Historia txikiak dioenez, 1932an, Done Mikel Aralarkoan eguna igaro eta gero, gazte-talde batek euskal kantak abesten ekin zion baselizatik jaisteari. Orduko abertzaleek beren patroiari eskainitako jaia izan zen hura eta ez zen bertan kemen eta alaitasunik falta.
Giroa goxotzen zuten abestien artean bazen bat, gainerakoetatik desberdin samarra eta ez ezagunegia, asko gustatu omen zitzaiena geroago EAJren BBBko lehendakaria izatera iritsiko zen Jose Mari Garate Azkarraga algortarrari eta harekin batera zihoazen beste hainbat burkideri. Eta solasean ari zirela, planteatu zen ea hain doinu duin eta martziala izanik, ez ote zuen hitz eta mezu egokiagorik izatea merezi.
Gau hartan bertan ondu omen zuen Garatek letra berria izango zenaren lehen zirriborroa. Geroago etorri bide ziren Alexandro Lizaso errenteriarrak (1937ko apirilean Otxandio-Legutioko frontean zendua) eta Basilio Pujana zeanuritarrak abestiari eman zizkioten behin betiko moldaketak.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Ekimen haren fruitu izan zen harrezkero Eusko Gudariak izenburuarekin ezagutuko zen abestia.
Eusko gudariak gara
Euskadi askatzeko,
gerturik daukagu odola
bere aldez emateko.
Irrintzi bat entzun da
mendi tontorrean,
goazen gudari denok
ikurrina(re)n atzean.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Doinu hura, kantari gazteek ondo zekitenez, lar hedatua ez zen herri-kanta bati zegokion eta ordurako Resurreccion Maria Azkuek argitaratua zeukan bere Cancionero Popular Vasco izenekoan (205. zenbakia), Aramaioko Oleta elizateko Engrazia Lazkano-ren ezpainetatik jasoa. Honatx:
∞∞∞∞∞∞∞∞
Ezin da ahaztu, bestalde, Azkuek ukitu eta “egokitu” ere egiten zituela jasotako bertsioak, baina ez dakigu zenbateraino “zuzendu” zuen honako hau. Esaterako, badakigu, ohar batean dioelako, Engrazia andreak “nau” (< nago) kantatu ziola, ez besterik. Eta ia segurua da ez ziola oletarrak “nengoan”, “ta”, “Bitorian”, “utsik”, etab. esan.
Azkueren aldaketak gorabehera, pentsatzekoa da Aralarko kantari adoretsu haiek Aramaio-Oleta-Otxandio ingurukoak izan zitezkeela edo, akaso –bitxiagoa hipotesi hau–, 1923an kaleratutako hirugarren kantutegi-liburukitik bertatik ikasia izan zezaketela abestia. Edo, zergatik ez, hedadura handiagoa zuela abesti hark Bizkaia aldean.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Garate-Lizaso-Pujanaren bertsio berriak, ordea, ez zuen arrakasta gehiegirik izan, baina hainbaten oroimenean geratu zen iltzatuta, itxura duenez, eta gordetako hazitxo hori izan zen abesti egokituaren ibilaldi berriaren hasiera.
1936ko abuztuan, izan ere, hilabete lehenago gertatutako altxamendu faxistari aurre egiteko gudari-konpainia bat osatu zen Bilbon, Gasteizen fusilatutako burkide baten omenez “Kortabarria” izena hartu zuena. Felipe Bediaga buru zeukan konpainia hark Eusko gudariak –doinua eta letra, alegia– hartu zuen himno gisa.
Hilabete eskasean (irailaren 24an, hain zuzen) sortu zen Euzko Gudarosteko lehen batailoia, “Arana Goiri” izenekoa, berau ere Bediaga komandantearen agindupean. Eta fronteko lubakietara joan behar zutela eta, “Kortabarria” izandako konpainiako kideek Eusko gudariak kantatzeari ekin zioten formazioan zeudenean, gainerako burkideek (“Garaizabal”, “Etxebarria” eta “Zubiaur” konpainietakoek) martxan zihoazela ikasi zutelarik himno berria. Huraxe, beraz, abestiaren sarrera ofiziala Eusko Gudarostean. Euskal munduak laster bilakatuko zuen askatasunaren aldarri.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Gerra galdutakoan, diktadurak ezarritako debekuak ezin izan zuen eragotzi, 1970ean, Burgosko Auzi ospetsuan publikoki kantatua izan zedin. Eta diktadurak ezin izan zuen debekatu Euskal Herri osoan himnotzat agertzea politikarekin zerikusia zuten ekitaldi eta manifestazio guztietan.
1977ra arte itxaron behar izan zen Eusko Gudariak beldur gehiegirik gabe kantatu ahal izateko.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Historiaren inguruabarrak medio, bateratsu suertatu ziren jeltzaleen mundua behinolako himnoa baztertzen hastea eta, berriz, 60. hamarkadan sortutako ezker abertzaleak Eusko Gudariak bere-berea sentitzearena. Nolabaiteko patrimonializatze hartan esanguratsuak izan ziren Burgosko Auziak mundura hedatutako mezua eta irudia.
Ubide beretik zihoazen ur guztiak espainiar errege borboiak –gaur egun “emerito” ere deituak– Gernikara etortzea erabaki zuenean (1981.02.04). Ekitaldi politiko hartan ere Eusko Gudariak kantatzeari ekin zioten Herri Batasuna-ko hautetsiek espainiar monarkiaren presentziak islatu nahi zuen menperatze politikoa arbuiatzeko.
Aurrerantzean EAJk ez zuen bere magalekotzat hartu euskal erresistentziaren sinbolo gisa sortutako Eusko Gudariak abestia. Are gehiago, 1979an eratutako Euskal Autonomia Erkidegoak himno gisa euskal abesti bat hautatzera jo zuenean, Eusko Legebiltzarrean gehiengoa zeukan EAJk nahiago izan zuen bere alderdiaren ereserkia lehenestea ukitu alderdikoirik ez zeukan Gernikako Arbola edo Eusko Gudariak bera baino. Transustantziatze hartan izena ere aldatu zitzaion Sabin Aranak prestatutako himnoari: Eusko Abendaren Ereserkia.
Izenburu hanpurusegia, beharbada, zazpi herrialde historikoetatik hiru besterik hartzen ez zuen komunitate baten himnoarentzat.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Honaino, bada, Historia txikiak erakusten duen haria. Horra, orain, ikasgaia, hots, Euskal Autonomia Erkidegoaren erdi-erdian dagoen Aramaioko Oleta elizatean gordea zela Engrazia Lazkano andrearen bitartez transmititutako kanta hori; R. M. Azkuek jaso eta zabaldu zuela Euskal Herrian bizitza bermatuko zion lekukoa; Garate, Lizaso eta Pujana izan zirela kantaren azken moldaketa burutu zutenak. Eta garrantzizkoena: haien guztien artean ehundutako ahaleginak oparitu ziola Herri honi jadanik lau belaunaldik euskaldunon erresistentziaren sinbolo nazionaltzat sentitu duten kanta.