzari nork bere hizkuntzan aurre egin ahal izateko eskubidea aldarrikatu nahi izan zuen haren bitartez. 

Lagun batek urtebete duela (2022.11.14) igorri zuen Belamendi honetara, hiru lekukok sinatua, bere Aurretiazko Borondateen Idazkia. Hartan, Junyent-ek bezalatsu, euskaraz hiltzeko borondatea eta eskubidea aldarrikatzen zituen, “hizkuntz eskubideak eta giza-eskubideak –erantsitako gutunean zioen moduan– bat eta bera baitira une eta egoera horietan”. 

Haren ustez, zerbitzu publiko unibertsala eskaini beharko lukeen Osakidetzak ez du eskubide hori ez babesten eta ez errazten eta, ondorioz, arras ohiko bilakatu zaio euskaldun jendeari mediku-azpiegitura erdaldun –arrotz– baten zaintzapean alde egin behar izatea bizien artetik. “Kasurik hoberenean, erizain euskaldunen baten edo besteren laguntza eskergarriaren salbuespenarekin”, idatzi zuen korolario gisa.

Umore beltzaren zipriztinik falta ez bazaio ere, seriotan eta era praktikoan idatzia du lagun honek idazkia eta euskaldun hiltzeko eskubidea aldarrikatzen du argi eta garbi. 

Osakidetzak bideratzen dituenak ez bezalakoa den heinean, edonoren Aurretiazko Borondateak dokumentuaren erredakzioa burutzeko lagungarri ere izan litekeelako dator gaur hona. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

AURRETIAZKO BORONDATEEN IDAZKIA

Nik, ……………….(izen-deiturak, NAN, helbidea)………………., adinez nagusia eta askatasunez erabakitzeko gaitasun osoa izanik,

JAKINARAZTEN DUT

Aurretiazko Borondateen Idazki honetan azalduta utziko ditudan jarraibideen arabera tratatua izan nahi dudala, adierazitakoa modu zehatzenean eta salbuespenik gabe betez.

Jakin bedi, hortaz, nire osasuna era itzulezinean hondatzen bada eta galtzen badut jaso nahi nituzkeen zainketez eta tratamenduez erabakiak modu aske eta kontzientean hartzeko ahalmena, neure bizitzari eutanasiaren bidez lehenbailehen amaiera ematea dela nire determinazio bakarra. 

Esandakoa zehazte aldera, sufrimendu fisiko edo psikiko onartezintzat jotzen dut –eta, beraz, neure duintasunarekin arras bateraezina– pairamen larri kroniko eta ezintasun-sortzaile zenbaitek (hala nola gaixotasun neurodegeneratiboek, Alzheimer motako dementziak eta antzekoek), neure nortasuna eta buru-ahalmenak halako moduan narriatzea, non ez bainintzatekeen gai izango neure gaixotasunaz eta neure balio-eskemaz jabetzeko. 

Horrexegatik, nahiz eta orduan nik ez adierazi, edo ez gogoratu edo, inoren iritziz, ez erakutsi kanpo aldera sufrimendu-zantzurik, neure buruaz baliatzeko gai ez izatera iristen naizenean, edo neure senide edo hurbilekoak ez ezagutzera, edo Reisberg-en eskalako FAST 6a delakoaren pareko dementzia-egoera klinikora, neure bizitza eutanasiaren bidez lehenbailehen amaitzeko borondatea errespetatzea nahi dut. 

Zalantzarik balego nire erabakitzeko ezgaitasun-egoeraren atzeraezitasunaz, argi utzi nahi dut aukera horrek ez duela inolaz ere aldarazten eguneroko jardueretan besteren mende izango nindukeen bizimodua ez jasateko dudan erabaki irmoa. 

Eutanasia-eskaeraren kudeaketa burutu bitartean –ez baitut sinetsi ere egin nahi geure txakurrari ukatzen ez dioguna gizaki bati uka diezaiokegunik–, uko egiten diot bizitza iraunarazten lagun lezaketen bizi-euskarri, tratamendu, esku-hartze zein prozedura orori (antibiotikoak, fluido bidezko nutrizio-hidratazioa, zunda nasogastrikoa edo gastrostomia, taupada-markagailua edo desfibriladorea, etab.). Hori bai, eskatzen dut bitarte horretan –eta batez ere gaixotasun aurreratu edo terminaleko egoeran aurkituko banintz– sufrimendu oro ken dakidala horretarako leudekeen sedazio aringarri sakonak eta gainerako baliabideak erabiliz. 

Osasun-arloko profesionalen bat jarraibide hauetakoren baten kontzientzia-objektore deklaratuko balitz, haren ordez beste profesional bat izendatzea nahi dut, neure bizitzaz eta heriotzaz askatasunez erabaki dudana bermaturik gera dakidan. 

Argi utzi nahi dut, halaber, neure etxean luzatu nahi diodala azken agurra Bizitzari eta ez dudala euskaraz mintzo ez den inor izan nahi inguruan, neure hizkuntzaren magalean eta haren soinupean egin nahi baitiot aurre Herioari.

Gogo-kontsolamenduei dagokienez, jakin bedi legokiokeen erlijioaren laguntza espirituala ere nahi nukeela azken unean, baldin eta ordurako enpirikoki egiaztatua balego gizakiak espiritu hilezkorra duela eta Jainkorik –zeinahi edo zernahi delarik ere– badela.

Erantsi beharrik ez da prozesu guztian, gaixotasunaren detekziotik azken unera arte, bai ospitalean eta bai beste edonon, profesional euskaldunez artatua izan nahi dudala, euskaraz mintzo direnez soilik, alegia. 

Inolaz ere ez dut nahi, azkenik, honako idazki hau bestelako hizkuntzak darabiltzaten fitxategi ofizialetan gordea izan dadin eta are gutxiago nahi dut beste hizkuntza batera itzulia gerta dadin euskaldun ez diren profesionalek irakur eta balia dezaten.

Aurreko jarraibideen arabera begiratua eta tratatua izango naizelakoan,

Kategoriak Euskara gurean, Euskarari erasoka | Utzi iruzkina

Armintza (Bizkaia) 2 – Fujian (Txina) 384

Itsas aerosorgailuen arteko liga

Pasa den astelehenean (2023/09/18) jarri da martxan itsasoan (offshore), Armintza parean, argindarra ekoizteko aerosorgailu bat, DemoSATH izena daraman proiektuaren barnean. Izatez, flotagarria da (espainiar estatuko lehendabizikoa) eta esperimentazio-fase horretan 2 MW-ko energia ekoiztea lortu du.

Hamabost egun lehenago (2023/09/01) Txinako Fujian-en parean, Taiwan-eko itsasartean, beste aerosorgailu batek (Goldwind GWH252–16MW) inoiz eman den ekoizpenik handiena lortu zuen 24 ordutan: 384,10 MW

Lehen begiratuan, beraz, handi samarra dirudi aerosorgailu bien ekoizpen-desberdintasunak. Baina, ez kasualitatez, badira horretara bideratzen dituzten bestelako alderdi batzuk ere. Honatx

∞∞∞∞∞∞∞∞

Armintza (Bizkaia)

Albistearen arabera, aerosorgailua kostatik lau bat kilometrora jarrita dago eta 85 metroko sakoneran ainguratu dute. Haize-indarrari dagokionez, badirudi 3 eta 25 metro/segundoko abiadura jasan ahal izateko prestatua dela eta, bestenaz, 17 metroko olatuak ere jasan litzakeela.

Errotoreak 96 metroko diametroa ei du eta, gorago esan bezala, momentuz 2 MW besterik ez du ekoizten, nahiz eta, diotenez, aski izango bailitzateke kopuru hori 2.000 etxebizitzaren argindar-kontsumoa asetzeko.

2026rako beste hiru aerosorgailu eraiki nahi bide dituzte teknologia berdintsuarekin, bakoitza 15 MWekoa. Dena den, prentsa ez dator bat zenbat etxebizitzarentzako energia sortuko duten hiru aerosorgailu horiek, batzuk 50.000rentzako izango dela dioten bitartean, beste batzuk 60.000rentzako izango dela zehazten batitute.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Fujian (Txina)

Munduko energia-ekoizpenaren arloan 384,10 MW-eko errekorra eskuratu duen aerosorgailuak 152 metroko garaierako dorrea dauka. Aramaion jarri nahi direnak baino berrogeita hamar metro txikiagoa da, hortaz. 

Guztiarekin ere, une honetan munduko aerosorgailurik indartsuena ei da potentziaren ikuspuntutik (16 MW). Hiru palen tamaina ere harritzeko modukoa da, bakoitzak 54na tonako pisua baitauka eta 123na metroko luzera.

Horren ondorioz, 252 metrokoa da errotorearen diametroa eta 50.000 m2-ko aire-esparru biribila hartzen du dabilenean (sei bat futbol-zelairen zabalera), bira bakoitzean 34,2 kWh ekoiztuz. 

Aldi berean, itsasarte estu samar batean kokatuta egoteak haizearen tunel-efektua baliatzeko aukera ere ematen dio aerosorgailuari, ez baitituzte txinatarek gutxiesteko bertan dabiltzan haize bortitzak: 51 km/h eta gehiagoko abiadura urtean berrehun bat egunetan. Nolanahi ere, 287 km/h-ko haizeteei aurre egiteko prestatua bide dago haize-errota. Eta ez da gutxi, azken mende erdian Ipar-mendebaldeko Ozeano Barean izandako tifoirik bortitzenak (1979an gertatuak) 260 km/h-ko abiadura hartu baitzuen.

Haize-zirimolen probestea dela eta, gogoratu behar da oraingoan Fujianen lortu den energia-ekoizpen erraldoia ere Haikui tifoiari esker iritsi dutela.

Txinatarren iritziz, aerosorgailu bakar horrek lortu berri dituen 384,10 MWek 170.000 etxebizitzaren eguneroko kontsumoa ase lezakete erraz asko. Bistan da, baina, etxebizitza gehiagoren kontsumoa ziurtatuko lukeela aerosorgailu txinatarrak Armintzako aerosorgailuetarako kalkulatutako proportzioa aplikatuko balitzaio: mila etxebizitza megawatt bakoitzeko.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Fujian-eko energia-errekorrak atzean utzi du hogei egun lehenago (2023/08/10) Vestas-ek Jutlandian eraikitako aerosorgailuak (V236–15MW) egun batean ekoiztutako elektrizitate-kopurua, 363 MW-ekoa izan baitzen “soilik”. Baina hori ere, nabarmena da, gure Armintzakoaren aurretik legoke offshoreen ligan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Errekorren atalean, halaz ere, laster asko izango omen dira merkatuan orain arteko langak erraz gaindi ditzaketen turbina eoliko flotagarriak, batez ere energia-ekoizpenaren maximizatzeari eta kostuen merkatzeari dagozkienak. 

TouchWind enpresa holandarrak diseinatu du interesgarrienetako bat: sakonera handiko itsaso zabalean jartzeko prestatua, buia handi batek orekatuko duen kupel moduko oinarri flotagarri baten gaineko zutoin inklinatuan ezarria egongo da ohiko bi palaren luzerako pala bakar bat (200 metro luze) daraman modeloa.

Enpresak adierazi duenez, ekonomikoki hiru palako aerosorgailuen % 30 besterik ez da izango berriaren kostua eta, hori gutxi balitz bezala, oso erraza suertatuko da palaren luzera har dezaketen kaietan eraikitzea ere. Horrezaz gainera, 252 km/h abiadurako haizeak ere balia litzake energia sortzeko. Konparaziorako, gaur egun Euskal Herrian jartzen ari diren ohiko turbinak itzali egiten dira 90 km/h abiadura hartzen duen haizearekin.

Kategoriak Aerosorgailuak | Utzi iruzkina

Nor mintzatuko da euskaraz espainiar Kongresuan?

Garaipen sinbolikoa baino gehiago ekarri beharko luke espainiar Kongresuan euskaraz, katalanez eta galegoz hitz egiteko aukera zabalik izateak, kontua ez baita bakarrik hizkuntzei dagokien eskubide demokratikoren bat teorikoki onetsita azaltzea.

Harago joan beharko luke aukera berriaren baliatzeak, hortaz. Hain zuzen ere, eskubide hori praktikan jartzera eta, gure kasuan are garrantzizkoago dena, euskara era irmo eta sistematikoan baliatzera. Hau da, gaia edozein izanda ere, publikoki mintzatu behar den guztietan euskaraz hitz egitera.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Irakurri ahal izan dugu jadanik partidu batzuk inondik ere ez dutela hizkuntza koofizialik erabiliko parlamentuan (VOX). Beste batzuk ez dute ezer esan horretaz baina, gureari dagokionez, jakina da, nahi izango balute ere, ez dutela kide bat bera ere Kongresuan euskaraz mintzatzera ausar daitekeenik (PP). 

Uste izatekoa da ez dela erabilera sinboliko hutsetik lar urrunduko euskal hiztun bakarren bat baino ez duen partiduaren egoera (PSOE). Zalantza da ea antzera jokatuko ote duen hiztun gutxi baina orain arte praktika zertxobait euskaltzaleagoa eraman duen taldeak (SUMAR). Etorkizunak esango.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Nolanahi ere, zalantza gehiago eta kezka handiagoak sorrarazten ditu partidu abertzaleek (PNV eta EHBildu) har dezaketen jokamoldeak, hasia baita haien artean “diskurtsoa noranahi iritsarazteko” asmo larria zabaltzen; edo bestela esanda, euren mezua euskaldun ez direnek ere entzun behar dutela eta, gaztelaniaz erruz eta gehiagotan mintzatzeko bidea prestatzen. 

Horrela balitz, horrek, ezaguna dugu ondorioa, biziki murriztuko luke euskararen presentzia Kongresuan, eta folkloriko bezain hondarreko bilakatuko litzateke gure hizkuntza bigarren egunetik aurrera.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Hondarreko eta balorerik gabe gera liteke, era berean, parlamentari euskaldunek, bat-batean gara litezkeen aho-diskurtsoak alboratuta, euskarazko testuak tribunatik ozenki irakurtzeko madarikazioari helduko baliote. 

Aberrazio parlamentarioak aberrazio, bakarrik faltako litzateke, gauzak bere puntuan uzteko, totelka eta ohituta gauzkaten trakeskeriarekin irakur litzaten.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Eguneroko lan parlamentarioen mailara jaitsiz gero, bestalde, ezaguna da bost batzarkideko talde batek nekez balia dezakeela hizkuntza gutxitua lan-tresnatzat kide haietako bik tutik ere ez badakite euskaraz. Soziolinguistika matematikoa mintzo. 

Egoera hobeagoa izan lezake barneko lanetan eta txostenen ekoizpenean ia kide guztiak euskal hiztun osoak direnean. 

Halabeharrez, baina, direnak dira eta daudenak daude.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ikustekoa da, halaz ere, lan-batzar horietatik aterako den fruitua euskaraz pentsatua eta bilbatua izango ote den ala jostura eta lits guztietatik hizkuntza hegemonikoa isurtzen duen euskaratze hutsa…, gero parlamentuko itzultzaileek berriz ere gaztelaniara eraman beharko dutena.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Orain artekoa baino erronka erraldoiagoa, beraz, Madrilera doazen parlamentariena, Euskararen prestigioa areagotze edo urritze aldera ere joka dezakeena eta, izatez –ondo baino hobeto jakin behako lukete hori–, jokatuko duena. Ahaztu gabe, noski, miresmenetik ridikulua sentitzeraino ere eraman dezakeela.

Euskal ordezkarien hizkuntz gaitasunez gainera, oraingoan gure hizkuntzaren balioa eta baliagarritasuna izango dira mundu guztiaren aurrean agertuko direnak eta, ikusi eta entzun egingo denaren arabera, baloratuak gertatuko direnak. Baita euskaldunon artean ere.

Kategoriak Euskara gurean | Utzi iruzkina