Aerosolak eta Arrasateko neurketa-estazioa

Aerosolek sorraraz dezaketen toxikotasunaren inguruko kezkak direla eta, honatx azken postaren osagarri den pare bat bat oharpen:

1.- Aerosolak airean dauden partikula solido edo likidoen suspentsio edo esekidurak dira. Osasunari begira eta airearen kalitatea neurtu ahal izateko, duten tamainaren arabera ezaugarritzen dira bertako partikula bereiziak (ingelesez, PM): PM10 (10 mikrometroko diametroa) eta PM2,5 (2,5 mikrometroko diametroa).

Ez da ahaztu behar, tamainari ez ezik, gainazaleko propietateei, konposizio kimikoari eta bestelakoei ere erreparatu behar zaiela aerosolek arnas-sisteman izan dezaketen inpaktu erreala baloratu ahal izateko, besteren artean, industriak eta ibilgailuek isuritako nitrogeno-oxidoa, sufre-dioxidoa eta beste egoten baitira bertan.

2.- Harrigarriro, eta gainerako herri handi gehienetan ez bezala (Durango, Tolosa, Beasain, Zumarraga, Azpeitia, Hernani, Andoain…), osasunean eragin handiena eta kaltegarriena duten partikula txikiak (PM2,5) ez dira neurtzen Aramaiotik gertuen ditugun aire kalitatearen kontrolerako bi estazioetan: Arrasate eta Urkiola.

2025.03.07: 13,00
Kategoriak Sailkatu gabea | Iruzkinak desaktibatuta daude Aerosolak eta Arrasateko neurketa-estazioa sarreran

Orain biomasa Aramaion? Seguru?

Inbertsio termikoaren efektua

Herri eta landa-eremuetan biomasa erretzea hirietako trafikoa baino toxikoagoa izan daiteke neguanCSIC (Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusia) erakundeko zientzialariek burututako ikerketa baten arabera. Eta, noski, toxikotasun-arriskua biziki areagotzen da biomasaren erretzeari inbertsio termiko deritzon fenomenoa eransten zaionean, aire kutsatua barreiatu ezinik geratzen baita “airean” geldirik.

Ikerketa bat Katalunian

CSIC-eko Ingurumenaren Diagnostikorako eta Uraren Azterketarako Institutuak egindako ikerketaren bitartez, argi identifikatu izan dira gune desberdinetako atmosferako aerosol txikienetan dauden kutsatzaile organiko kaltegarrienen isurketa-iturriak. Emaitzek erakutsi dute aerosol hauek batez ere biomasa (egurra, sakimak, zuhamuxkak…) erretzetik datozela herri eta landa-eremuetan. Eta erakutsi dute, aldi berean, gizaki eta animalien zeluletan eragiten dituzten efektu toxikoak Bartzelona hiriko trafikoak sortzen dituenak baino kaltegarriagoak direla.

Aerosol organikoak mikropartikula solidoak edo likidoak dira eta, haien tamaina mikroskopikoa dela eta, denbora luzez geratzen dira “hegan” airean. Ikerketan 10 mikrometro baino txikiagoak diren aerosolak aztertu dira, hau da, milimetro baten milarena diren partikulak. Esan beharrik ez dago partikula horiek arriskutsuenak direla, biriketako ehundura zeharkatu dezaketelako eta zuzenean odolean sartu.

Haien toxikotasuna aztertzeko, Kataluniako hiru esparru desberdin aukeratu zituzten ikerketa-gune gisa: Bartzelona hiriburuko Eixample auzoa, batetik, eta Arrasate moduko Manlleu herria (21.400 biztanle, 460 metroko garaieran kokatua) eta Aramaio baino zerbait handiagoa den Bellver de Cerdanya herria (2.260 biztanle eta 1.060 metroko garaieran kokatua), bestetik. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Logikoa zenez, bizitza normala garatzen den espazioan jarritako iragazkiak (filtroak) izan dira aerosol partikulak atxiki ahal izateko era nagusia. 

Nolanahi ere, kontutan harturik inbertsio termikoek airea geldiarazi ohi dutela gorago, 500 metroko alturan heliozko globo bat ere erabili zuten kutsaduraren banaketa bertikala aztertzeko. Inbertsio termikoa, jakina denez, atmosferan, lurrazaletik distantzia batera, aire epeleko geruza bat sortzen denean ematen da; horrek eragiten duena da aire kutsatua –neguan, batik bat, hotzagoa– ihes egiteko aukerarik gabe geratzen dela behealdean.

Eta horixe erakutsi zuten globoaren emaitzek: inbertsio termikoa gertatzen denetan, lurrazalean harrapatutako aerosol organikoen kontzentrazioa bi aldiz (2,10 aldiz, hain zuzen) handiagoa da atmosferan baldintza arruntak direnean baino. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Kontzentrazio horiek sorrarazten dituzten efektuez jabetu ahal izateko, iragazkietan harrapatutako aerosolen eraginpean jarri zituzten ikertzaileek biriketako zelulak laborategian. 

Ondorioak ikaratzeko modukoak dira: zelulen hiru laurdenak (%75), aldirietako eta landa eremuetako aerosolekin kontaktuan jarri eta hurrengo 24 orduetan hil ziren. Bartzelonan jasotako aerosolen eraginpean jarritako zelulen artetik, berriz, %35 hil ziren soilik.

Jakina zenez, aerosol horiek arnasteak nagusiki pertsonen biriketako barne-ehunetan egiten du kalte, baina orain jakin izan da, argi eta garbi jakin, kalteak askoz portzentaia handiagotan gertatzen direla biomasa erretzen den lekuan, heriotzak, minbiziak eta bihotz eta biriketako gaixotasunak areagotuz.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Katalunia utzi eta gatozen Aramaiora!

Datorren maiatzean hamabi urte beteko dira Aramaioko Udalak herrian biomasa erabiltzeko aukera kaleratu zuenetik. Batzorde bat ere osatu zuen proiektuari bidea irekitzeko.

2014an datu zehatzak plazaratu ziren: fase bi izango zituen egitasmoak (lehena, kalean burutzekoa; auzoetan bigarrena) eta 3,2 milioiko aurrekontua, Udala bera eta, Lakuako gobernuarekin sinatutako hitzarmena tartean, EVE eta HAZI erakunde publikoek ere partaide izango zituena. 400 etxebizitzetaraino iritsi zitekeen Kaleko fasean, auzokoen %70en atxikimendua izatea (280 ingurukoena, beraz) izan zen bete beharreko baldintza bakarra.

2015eko urtarrilaren 14an laurogei bat aramaioar bertaratu ziren Kultur Etxean antolatutako batzarrera proiektuaren inguruko kontu teknikoen berri izateko. Oso baikor atera omen ziren antolatzaileak batzarretik, baina “airean” –erantzunik gabe, hain zuzen– geratu ziren jendeak egindako galdera eta iradokizun funtsezko zenbait. Haietakoren batek, esaterako, Ibarreko orografiaren erreferentzia egin zuen eta bertan egon ohi den inbertsio-termikoarena. Bestela esan: argi planteatu zen ea biomasaren ekimenaren sustatzaileek kontuan hartua zuten hainbat faktore garrantzitsu, hala nola Ibarra-kalea zulo batean kokatuta dagoela eta ez haizeak jotzen duen muino baten gainean, galdara ordu luzez egon zitekeela biomasa erretzen (egun osoan? hamalau orduz?…), kea eta partikula kutsagarriak tximiniatik botatzen… hurbileko zein ez hain hurbileko auzokoen kalterako, eta ea aintzat hartuta eta ikerketaren bat burututa zuten ibarrean sarritan gertatzen diren inbertsio-termikoen maiztasunaz eta iraupenaz.

Inbertsio termiko ahulduaren eragina lahar eta belar pilotxo bat erre bitartean

Taxuzko erantzunik jaso gabe bukatu zen batzarra. Halere, biomasaren alternatiban interesatuta egon zitezkeen aramaioarren sinadurak biltzen hasi zen Udala. 

Belabeltzak dakiela, ez da harrezkero ekimen haren berririk izan, ez behintzat berri publikorik: ez izandako atxikimenduei buruz, ez proiektua “izozte”-aren ingurukorik, ez isiltasun hartarako arrazoiez… Harik eta aurreko astean, aurtengo aurrekontuak direla eta, berriro eta ofizialki azaldu duen Udalak ikastetxearen inguruan biomasa-galdara bat jartzeko borondatea.

Ondo aztertuta egongo ahal dira duela 10 urte planteatutako kezka guztiak!

Jainko-jainkosei nahi dakiela! 

Kategoriak klima-aldaketa | Iruzkinak desaktibatuta daude Orain biomasa Aramaion? Seguru? sarreran

Statkraftek ez du Aramaioko haizea bere alde!

ARAMAION EZ!

Statkraftek Aramaion eraiki asmo zuen Poligono Industrial Eolikoaren proiektuari kontrako ebazpena luzatu dio Espainiako Kalitate eta Ingurune Ebaluaziorako Zuzendaritza Nagusiak.

Gaurko BOEn azaltzen denez,

Esta Dirección General de Calidad y Evaluación Ambiental, a la vista de la propuesta de la Subdirección General de Evaluación Ambiental, formula declaración de impacto ambiental desfavorable a la realización del proyecto «Planta Eólica «Itsaraz» de 60,4 MW, en las provincias de Álava, Bizkaia y Gipuzkoa» puesto que en la ubicación seleccionada para el proyecto y con las medidas planteadas, no puede descartarse que produzca impactos negativos significativos sobre la avifauna protegida y los espacios protegidos y Red Natura 2000 entre los que se ubica el proyecto, con posible perjuicio a la integridad de la ZEC (Zona de Especial Conservación) Urkiola.

AEROSORGAILUEN ARERIO NAGUSIAK

Sai zuria (Neophron percnopterus). Argazkia: Javier Fuentes.
Sai arrea (Gyps fulvus)
Belatz handia (Falco peregrinus)
Kategoriak Aerosorgailuak | Iruzkinak desaktibatuta daude Statkraftek ez du Aramaioko haizea bere alde! sarreran

EITBren eginkizun zenbaitez

Pare bat ohar Gurutz Olaskoaga Sarasolaren “Lurraldetasuna eta EITBren erreforma nazio gisa irauteko gako” izeneko artikuluanEITBri buruz planteatutako puntuaz, besteak beste, ETB1 zeharka baino begiratzen ez duen ikusle batena baitirudi haren iritzi batzuen oinarriak (“ETB1 oso ondo dago ikusle euskaldunentzat”, etab.).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Argi du Olaskoagak “lurraldetasuna eraikitzeko eta euskara zabaldu eta erabiltzeko eragilerik garrantzizkoenetako bat” dela EITB. Eta antzeko zerbait pentsa genezake beste batzuk ere, komunikabide horren xede eta eginkizun nagusien artean “Euskal Herriaren iraupena” dagoela sumatuko bagenu.

Besterik da, tamalez, EITBren —edo haren uhalak daramatzaten agintarien— eguneroko jardunak eginkizun nagusitzat islatzen duena. Beste edozein erakunde komertzialen antzera, gainbehera doakion sharea neurtzeko audimetroa du ikuste-puntuan, eta urrun samar geratzen da Euskal Herriaz eta iraupenez ulertu beharko uste lukeenetik, nahiz eta litekeena ere baden ulertu beharko lukeen hori ezin hobeto ulertzen duelako izatea hartua duen jokabidea. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Nolanahi ere, jatorriz dagokion jiteak garbi onetsarazi beharko lioke EITBri bera baino ezin dela izan euskal hiritarron konpaktazio-tresna ahaltsua izatera iritsi litekeen hedabidea. Hedabide publiko bakarra, alegia. 

Konpaktazioa aipatzean, baten bati astanafarreriaren garau mingarririk atera dakiokeen arren, Ipar eta Hego aldeetako administrazio-esparru desberdinetako hiritarren konpaktazioa esan nahi da. Eta badaezpada ere, eta zalantzarik gera ez dadin, euskaldunok —euskaraz normaltasunez bizi eta iraun nahi genukeen euskaldunok, bederen— barne gaudela azpimarraturik, zeren eta geuk baitugu, inork izatekotan, egoera nazional eta linguistiko-kulturalaren trinkotze-falta eta -premia larriena.

Euskal Irrati-Telebista publikoa eta haren irismena genituzke, bada, zazpi lurraldeetako biztanleok kulturalki eta linguistikoki bateratzeko eta trinkotzeko baliabide —eta itxaropen— bakarra, gainerako euskal (=euskarazko) komunikabideak, apenas irakurriak —zenbatek irakurtzen du, esaterako, EH osora hedatzeko bokazioarekin jaiotakoBerria?—, apenas ikusiak edota doi-doi entzunak izateaz landa, aski mugatuak suertatzen baitira bai dagokien esparru geografikoagatik eta bai, sarri, darabilten hizkeragatik.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ezin du gure onberatasun endemikoak inola ere ahaztu kopuruz askoz gehiago eta ekonomikoki eta baliabideetan indartsuago, erakargarriago eta guretzat kaltegarriago direla alboetako hizkuntza hegemonikoek baliatu ohi dituzten telebistak eta irratiak. Eta horiexek ditugula nagusiki oraintsu arte aski babestuta sentitzen genituen hizkuntz egoera funtsezkoenetara sistematikoki sartzen zaizkigunak, hots, duela gutxira arte euskararen transmisioaren azken berme ziren familia, ezkaratz eta esparru primario guztietan ia oharkabean barneratzen zaizkigunak, geure hizkuntza gero eta ezdeusago antzemanaraziz eta, finean, hura alboratzen joateko probetxua eta komenentzia sibilinoki erakutsiz. Bestek esan bezate, hemen luzatu gabe, kolonialismo, inperialismo, globalizazio edo akulturazio-prozesu deritzon horri!

Kontua da, hortaz, aberaste-itxurak eginez etengabe torpedeatzen gaituzten komunikabide horien erraldoikeriari aurre egiteko modu bakarra harako Dabid haren habailaren tamainako hedabide propioak garatzea baizik ez dugula, hedabide linguistikoki eta kulturalki propioak, sendoak eta azkarrak esan nahi baita. Hala-hola dabilzkigun arnasgune fisiko-geografiko mugatuei erantsiko litzaizkiekeen arnasgune birtual irekiak eta zabalak antolatzea, beraz, eginkizuna. Euskaldunen premiei behar bezala erantzuteko moduko irrati-telebista publikoa.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Zailtasunak zailtasun (jakina da gaindigaitzak izan ohi direla lehentasun politiko interesatuek jarritako oztopoak), han eta hemen ikusten ari gara ez dela ezinezkoa horrelako komunikabide bat informazio-, formazio- eta entretenimendu-gunea izatea eta, aldi berean, babes- eta konpaktazio-tresna, dena batera. Ez da ezinezkoa, baldin lehendabizi borondate politikorik bada eta, segidan, aipatutako funtzio horiek guztiak betetzeko ahalegina komunitate-sentsibilitate aratzez taxutzen bada —gure kasuan, besteren artean, estatu espainiarra erreferentzia komunikatibo, soziopolitiko eta geografiko nagusi eta ia bakarra izatetik aldenduz eta Euskal Herria erabateko erdigunetzat hartuz, boterean dauden partiduen eta erakundeen ahots eta irudi eternoak izateari utziz, bertako jendartearentzat kezkagarrien diren arazoei sakonki helduz, etc.—, eta aldi berean kulturalki eta linguistikoki ere premiazko bezain pedagogiko eta baliagarri bilakatzen bada.

Formula orokorra, egia esan, ez litzateke egungo EITBk duen egituratik lar urrundu beharko, nahikoa baita lauzpabost telebista-kate eta beste horrenbeste irrati izatea, baldin kate-sorta bakoitzeko hiru laurdenak behintzat euskaldunak badira, hau da, euskara hutsa darabiltenak, euskararen soinua besterik ez dakartenak, erdarazko adierazpen eta solas guztiak, kalean edozein aitzakiarekin jaso litezkeen espainierazkoak barne (aitasantuarenak balira ere!), euskarara bikoiztuak eskainiko lituzketenak, eta ez, orain arte bezala, euskarazko azpitituluekin adabakituak. Edozein irrati eta telebista “normal”-en modukoak eta behar adinako aurrekontuen gainean eraikiak, hain zuzen. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Alegia: aipatu hiru laurden horietako Euskal Irrati publikoek, oraingo moduan taxutuak akaso (irrati jeneralista, gazteei zuzendutakoa, euskal musikari eskainitakoa, munduko musikaz diharduena…), sakonki hobetuak beharko lukete, hala edukien ikuspegitik nola hizkuntzarenetik (ohiko esatarien euskopidgin gisako hizkuntz mordoilo hibridatuak baztertuta, adibidez).

Ildo bertsuko zerbait esan liteke nahitaezko genituzkeen euskarazko telebista-kateei dagokienez ere. Erreferentziazko kate nagusia: gazteei eta nagusiei zuzendua eta eduki anitzekoa, Euskal Herri guztiarena izateko bokazioa aldarrikatu beharko luke senean eta programazioan. Haurrei eskainitako katea: ETB3ren modukoa apika, baina behar bezala egokitua, ikuspegi aberatsagokoa, eta ez hogeita lau orduz marrazki txoroz hanpatua. Hirugarren katea zinemaren, antzerkiaren eta gainerako kultur eskaintza zabalenaren gainean eratua eta EHko kultur ekoizpena bereziki landu eta garatuko lukeena. Hirurak, esan bezala, euskara hutsezkoak. Beste kate bat, azkenik, jeneralista, eduki anitzekoa eta hirueleduna, sentsibilizazioa garatzera eta euskararen unibertsalizazioaren oinarriak jartzera bideratu beharko litzateke (bertako hizkuntza ikasteko kurtso xumeak eta baliabideak eskainiz, besteak beste). 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Bukatzeko, argitu beharrik ez duten bi puntu. Lehena: errentagarritasun ekonomikoa ez litzateke inondik ere horrelako EITB publiko baten xedea. Bigarrena: edonork daki noren esku dauden era horretako egitasmoak abian jartzeko edota eraldatzeko borondatea eta ekimena. Eta korolario gisa: guri, oinezkooi, badirudi presioa-edo egitea baino ez dagokigula.

Kategoriak Euskara gurean, Hausnarrean | Iruzkinak desaktibatuta daude EITBren eginkizun zenbaitez sarreran

Euskal Literatura Ofiziala

Urte berria hasita, hasi dira 2024an argitaratutako liburuen lehen zerrenda “ofizialak” agertzen, eta laster hasiko dira zerrenda osatuagoak ere azaltzen, zerrenda horiek baitira, erdiguneak eta periferiak gorabehera, Euskal Literatur Sistema delakoak bere analisi sozioliterario sakonetarako erabiltzen dituen erreferentzia bakarrak.

Lagun batek esaten duen bezala, nonbait Internet oraindik asmatu gabe edo inork erabiliko ez balu bezala segitzen du gure munduxka honek. 

«Esate baterako —dio berak, kontrafaktualak baliatuz—, Kafka Aranon jaioa izan balitz eta, hil ondoren, obra guztia Max Brod-en eskuetan utzi beharrean, Aritz Branton-en ardurapean utzi izan balu, segurua da Booktegi-n argitaratuta egongo zela 1925ean bertan. Modu birtualean argitaratua, esan nahi baita. Baina segurua da, halaber, gure Literatur Sistemak bohemiarraren obra ezagutu gabe segituko zuela gaur egun, ehun urte pasatu arren, zeren eta Euskal Literatur Sistema osatzen omen duen “ofizialitatea”-k paperean argitaratu eta ISBN-dun diren liburuak baino ez baititu aintzakotzat hartzen. Eta berdin dio Booktegi jadanik erreferentziazko liburutegi bilakatua den euskal idazle eta irakurleentzat —iaz 30etik gora izan ziren sareratutako liburuak—, hango obra guztiak era irekian eta libreki jaso daitezkeen, idaztetik bizi diren egileen obrak dauden bertan argitaratuta edota Kafkaren beraren obra originalak esklusiba mundialean dituen Aritzek han txertatuta. Antza denez —amaitzen du lagunak zakarki—, ELSn ere berebiziko pisua du argitaletxeetatik dendetara doan errepide komertzialak».

Eta egoskor xamarra bada ere, ez zaio arrazoirik falta gure lagunari, Hegoaldean Espainiako Editoreen Gremioen Federazioak kudeatzen baitu ISBN-ak banatzen dituen Agentzia. Eta funtsean Federazio berak burutzen du Irakurketa Ohituren eta Liburu Erosketen Barometroa

Iparraldean, Frantziako Argitaletxe eta Liburu-enpresen Sindikatuak (AFNIL) du ISBN-ak banatzeko ardura eta ildo bereko SNE (Syndicat National de l’édition), La SOFIA (Société Française des Interêts des Auteurs de l’écrit) eta SGDL (Société des Gens des Lettres) izenekoak dira edizioen eta irakurtze-ohituren barometro-lanak burutzen dituztenak.

Horiek banatutako zenbakiak, beraz, gurean euskarazko obrak Euskal Literatura Ofizial bihurtzeko nahitaezko pasaporte.

Kategoriak Literaturaz | Iruzkinak desaktibatuta daude Euskal Literatura Ofiziala sarreran

Statkraften beherapenak

Europako industria eolikoa ez dago jai handitarako. Arrazoi eta faktore desberdinak medio, berari ere iritsi zaio-eta krisia. Gurean Siemens Gamesa dugu horren erakusgarri: azken urteetako galerak jasanezin bihurtuta, 18 hilabetez utzi behar izan zion krisiaren eragileetako bat ziren aerosorgailu akastunen ekoizpenari, nahitaezkoa baitzitzaion 4.X modeloa (5 MW) eta 5.X izenekoa (6,6 MW) berrikustea, akatsak sakon aztertzea eta, behin diseinu berriak egin ondoren, taxuz konpontzea. 

Lehen modeloa berriro merkaturatua da jadanik; bigarrena ez, ordea, eta akaso horrexegatik izango omen ditu 2024an 1.800 milioi euro inguruko galerak. 2025. urterako ere 1.300 milioi euroko galerak aurreikusiak ditu. Ez du galdu, guztiarekin ere, burua 2026an jasotzen hasteko itxaropena.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ez da Siemens Gamesa krisia ezagutu duen enpresa eoliko bakarra. Eramangarriagoa apika, baina ildo bertsuko norabidea daramate Nordex alemaniarrak (498 milioi euroko galerak 2022an eta 302 milioikoak 2023an) eta Aramaioko aerosorgailuak egingo dituen Vestas daniarrak (1.572 milioi euroko galerak 2022an, 77 milioiko mozkinak 2023an eta dagoeneko 104 milioi euroko galerak aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan). 

Datuek erakutsi bezala, enpresa txinatarren eskuetan geratzen ari da aerosorgailuen ekoizpena, lehengaiak eskuragarriago izateaz gainera, askoz kostu baxuagoekin jokatzen baitute merkatuan (energia, soldatak, etab.). Europan, aldiz, garestiago ateratzen omen guztia. Hortik datorkio Siemens Gamesari ere kostuak “egokitzeko” premia, besteren artean, eta momentuz behintzat, 30.000 langilek osatutako zerrenda % 18 murriztearekin konformatuko den arren.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Krisi horren erdian, esan bezala, aerosorgailu erraldoien akatsak nabarmendu dira batik bat, diseinuzkoak eta egiturazkoak. Baina industria eolikoan gertatutako intzidentzien datu publikorik kaleratzen ez bada ere, ezaguna da arazo horiek ehunka milioi dolarreko gainkostua ekarri diela mendebaldeko hiru turbina-ekoizle handieneiVestas Wind Systems-­i, General Electric Renewables delakoari eta, esan bezala, Siemens Gamesari. General Electric estatubatuarrak, esaterako, berriki izan du judizio-demanda bat American Electric Power izeneko konpainia batek arazo larriak eta orokortuak atzeman dituenean 1,5 GW-ko hiru poligono eolikotako turbina eta pala berrietan (bizpahiru urte zituzten instalakuntzak!). Auzitegien ebazpenen zain, guztien konponketek-eta ia 900 milioi euroko zama ekarriko liokete General Electric delakoari. Baina aurretik ere izana zuen ustekabeko bat baino gehiago beraiek egindako hainbat aerosorgailu edota pala haustean edo erortzean (berdin Estatu Batuetako Mexiko Berrian, Coloradon, Oklahoman, Massachusetts-en… zein Europan: Alemanian 2021ean, Lituanian 2022an, iaz Danimarkako kostaren parean, Suedian…).

2021ean hautsitako 240 metroko aerosorgailua. Haltern (Alemania)

∞∞∞∞∞∞∞∞

Aerosorgailu berrienetan gertatzen ari ei dira horrelako akatsak, gero eta tamaina eta potentzia handiagoko aerosorgailuak zenbat eta lasterrago lortzeko sortu den lehia dela eta. Akatsak ez dautza, beraz, teknologiaren ezintasunean, enpresa eolikoen artean berrikuntzak etengabe aurkezteko eta kostuetan aurrezteko sortu den lehian baizik. Eta behar adinako inbertsio egokien faltan, hain zuzen.

Ildo horretan, Siemens Gamesak itsasoan instalatzear duen aerosorgailu erraldoi baten albistea zabaldu berri du. Orain arte sekretuan gordeta, jaso duen eskarmentu latzari erantzun teknologikoa emateko modua aurkitu nahi izan du 21 MWko prototipoa egitean, haren kostua jakiterik ez bada ere. 

Gamesak instalatzear duen 21 MWeko prototipoaren gondola

∞∞∞∞∞∞∞∞

Betiere negozioa ikusmiran, krisiaren aurrean Statkraftek ere aldatu du estrategia. Eta Aramaioko poligono industriala da horren pairatzaile eta erakusgarri.

Ezaguna-edo da poligono eolikoak proiektatzean inbertsio-kopuru bat aurreikusi ohi dela instalatu asmo den MW bakoitzeko. 2022an milioi bat euro kalkulatzen zen horretarako, eta espresuki aitortu ez bazuen ere, Statkraftek ere horrelatsu doitu bide zuen Ganborralden eraiki nahi zuen poligonorako inbertsioa, Beraz, zortzi aerosorgailutan banatutako 60 MWeko potentzia instalatuko zenez, 60 milioi euro izango ziren bertan inbertitu beharrekoak. Eta 2022ko azaroaren 16an Aramaioko bilera entzutetsuan banatutako esku-orrian horixe ziurtatu zuten bikingoen mezulariek.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gaur egun, industria eolikoaren esperientzia tamalgarriek erakutsita, zehatzago egin beharko lirateke kalkuluak, eta Aramaion kokatu nahi diren potentzia handiko aerosorgailuak bezalakoetan (7,5 MW, 200 m. luze), arreta gehiago jarri diseinuan, materialetan, fabrikazioan, muntaketan eta ezarketa-lanak burutzeko orduan. 

Horrek guztiak nekez ekar lezake kostu baxuagorik. Alegia, txinatarrak ez diren merkatuen arabera (Ganborraldeko aerosorgailuak egiteko enkargua duen Vestas enpresa ez da txinatarra), bost bat milioi ingurukoa izan liteke aerosorgailu bakoitzaren kostua. Horri, jakina, azpiegiturei, zimentazioei, garraioei eta bestelako lanei dagozkien gastuak erantsi beharko litzaizkioke aurrekontuetan. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Orain, ordea, Statkraftek, 40,30 milioi euroko inbertsioa baino ez du “aurreikusi” Ganborraldeko poligono eolikoa altxatzeko. Hau da, duela bi urte agindutakoa baino 20 milioi euro gutxiago (% 30 gutxiago, hain zuzen), eta Abadiñorainoko 14 km-ko tentsio altuko lineak, dorreak, lur-alokairuak eta erosketak, etab. barne egon arren.

Harrigarriro —konparazioa baliagarria bezain zilegizkoa da—, hasierako aurrekontua mantentzen du Statkraftek Aramaioko poligonoarekin bateratsu Azpeitia-Errezil-Zestoa-ren erdian egingo duen “Piaspe” poligonoa eraikitzeko, kalkulu orokorrean, goian esan bezala, MW bakoitzeko milioi bat euroko xahupena aurreikusi zuelarik: 5 aerosorgailuz osatutako 33MW-eko poligonoa, 32,14 milioi euro.

Eta are harrigarriago da oraindik ikustea nola potentzia instalatu ia bikoitza izango duen Aramaiokoa 8 milioi euro gehiagorekin burutu nahi duen.

Ez da ezagutzen, horratik, poligono bien arteko aurrekontu-desfasearen arrazoia. Bada, dena den, Eusko Jaurlaritzatik azken boladan hainbestetan aipatzen ari zaizkigun lankidetza publiko-pribatuen proposamenak gogoratuz, hipotesiren bat aurreratu duenik: ez al da izango akaso Statkraftek Legution zabaltzen ari zaion —legutioarren onerako, jakina— saihesbidea kofinantzatzeko akordioren bat duela sinaturik Arabako Foru Aldundiarekin?

Eta ez da ezagutzen —Belamendira ez baitira horrelako albisteak iristen— nola hasierako esku-orrian 200 lanpostu eskainiko zituztela esatetik igaro diren orain 147 lanpostu sortuko dituztela esatera. 

Okerrena da, halaz ere, inor ez asaldatuta ikustea —ez agintariak eta ez gainerako erakundeak— Statkraftek “ajuste” horien bitartez eskaintzen duen garapen-eredu etiko-demokratikoaz eta parte-hartzaileaz. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Apostolu haren “ez dezala ezkerrak jakin eskuinak zer dagien” esaerari jarraituz, izaera altruista ere ongi gordea du Statkraftek, baina erakundeetatik jaso ditzakeen “laguntzek” argi erakutsi lezakete alderdi hori. 

NexGeneration EU izeneko funtsetatik, adibidez, goxotasun nahikotxo etorriko zaie norbegiarrei.

Ez dago Belamendin horretaz ere zehaztasun handiz jakiterik, baina, daturik ezean, chatgpt jakintsuari galdetu zaio nola dauden kontuak arlo horretan. Honako hau izan da haren erantzuna:

In Spain, wind farm projects may benefit from both grants and loans, with the total financial support often ranging from 30% to 60% of the total project cost. In some cases, when combined with national co-financing mechanisms and other EU funds, this percentage could potentially be higher.

Honatx, euskarara ekarrita, Adimen Artifizialak dioskuna: “Estatu espainiarrean, poligono eolikoek subentzioez zein maileguez balia daitezke eta laguntza finantzario guztia proiektuaren % 30etik % 60ra bitartekoa izan ohi da. Zenbait kasutan, ko-finantziazio nazionalak edota Europako beste funtsetakoak gehituz gero, portzentaia handiagoa izan liteke”.

Ez dirudi, Norvegiako enpresa publikoa izanik, Statkraftek mailegu-premia handirik lukeenik. Aski litzaioke, hortaz, itzuli beharrekoak ez diren NextGenerationeko subentzio soilekin 20 edo 24 milioi euro jasotzeko. Eta gainerako erakundeetatik iritsi lekizkiokeen bestelako “laguntzak” ere ongixko hartuko lituzke seguruenik.

Geroxeago etorriko litzateke, aurreneko inbertsioa biribiltzeko, poligono eolikoaren salmenta erakunde publikoei eta pribatuei —azpizunen preziotik ez oso urruti, nonbait—, eta, ipuinetan bezalatsu, hor ibiliko dira hogei bat urtez hortz-karraskots jabe berriak eta erakundeak aerosorgailuen akatsak eta krisiak kudeatu nahirik, harik eta hogeita bost urte barru baten bat aerosorgailuen turbina zaharkituekin eta pala zuhirinduekin zer egin ez dakiela aurkituko den arte. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Hori bai, 2026an bukatuko da NextGeneration EU funtsen “pagotxa” jasotzeko epea eta uste izatekoa da urte horretako ekainerako edo amaitu nahi izango dituela Statkraftek poligono eolikoa eraikitzeko lanak. Horrela, gainera, lasaiago ibiliko da 2027an energia eolikoa ekoizten egoteko eta Aramaiotik ihes egiteko maletak prestatzen hasteko.

Kategoriak Aerosorgailuak | Iruzkinak desaktibatuta daude Statkraften beherapenak sarreran

1953ko uholdeak Aramaion

Aramaiok azken uholdea jasan behar izan zuenetik hiru urte beteko dira hurrengo egunetan. Egoera latza ordukoa. Urak gora egiten ikusteak etenik gabeko larritasuna eta atsekabe gaindiezina ekarri zituen kaleko jende gehienaren gogora. Ez zuen, zorionez, kalte askorik sorrarazi, baina azken uriola hark beste larriago baten oroitzapena ernarazi zuen aramaioar askorengan: 1953ko urriaren 15ean gertatutakoa.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Betidanik izan dira uholdeak (urixolak) Euskal Herrian. Egia esan, handienak-edo ezagutzen ditugu hoberen. Bilbo aldean gertatutakoak, esaterako: XIV. mendekoak hiriko zubia ere hondatu zuen, 1593koak alde zaharreko eraikin mordoa suntsitu eta 1983koak, Laudio eta Aiara ere bete-betean hartu zituenak, 34 hildako eragin zituen eta ehunka mila milioiko galerak.

Kronikek gogorarazten duten izugarriena, dena den, Zangotzan 1787an izandakoa dugu: ia 600 hildako utzi zituen eta herriko eraikin gehienak suntsituta.

Ez hainbesterainokoak, baina Deba bailaran ere ezagunak dira uholde bortitzak. Gipuzkoa osoa astindu zuten 1834ko ekainaren 30eko uholdeetan, adibidez, berrogei bat pertsona hil ziren, gehienak Deba arroan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Euskal Herrian azken bi mendeotan jasan izan diren gainerako uholdeak ahaztu gabe ere, guztiek uzten baitute agerian gizakiaren ezintasuna, aramaioarren gogoan ongien dirautenak 1953ko urixolak dira. Urriaren 15ekoak, hain zuzen.

Aurreko egunetan euri-jasa izugarriak izan ziren ordu gutxitan, eta Deba, Urola, Oria eta Urumea ibaiak urez estaltzen hasi ziren hainbat eta hainbat herri, besteak beste, Tolosa, Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Arrasate, etab. Kale materialez gainera, urriaren 14an autobus bat eraman zuten urek Zestoan, 16 pertsona hilda utzita. Guztira 27 hildako utzi zuten uholde haiek.

Baina erreka txikiak ez ziren atzean geratu. Eta Aramaion, batik bat Etxaguen-dik behera zetorrena ere ez.

∞∞∞∞∞∞∞∞

1953ko urriaren 15 hartan errekek ezin izan zuten jausitako ur guztia bideratu eta gainezka egin zuten herriko hainbat etxe, denda eta erreka-horma aurretik eramanez.

Haitzetatik datorren errekak, gainera, oztopo izugarria aurkitu zuen udaletxearen atzealdeko zubia enborrez eta zuhamuxkez estalita geratzean. Zubiaren gainean –gaur egun erloju zaharraren mekanismoa jarrita dagoen tokian, hain zuzen– eraikita zegoen etxetxoak presa baten funtzioa egin zuen eta urak atzeraka metatzen joan ziren, eta antapara amaiezina izan balitz bezala, goraka egin zuten urek hango ortuak eta etxeak irentsiz, eta abere bat baino gehiago herrestan eramanez, tartean asto bat. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ez zen hildakorik edota ezbehar pertsonal larririk izan, baina kalte materialak handiak suertatu ziren, batez ere plazan eta haren inguruko etxe eta dendetan eta errekak beherago aurkitu zituen baserrietan.

Plazako denda eta etxe bati buruzko datuak eskain ditzakegu lekuko gisara. 

Luisa Salaberri Orbe-ren etxe hartan urak ia bi metroko garaiera hartu zuen denda jarrita zeukan behealdean. Horrekin batera, errekako horma ere erabat hautsita geratu zen eta sukaldea, oilategia eta korta urez gainezka. Kalteak oro har, uriola amaitzean egindako balorazioak erakusten duen moduan, kezkagarriak izan ziren: 36.000 pzta. guztira.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gaur egun ez bezala, orduko aseguru-polizak suteetarako baino ez ziren egiten eta konpainiek, jakina, ez zuten erantzuten uholdeak bezalako fenomenoek sortutako kalteen aurrean.

Sociedad de Seguros Mutuos-ek 1922ko polizarekin batera bidalitako plaka

Laguntza bakarra, hortaz, Udalbatzak luzatutakoa: haren eskuzabaltasunak ontzat hartu zuen dendariaren eskabidea eta barkatu egin zion urte hartako laugarren hiruhilabeteko kontribuzioa, hartutako akordioa Foru Aldundiari ere luzatu ziolarik, “por si ésta tiene a bien hacer la oportuna rebaja en el cupo del año actual, pro los conceptos de cuota directa y recargo para la Cámara de Comercio”.

Uste izatekoa da berdintsu jokatu zuela Udalak gainerako denda eta tabernekin.

Nolanahi ere, kalte-ordainik gabe gehiegizko zama izan zitezkeen egin beharreko gastuak mintzagai dugun plazako denda hartako jabearentzat. Itxi egin behar izan zuen betiko.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Horrelakoen aurrean, Basilio Pujana zeanuritarrak “Euskal Herrian uriolak izan ziranean” idatzitako bertsoak datozkigu gogora:

Euskal Herria zapuztu dausku 

uriolak ezbeharrez, 

maiteak urak eroan eta 

famili asko negarrez. 

Hola jausita dagon herri bat 

jasotzen ez da hain errez, 

baina guztia burutuko da 

fede sendoen indarrez. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

1953ko uriolak izan bide zituen Pujanak buruan bertsook ehuntzean, baina ez dirudi oso bestela kantatuko zukeenik duela hilabete Mediterraneo aldean gertatutakoen aurrean. Bihoakie belabeltz guztion elkartasuna!

Kategoriak Historia eta istorioak, Sailkatu gabea | Iruzkinak desaktibatuta daude 1953ko uholdeak Aramaion sarreran