Energia-trantsiziorik bai? ez?

Abeltzaintza eta berriztagarriak bateratuta

GALDE-ERANTZUNAK  DUMMYENTZAKO

Zer da energia-trantsizioa?

Klima-larrialdiari aurre egin ahal izateko bidea. Bi xede ditu nagusiki: erregai fosilen erabilerarekin bukatzea (deskarbonizazioa) eta, haien ordez, kutsadurarik sortzen eta sorrarazten ez duten energia iturri berriztagarriak bakarrik baliatzea. 

Zer da jokoan dagoena trantsizio energetikoari dagokionez?

Bi gauza bereziki: “trantsizio energetikoak zeri erantzungo dion eta nola egingo den, hau da, zeren eta noren mesederako izango den” (M. Otero eta P. Otxandiano).

Zertan datza EAEko energia-trantsizioa?

Funtsean, EAEko lurraldeak plaka fotoboltaikoz eta aerosorgailuz betetzera mugatzen den trantsizioa da. Elektrizitatea ekoiztea deskarbonizazioaren gakotzat harturik, garai hobeagoetarako uzten du erregai fosilen kontsumoaren murrizte-politika. Desazkundea bezalako kontzeptuak ez ditu oraingoz aintzat hartzen.

Nork edo zerk oztopatu ohi du nahitaezkoa litzatekeen energia-trantsizioa?

“Transnazionalen botere ekonomikoa eta industria fosilistaren interes korporatiboa” omen dira “klima larrialdiari erantzuteko behar den trantsizio energetikoaren zertarakoa eta nolakotasuna oztopatzen ari diren bi lobby nagusiak” (M. Otero eta P. Otxandiano).

Elite al dira energia-trantsizioa bideratzen dutenak?

Ez, inolaz ere ez! Ez elite eta ez energia-trantsizio oztopatzaile. Alegia, orain arte ohartu ez denak ere erraz egiazta lezake hori baldin begiratuko balu non dituen gainezarria zaigun energia-trantsizioak motibazioak eta abiatze-motorrak, non erabakitze-guneak, nondik datozkion sustatze-funtsak, zein dituen interes nagusiak, zein duen garapen-asmoak eta plangintzak, zeri ematen dion une bakoitzean garrantzia, zein lekutan uzten dituen ingurunea eta biodibertsitatea, nolako lehentasuna ematen dion gizakiari, nekazaritzari eta abeltzaintzari, zer-nolako gizartea duen ikusmiran, nolako begirunea dion etengabe aldarrikatzen duen demokraziari, etab., etab. COP28 delakoari beste begiratu bat emateak ere aski liteke honetan eliterik ez dagoela atzematen hasteko. 

Zer-nolako parte hartzea izan dezakete herritarrek horretan oro har?

Parte-hartze aktiboa eta demokratikoa, bistan da, betiere agintari politikoen gidaritza eta babesarekin. Jarduera horretan oso ohikoa da, esaterako, poligonoen premiari buruzko eztabaidak eta argitze-bilerak egitea, hautatutako esparruen egokitasunari buruzko erreferendumak burutzea, makroproiektuen aurrean gehienetan aintzat hartuko diren alegazioak aurkeztu ahal izatea, etab.

Zertan laguntzen dute erakunde ofizialek makropoligono-proiektuak aurrera ateratzen?

Haien laguntza nahitaezkoa da energia-enpresa desberdinek behar dituzten baliabide guztiak (ekonomikoak, legalak, azpiegiturazkoak, etab.) erraztasunez eskura ditzaten. Ideologia eta interes ekonomikoak gorabehera, erakunde ofizialak beti daude prest herritarrentzat baliagarri diren zerbitzu eta egitasmo guztiak suspertzeko.

Non kokatu ohi dira EAEko industria-poligono eolikoak eta fotoboltaikoak?

Jakitunek diotenez, hiriguneetan eta lurralde degradatuetan kokatzen dira. Araba izan bide daiteke lurralde degradatuen adibide eredugarri horietako bat. Eta Bizkaia. Eta Gipuzkoa (lurralde osoa dago degradatua, egia esan). Eta Nafarroa, non leku batzuetan supazterreraino iristen baitira poligonoak jartzeko soro eta lugorri degradatuak. Momentuz, hiriburuetako orube eta teilatuek ukitu gabe segitzen dute.

Badira, halere, planifikazioetan energiaren oligopolioen interesak eta eskua ikusi nahi izaten dituzten eszeptikoak. Diotenez, oligopolioek ongien deritzen lurralde eta mendietan jartzen dira gero poligono guztiak, haiexek baitirudite aditurik adituenak eta agintari politikoekin batera trantsiziorako esparruak egokien hauta eta zuzenen ordena ditzaketenak. Ez omen dute bereizten, gainera, emankorrak eta elikagaiak ekoizteko baliagarri ote diren hartarako aukeratzen dituzten lurrak. Mendietan ez da horrelako arazorik: paisaia ederrenak eta biodibertsitate gehien dutenak dira aerosorgailuak argazkietan ateratzeko hoberenak.

Poligonoak eraikitzeko orduan, egon al daiteke aerosorgailuak finkatzeko edota materialak (palak, errotoreak, etab.) eramateko eragozpen fisiko edo orografikorik?

Ez. Arretaz planifikatua egon ohi da beti azpiegituren ezartzea, materialen garraioa eta errepideen diseinua. Kasurik okerrenetan, aldez aurretik zabaldu, zuzendu, lautu edo egokitu ohi dituzte zati horiek diru publikoaz arduratzen diren erakundeek. Aramaion jarri asmo duten poligono eolikoa dela eta, esaterako, saihesbide apropos bat atontzen ari dira Legution, betiko aurkari sistemikoak uxatzeko xedez edo, herria zeharkatzen inork inoiz ikusi ez dituen 800 ibilgailu kentzeko arrazoibidea baliatu dutelarik.

Aramaion jarriko diren palak bezalakoxea Nafarroako Alaitz mendilerrorako bidean

Zer-nolako kalteak ekar diezazkioke poligono eoliko batek abeltzaintzari?

Bat bera ere ez: beti egon ahal izango dira pare bat behi, hiru ardi eta zaldikumeren bat inguruan, belar berdearen gainean bazkan, mendizale eta argazkizaleen goxotasunerako.

Zer-nolako kalteak dakarzkio poligono fotoboltaikoak nekazaritzari?

Bat bera ere ez, poligonoak ekoizpenerako hartutako hektareak ez baitira jadanik nekazaritzarako lur. Alboan gara daiteke, nahi izanez gero, agriboltaikoa deitutako nezakaritza-mota, ahaztu gabe, noski, abereentzako abaro gisakoak ere izan daitezkeela fotoboltaikoen azpiko itzalpeak.

Zergatik dira kexu makropoligono industrial horiek jasan behar dituzten landa-komunitateak?

Haiek behar ez bide dituzten makropoligonoak inposatu egiten omen zaizkielako, eurak ere industriatik eta turismotik bizitzean gizartearekiko betebeharrik izango ez balute bezala. Are gehiago: horrelako argudio faltsuak erabiltzean, pribilegiatuak izaten segitu nahi dutela adierazten dute talde horiek. Horrekin batera, eta ebidentziaren aurka, zabaldu nahi izaten dute ez direla urbanitak eta ez dutela urbanita guztien bizitza-estiloaren usainik ere antzematen, argudioak, nola ez, betiko arrunkerietara mugatzen direlarik, hots, ez dutela kiroldegirik, gizarte-etxerik, unibertsitaterik, akademiarik, ospitalerik, taxuzko dendarik, aireporturik, edozertarako kontrata daitekeen lan-gremiorik, etab. Trantsizioaren alde ez egoteko aitzakiak baino ez, azken buruan.

Zergatik sortzen dira berriztagarrien makroproiektuen kontrako sareak eta plataformak?

“Berriztagarriak bai, baina ez honela!” aldarrikatu arren, mota askotako jendilajea biltzen da, itxura duenez, plataforma horien inguruan. Ukatzaile sistematikoak direnak. Oso posizio itxiak eta itsuak dituztenak. Bronka eta liskarrak oso gogoko dituztenak… Oro har, klima-larrialdiaren inguruko analisi sinplistak, emozionalak eta zentzurik gabekoak egiten dituztelako biltzen dira plataformetan. Eta bada dioenik ez direla dozena horretan falta ekosistema natural aberatsen zaindari sentitzen direnak eta ezta ere airea karbono-dioxidoz, berunez, PM2,5 delakoez eta bestez aberastuta arnasten izugarri gozatzen dutelako hala segitu nahi dutenak.

Kontatzen den bezain gaiztoak eta maltzurrak dira sare antagonista horiek?

Bai, zeren eta, ezin nabarmenagoa den erregai fosilen inpaktu globalean ez sinesteaz aparte, ezin konta ahala da berariaz zein oharkabean egin ditzaketen eta egiten dituzten maltzurkerien kopurua. Are gehiago, beren inkontzientzian ezin ohar badaitezke ere, daramaten kapitalismo berdearen aurkako borrokak erraz asko eraman litzake erregai fosilen kapitalismo grisak, beltzak eta moreak betiko betikotzera.

Horrenbeste jende, sare eta kolektibo al dago trantsizio energetikoaren aurka Euskal Herrian?

Euskaldunak izanik, ezin jakin daiteke Euskal Herrian energia-trantsizio arrazional, taxuzko eta demokratikoki erabakitako baten aldekorik dagoen. Alabaina, beti susma liteke energia-trantsizio HONEN kontra jende asko egotea zerbaiten sintoma izan daitekeela, aurkakoei burukoikeria, intsolidaritatea, sinplekeria, haurkeria leporatzea ez baita egoeren eta mugimenduen azterketa egiteko argudio egokiegia izaten.

Nortzuk dira berriztagarrien makroproiektuen aldekoak?

Oso jende zuhurra, testuinguruaren analisi serioak baino burutzen ez dituena eta EAEn abian den berriztagarrien hedapena zentzuduna eta ordenatua izaten ari dela sinisten duena. Gure kasuan, Nafarroa gabeko Hego Euskal Herria hartzen dute erreferentzia-esparrutzat eta, ondorioz, huraxe aerosorgailuz eta fotoboltaikoz betetzera bideratzen dituzte euren ahaleginak. Horietaz aparte, ba omen dira tartean interes ekonomiko berezirik ez duen oligopoliorik eta inolako onura korporatiborik espero ez duen enpresarik ere. Guztien artean, larrialdi klimatikoari aurre egin ahal izateko mix altruista, indartsua, aberatsa eta natura eta biodibertsitatea amultsuki zaintzen dituena osatzea lortu dute, xede eta bide zuzenak etengabe suntsitzera datozen oztopoak gaindituz eta aurkarien enbatei irmo jarkiz. Jakina, Mix moduko bat denez, ez da erraz bereizten zein diren ezkerreko jokamoldeekin dihardutenak eta zein planteamendu oligopolistikoak defendatzen dituztenak. Eta badira, nola ez, biekin irabiaki edo batido goxoak egin nahi izaten dituztenak ere.

Elkartasunik eza erakusten al du energia berriztagarriak beste leku batzuetatik ekarri nahi izateak?

Bai, guztiz intsolidarioa litzateke hori, guretzat nahi ez ditugun trantsizio-inpaktuak energia-ekoizleen bizkar geratuko liratekeelako, eta inork ez luke horrela jokatu beharko. Aurrerantzean, orain inportatzen ditugun erregai fosilak, energiak (berriztagarriak, nuklearrak, grisak), elikagaiak (tropikalak barne), txip miresgarriak, kotxeak, etab. bertan ekoitziko ei ditugu, arrazoi nagusiak bi direlarik: batetik, beste inori ez transferitzea guri dagokigun inpaktu negatibo oro eta, bestetik, burujabetza ekonomikoa, energetikoa eta industriala lortzea.

Baina ez al da objektiboki kaltegarria gurea bezalako energia berriztagarrien hedapena?

Inondik ere ez, gurean ez baitago, esan bezala, altruismoa besterik. Azpimarragarriak dira, gainera, elikaduraren alorrak horiekin lortzen dituen abantailak, gorago ikusitako planteamendu agriboltaiko solidarioek guztiz bateragarri bilakatzen baitituzte elikagaien ekoizpena –nekazaritza eta abeltzaintza, funtsean– eta trantsizio energetikoa.

Nekazaritza eta fotoboltaikoen bateragarritasuna

Ez al dago hori gorago esandakoaren aurka?

Gorago esan dena da aerosorgailuek eta fotoboltaikoek ez dietela nekazaritzari, abeltzaintzari, turismoari kalterik ekartzen, alderantziz baizik, eta biodibertsitatea aberasten dutela, eta begi-bistakoa da –barka erredundantzia– inpaktu bakarra begientzat baino ez litzatekeela. Baina horren konponbidea xinplea da: ikasi beharko genuke paisaia berriak begi berriz begiratzen, ikasi beharko genuke paisaien eboluzioa baloratzen eta huraxe ikustera ohitzen.

Zer diote EAEko trantsizioaren aldekoek desazkundeari dagokionez?

Inoiz horren premiarik balego, gure gizarte honetan gozatzen dugun ongizateak markatuko ligukeela desazkunderantz jotzeko unea. Momentuz, daukagun bizi-maila da mantendu eta landu egingo duguna eta ehundura sozio-produktiboa areagotu, horretarako erregai eta energia mota guztiez baliatu behar badugu ere. Hori bai, turismoa izan daiteke agintari politikoek desazkundearen ituan jar dezaketen arloa, batez ere erregai fosilak darabiltzaten hegazkin-bidai luzeak debekatuz, kruzeroak, etab.

Zer diote (edo ez dute esaten) autokontsumoaz?

Esplizituki esan ez, baina han-hemen jaurtikitzen dutena aztertuta, badirudi iradoki egiten dutela maila guztietan sustatu eta garatu behar dela autokontsumoa: bertakoek kontsumi dezaketena bertan ekoitzi, berdin energiak eta energia-bektoreak (hidrogeno berdea, alegia) diren, zein plaka fotoboltaikoak, kotxeak (elektrikoak, jakina), trenak, hondeamakinak, janariak, medizinak, altzairuak, koltanak edo behar den guztia. Kanpotik bakarrik inportatuko dira kanpoko ekoizleentzat inpaktu kaltegarririk ez duten gauzak. Guk sobran ditugunetatik baino ez bide diegu esportatuko haiei, solidaritatea dela eta, inpaktu kaltegarriak guretzat gordez.

Zeri deitzen zaio energiaren demokratizazioa?

Garbi ez badago ere, energiaren demokratizazioa energiaren prezioen demokratizazioa bide da. Akaso, beste modu batez esanda, makroazpiegituren bidez ekoitzitako elektrizitatearen areagotze eskergagatik merkatuan lor litekeen prezio-beherapentxoa. Ez da konfunditu behar garai bateko ezker politikoak hain gogoko zuen energiaren nazionalizazioak ekar lezakeen prezio arrazoizko, finko eta edonorentzat eskuragarriarekin.

Zer da indar politikoek horretaz diotena? 

Ezer gutxi, eta zerbait diotenetatik azpimarragarri gutxi. Honatx haietako batek emandako aholku interesgarri parea. Lehena: “kontua da behar besteko indarra izango duen botere komunitarioa eraikitzea, zentzu positiboan hartu beharreko erabakiak har daitezen, eredu ekosozial baterantz egiteko. Ekintza, aktibismo soziala, dugu xede”. Bigarrena:“Apustu egin behar da demokratikoagoak, parte-hartzaileagoak eta deliberatiboagoak izango diren prozesuen alde”. Hala biz!

Eta azken galdera: zer arraio da hainbestetan errepikatzen den NIMBY hori?

Not In My Back Yard esaldiaren akronimoa da, hots, “Nire Atzeko Lorategian Ez” (NALE). Mespretxatzeko eta ustezko intsolidaritate ekosoziala leporatzeko asmoarekin asmatua, eskuarki ingurunearen hondamendiaren aurka eta biodibertsitatearen alde diharduten komunitate eta talde antolatuei bizkarreratzen zaien sanbenitoa da. Erantsi behar da ez dela falta akronimo horri bestelako esanahi sikaliptikorik ere aurkitu izan dionik, lizunak bezain errealistak eta gordinak betiere.

Kategoria: Aerosorgailuak, klima-aldaketa. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude